Euskal Selekzioa gidatzeko ardura eta erronka
Mikel Retolaza, Aiert Uribe, Gaizka Barea, Maialen Markuerkiaga, Kevin Huber eta Iñaki Rafaelek 21 urte azpiko Euskal Selekzioa zuzendu dute Eslovakiaren aurkako bi lagunartekoetan. Lointek Gernikan sortutako lagun taldeak orain, ofizialtasunaren biderako lantaldea osatu dute astebetez.
Euskal ereserkia entzutenAnder Agirre Euskal Selekzioak eta Gernikak harreman bereziki berezia izan zuten ekaineko zesta-puntako Nazioen Liga Jai Alai frontoian jokatu zenean lehen aldiz. Orain beste modalitate batean, Busturialdeko beste zenbait herritara zabaldu da harreman hori. Epizentroa Malosten dago. Hain zuzen ere, eskualdeko hainbat herritarrek saskibaloiko 21 urte azpiko Euskal Selekzioa gidatu dute Eslovakiaren aurkako bi lagunartekoetan.
Mikel Retolaza busturiarra izan da hautatzailea, Aiert Uribe muxikarra eta Gaizka Barea bilbotarra entrenatzaile laguntzaileak, Maialen Markuerkiaga gernikarra delegatu lanetan aritu da, Kevin Huber gernikarra izan da prestatzaile fisikoa eta Iñaki Rafael gernikarra fisioterapeuta. Lointek Gernikatik gaztetatik elkar ezagutzen badute ere, eta aurretik ere elkarrekin lanean aritu badira ere, Euskal Selekzioko parte izatea, eta, gainera, elkarrekin, “berezia” izan dela aitortu dute.
“Ohore eta pribilegio” hitzak erabili dituzte, Euskal Selekzioa gidatzeko aukeraren inguruan galdetzean: “Agian topiko bezala hartu daiteke, baina benetan pentsatzen dugun zerbait da; gure herrialdea ordezkatzea kirol arloan gerta daitekeen oparirik onena izan daiteke”.
Retolazak eta Uribek lau urtetan zuzendu zuten 12 urtez azpiko Euskal Selekzioa, baita Gaizka Bareak ere duela zenbait urte. Hala ere, onartu dute nagusiak zuzentzea bestelako istorio bat dela: “Goi mailako saskibaloira gehiago hurbiltzen gara, noizbait gure selekzioa ofizialtasun osoz ordezkatzetik gertuago gaudelako”. Are gehiago kontuan hartuta azken urteetan ez duela maila absolutuko selekziorik osatu. Hau da, gaur egun, maila goreneko selekzioa da 21 urtez azpikoa, “horrek dakarren erantzukizunagaz”.
Prestaketa aldetik, ezin izan dute askorik egin, astebetean elkartu behar izan dute guztia: hiru entrenamendu saio eta bi partida sei egunetan. Arazoak aurretik hasi ziren, jokalarien zerrenda osatzerakoan. Hasteko, uda garaiak beti dira zailak, oporrengatik. Gainera, euskaldun asko eta asko Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitateetan daude, eta bertan dagoeneko entrenatzen hasiak dira. Horregatik, dei asko egin behar izan dituzte hamabi jokalari hautatzeko. Bidean geratu dira, besteak beste, eskualdeko ugari.
Lehendabiziko bi saioak, gainera, Malosten egin zituzten. Alde horretatik, lantaldearen arteko ezagutzak eta laguntasunak asko lagundu ziela onartu dute. Are gehiago kontuan hartuta aurkariarekiko informazio “oso gutxi” zutela, ezer ez zutela
ez esatearren. Horrelakoetan, bakoitzarena ondo egitea da garrantzitsuagoa, besteak zer egin dezakeenarekin itsutzea baino. “Izan ditugun baldintzetarako, esan genezake ezin dela gehiago eta hobeto lehiatu”, argi dute. Bi partidak galdu zituzten arren, 53 eta 55 Zarautzen, eta 59 eta 65 Beasainen, emandako irudiagaz «oso pozik» geratu dira. Horrelakoetan emaitza gutxienekoa izan daitekeelako.
“Erronka handia” izan dela aitortu dute; azken batean, norberaren koloreak defendatzeak arduratik ere baduelako: “Alde batetik, euskal saskibaloiaren maila ona erakutsi nahi izan dugu, hau da, ahalik eta irudirik onena eman. Bestetik, Eslovakiakoekiko errespetua ere erakutsi nahi genuen, Euskal Herriraino etorri direlako Europako 20 urtez azpiko Txapelketa prestatzen, eta gure mailarik onena eman nahi genuen, Europarainoko oihartzuna zabaltzeko”.
La(gu)n taldea
Euskal Saskibaloi Federazioak hasiera batetik utzi zuen Retolaza hautatzailearen eskuetan bere lantaldea hautatzeko aukera. Ez zuen zalantza askorik izan. “Etxean baino hobeto inon ez”, esaten den bezala, lagunekin baino hobeto inon ez. Hala ere, laguntasunetik haratago, bakoitzaren “profesionaltasuna” nabarmendu nahi izan du, denek ala denek urteak daramatzatelako saskibaloiaren inguruan: “Urte asko daramatzagu elkarrekin Lointek Gernikako harrobian, ondo baino hobeto elkar ezagutzen dugu, konfiantza handia daukagu, eta nire aldetik aitortza bat ere izan da, orain arte Gernikako saskibaloiarengatik egindako lanagatik”. Dagoeneko denek klubean jarraitzen ez badute ere, bakoitzak bere bidea hartzen duelako, Malostegaz oso lotuta jarraitzen dute. Orain hain modan dagoen remember bat egiteko aukera izan da.
Ofizialtasunaren aukeraz galdetuta, “faktore asko” jokoan sartzen direla diote: “Guk behintzat gure ekarpen xumea egiteko aukera izan dugu”. Politikak dena ukitzen duela kontuan hartuta, batek daki noraino heldu daitezkeen.
Hala ere, erakutsi nahi izan dute euskal saskibaloia “osasuntsu” dagoela eta edozeinen kontra lehiatzeko gai dela: “Erakutsi dugu nazioarteko herrialdeen aurka begietara begira lehiatzeko gaitasuna dugula, eta zergatik ez, pauso txikiak ematen jarraituta, noizbait Euskal Selekzioak ofizialki babestuko ditugu”. Hori lortzea gero eta hurbilago dago.
