Luis Iriondo aire zabaleko pintura lehiaketa errepikatuko dute
Domekan [uztailak 27] 09:00etatik 14:00etara egingo dute Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa. Bost sari banatuko dituzte aurten.
Laugarren urtez jarraian, Gernika-Lumoko kaleak artez beteko ditu Luis Iriondo Aire Zabaleko Pintura-Lehiaketak. Domekan egingo dute, 09:00etatik 14:00etara. Hau da, artistek bost ordu izango dituzte aire librean herriko txoko edo herritarrak margotzeko. Besteak beste, normalean udaletxe, kultur etxe eta Bakearen Museoaren inguruan elkartu ohi dira.
Sarietan 2.000 euro baino gehiago banatuko dituzte, eta epaimahaiak kalitate artistikoa, tokiko ikuspegia eta herritarren iritziak kontuan hartuko ditu bere erabakia hartzerakoan: “Lehiaketa baino gehiago, sorkuntza kolektiboko eta memoria partekatuko jardunaldi bat da. Gernika-Lumon, margotzea gogoratzeko modu bat da oraindik”. Epaimahaia, Urdaibaiko edota Urdaibai inguruko “merituzko artistek” osatuko dute. Irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 600 eurokoa eta hirugarrenak 400 eurokoa. Herriko artista baten obrarik onenak, berriz, 300 euroko saria izango du. Horrez gain, aurten berritasun modura, herritarrek osatutako epaimahaiak 300 euroko saria emango du. Azkenik, parte hartzaile guztiek opari txiki bat jasoko dute, hiribilduaren oroigarri gisa.
Arteskolak antolatutako lehiaketak 18 urte baino gehiagoko hogei artista baino gehiago biltzen ditu urtero. Luis Iriondo margolari eta 1937ko bonbardaketaren biziraulearen omenezko lehiaketa da. “Iriondo erresistentziaren eta adierazpen askatasunaren sinbolo bat da”, azaldu dute.
Herrian zehar banatuta
Ekitaldiko antolakuntza-gunea Foruen Plazan kokatuko dute ohi bezala; karpa ipiniko dute, udaletxearen eta kultur etxearen aurrean. Bertan, Arteskolako ikasleek margolari bakoitzaren kokapena adieraziko duen mapa bat diseinatuko dute, parte hartzaile bakoitza kontrolatu eta artatu ahal izateko. Era berean, lehiaketara hurbiltzen diren ikusleek margolari desberdinen kokapena ezagutu eta ibilbide artistiko bat osatu ahalko dute.
Teknikei dagokienez, mihisean olioagaz eta akrilikoagaz margotzea onartuko dute, baita akuarela edo tenika mistoak paper gainean erabiltzea ere. Oliorako eta akrilikorako, mihisearen neurriak 65×50 zentimetrokoa edota 100×73 zentimetrokoa izango dira; akuarelarako paperaren neurriak 31×41 zentimetrokoa izan beharko du, eta parte hartzaileek eurek eroan beharko dute euskarria, baita obra egiteko beharko dituzten gainerako tresnak ere. Bestalde, lehiaketan parte hartu gura dutenek askatasun osoa izango dute euren joera estetikoari dagokionez.