Berrikuntza eta ohiturak bat eginda, saninazioetan
San Inazio jaiak ospatuko dituzte datorren astean, Laidan eta Bedaronan. Foruarrek gaur [uztailak 25] ekingo diete festari, txikiteroen egunagaz.
Uztailaren amaieragaz batera jai usaina ailegatzen da Busturialdeko zenbait txokotara. Hilaren 31n San Inazio eguna ospatu ohi da, eta hori festarako aitzakiatzat dute Foruan, Bedaronan zein Laidan. Aurten baina, foruarrek aurrea hartu, eta beste zenbat udalerritan Santiago eta Santa Ana ospatzen dabiltzala, murgilduko dira saninazioetan.
Hala, goiztiarrenak dira aurten Foruko bizilagunak, txikitero egunean batuko baitira gaur [uztailak 25], txupin txikia bota, eta bazkarian elkartuta. Herritarrek abuztuaren 1ean bukatuko den bost eguneko egitaraua dute aurretik, zeinetan ez diren “arrakastatsuak” izaten diren tortilla eta paella txapelketak edota herritarrek “beti eskatzen duten” Puro Relajoren kontzertua faltako. Aurten, “asteburu horretan beste kontzertu batzuk” daudela ikusita, Foruko Txosna Batzordeak kontzertuak egun bakarrean egitea erabaki du: abuztuaren 1ean [barikua], Gabinet, Marte Lasarte, Kaos Etiliko eta DJ Gorriontxu eta Laztana oholtzaratuko dira.
Bedaronako jaiak ere berrikuntzagaz datoz aurten, azkenaldian “apur bat beherantz” joan diren jaiak irauli, eta ideia berriekin herritarren parte hartzea bultzatzeko ilusioa duen “jai batzorde berria” eratu baitute.
I. Irrintzi Txapelketa.
San Inazio egunez egitarauan ere berrikuntza bategaz gozatuko dute, Bedaruko I. Irrintzi Txapelketa lehiatuko baitute, 19:30ean hasita. Jakinarazi dutenez, izen ematea ordu erdi lehenago zabalduko dute. “Baserri herria” izan arren, jaietan ez da herri kirolik egon urte luzez Bedaronan, eta aurten “berreskuratu” egin dituzte, Herri Kirol Desafioa antolatuz. Hala, hurreratzen direnek trontzaz (Julen Iturraspe eta Ainize Perez) , aizkoraz (Aitor Larrinaga), motozerraz (Andoni Larrinaga) eta ardi-ile mozketaz (Joseba Attard) gozatuko dute. Biak ala biak “ekintza berri eta politak” izango dira.
Akorda atzean utzita, ibarrangelutarrek Laida dute orain festarako topalekua. Eguaztenean umeentzako ekintzekin ekingo diete ospakizunei, eta arratsaldea zein gaua Eingo taldeak eta Joselontxos txarangak girotuko dituzte. San Inazio egunean, berriz, herriko Lorea Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du, tortilla txapelketari ekin aurretik. Kartetan trebeak direnek mus txapelketa ere izango dute aukeran. Bi txapelketetan aurretiaz izena eman beharko da, laidakojaibatzordea@gmail.com helbidera idatziz. Epemuga uztailaren 29a [martitzena] da.
EGITARAUAK:
EA (BEDARONA)
- Uztailak 30, eguaztena.
- 17:00. Txupinazoa, ikurrinaren igoera eta txosna irekiera.
- 18:00. Mus Txapelketa, herriko tabernan.
- 18:30. Umeen jolasak.
- 20:00. Kantu poteoa.
- 23:00. Erromeria, Sukar taldeagaz.
- Uztailak 31, eguena. San Inazio eguna.
- 12:00. Meza nagusia.
- 12:30. Nesken esku pilota partiduak.
- 13:00. Argi eta Joseba trikitilariak.
- 14:00. Herri kirol desafioa: trontza (Julen Iturraspe eta Ainize Perez), aizkora (Aitor Larrinaga), motozerra (Andoni Larrinaga) eta ardi ile mozketa.
- 18:00. Oh pera antzerkia, Zirko txosko konpainiaren eskutik.
- 19:00. Txalaparta, alboka eta deiadar emanaldia.
- 19:30. Bedaruko I. Irrintzi Txapelketa.
- 20:30. DJ Koet.
FORUA
- Gaur. Txikitero eguna.
- 12:00. Trikipoteoa, txupin txikia eta apar jaia.
- 15:00. Bazkaria.
- Ostean. DJa.
- Bihar. Umeen Eguna.
- 11:00. Umeentzako jolasak.
- 12:00. Paella Txapelketako izen ematea.
- 12:00. Xaibor diskofesta.
- 14:00. Paellen aurkezpena.
- 17:00. Sustabizen eskutik, umeentzako herri kirolak.
- 18:00. Puzgarriak.
- 21:00. Eingo taldea.
- Etzi. Nagusien eguna.
- 13:00. Meza.
- Ondoren. Urdaibai Dantza Taldeko txikitxoen emanaldia.
- 14:30. Nagusien bazkaria, zelaian.
- 19:00. Kontzertua: Puro Relajo
- Uztailak 31, eguena. San Inazio eguna.
- 11:30. Diana Foruko txistulariekin.
- 13:00. Meza nagusia.
- Ostean. Erregelak, Urdaibai Dantza Taldearen eskutik.
- 19:00. Dantzak, Galizako Do Lusco o Fusco eta Urdaibai Dantza Taldeagaz.
- Abuztuak 1. Gazte eguna.
- 12:00. Tortilla Txapelketarako izen ematea.
- 14:00. Tortilla Txapelketaren sari banaketa.
- 16:00. Lilibertsoko bertsolarien saioa.
- 17:00. Bingoa eta briska txapelketa.
- 18:00. Karro poteoa.
- 22:30. Kontzertuak: Gabinet, Marte Lasarte, Kaos Etiliko eta DJ Gorriontxu eta Laztana.
IBARRANGELU (LAIDA)
- Uztailak 30, eguaztena.
- 18:00. Umeentzako ekintzak eta jolasak.
- 20:30. Trikipoteoa, Eingo taldeko kideek girotuta.
- 22:30. Musika: Joselontxos txaranga.
- Uztailak 31, eguena. San Inazio eguna.
- 12:00. Meza
- 12:30. Lorea Ume Dantza Taldearen emanaldia, ermita parean.
- 13:30. Tortilla txapelketa, plazan. Izen ematea laidakojaibatzordea@gmail.com helbide elektronikora idatzita egin behar da, uztailaren 29a aurretik.
- Bazkalostean. Mus Txapelketa, plazan elkartuta. Izena emateko azken eguna, uztailaren 29a laidakojaibatzordea@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
- 18:30. Kontzertua: Babelian taldea.