Axpeko plaza, eskualdeko kirolarientzat
Busturiko Harri Berri Elkarteak Busturialdeko Harri Jasotze Txapelketa antolatu du estreinakoz. Zapatuan [uztailak 28] jarri dute hitzordua Axpen, Santiago eta Santa Ana jaien baitan.
Herri kirolak errotutako tradizioa dira Euskal Herriko hamaika txokoetan, herrikideak plaza eta probalekuetan elkartzeko bitarteko izan direlako hamarkada luzez. Busturia ez da salbuespena, 1971an ekin baitzioten herriko astoak hartu eta probetan elkartzeari. Busturia Herri Kirol Elkartea izenpean, horiek gauzatzeko jabetzako harririk ez zutenez, alokatu egin behar izaten zuten, 1980. urtean erosi ahal izan zuten arte. Denborak aurrera egin ahala, ordea, herri kiroletan ere gauzak aldatuz joan dira: batetik, Busturia Herri Kirol Elkartea Busturiko Harri Berri Elkartea bikatu zen eta, bestetik, gaur gaurkoz jai eta ekitaldietan animaliekin egindako probak badaude ere, gizon eta emakumeak dira herri kiroletan protagonista nagusiak.
Garai edota joera aldaketa ikusita, eta elkartearen izateko arrazoian diren idi-probak guztiz baztertu barik, eta Sustabiz Fundazioaren lanari esker lortutako “gorakada” baliatuta, Santiago eta Santa Ana jaiei begira, Busturialdeko Harri Jasotzaile Txapelketa antolatzea erabaki dute Harri Berrikoek: I. Harri Berri Elkartea Saria. Etzirako [uztailak 26] jarri dute hitzordua, 18:00etan, Axpen.
Bi mailatan lehiatuko dira, emakumezkoak alde batetik eta gizonezkoak, bestetik. IIzen ematea “parte hartu nahi zuen edonorentzat” zabaldu zuten, eta erantzunagaz “pozik” agertu da: “Busturialdean hamar lagun elkartzea asko da”. Izan ere, “bizpahiru” emakume aurreikusten zituzten, eta lau izango dira plazaratuko direnak: Leire Olea eta Leire Astoreka gernika-lumotarrak, Zihara Zabala foruarra eta Amaia Mendinueta mundakarra. Gizonezkoetan, bestalde, bost harri jasotzaile izango dira parez pare arituko direnak: Engels Bello busturiarra, Mikel Ugalde eta Unai Ortega bermeotarrak, Eneko Bilbao kortezubitarra, Gari Elorriaga gernika-lumotarra eta Jon Onaindia mendatarra.
Harri Berri Saria hasieran Bizkaiko Harri Jasotzaile Txapelketa legez aurkeztea pentsatu zuten, baina horrek parte hartzaile gehiago erakarri eta “bertokoei protagonismoa kentzea” suposatu zezakela pentsatu zuten: “Agian hamar etorriko ziren maila bakoitzean, baina Sustabizen bultzada aprobetxatuta, ingurukoei plaza eskaintzea erabaki dugu. Guztiz konforme daude Busturialdeko txapelketagaz eta parte hartzaileekin”.
Harri berria.
Emakumezkoak lehiatuko dira lehenengo, bost minutuko txandatan. 72 kiloko harria erabiliko dute, elkarteak “erosi berri” duena: “75 kilokoa izango genuen, horrela eskatu genuelako, baina 72 kilora bajatu da. Proba ondo badoa, datorren urtean agian beste hiru edo bost kilo gehituko dizkiogu”. Gizonezkoek, bestalde, 103 kiloko harria altxatu beharko dute, bost minutuko txandatan.
Lehenengo txanda amaitu eta gizonezkoak hasi aurretik, baina, Harri Berri Elkarteak antolatutako eta Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakuntzak babestutako Bizkaiko Gizonezkoen Lasto Jasotze Txapelketa egingo dute. Hiru izango dira parte hartzaileak: Arratzuko Piratak Herri Kirol Klubeko Xabat eta Bingen Erleaga eta Getxo Herri Kirol Taldeko Beñat Amade. Elkartetik azaldu dutenez, Bizkaiko txapelketa “jardunaldi bakarrera” egiten da, ez direlako parte hartzaile asko egoten; hala, Busturian nagusitzen denak jantziko du Bizkaiko Lasto Jasotze Txapelketako txapela.