Guggenheim Urdaibai Muruetan egiteak sortzen duen "ezinegon handia" jaso dute entzute prozesuan
Entzute-prozesua hasi zutenetik jasotako erantzunetan oinarritutako patroi narratiboa zein lehenengo ondorioak jakinarazi dituzte gaur [uztailak 23] Agirre Lehendakariako ordezkariek, Gernikako Elkartegian. Txostena abendurako bukatuta izatea espero dutela aurreratu dute.
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Busturiadea-Urdaibairen etorkizunari buruzko entzute-prozesua egingo zutela iragarri zuten otsailean; gaur [uztailak 23], prozesua aurrera eramateko ardura duen Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendari Gorka Ispiauk eta Itziar Moreno zuzendarikideak eztabaida ulertu eta aberasteko “ahalegin zintzoa” den aurretiko txostena aurkeztu dute, Gernikako Elkartegian. Bertan, orain arte egindako 500 elkarrizketa baino gehiagotik, interpretazio kolektiboko bost saioetatik eta Giza Garapen Iraunkorrari lotutako eragileen eta ekimenen “mapatze zehatzetik” identifikatutako “bost narrazio-patroiak” eta gaur arte ateratako ondorioak azaldu dituzte, eta, besteak beste, balizko museoa Muruetan kokatzeak parte hartzaileen artean “ezinegon handia” sortzen duela zehaztu dute, besteak beste, bere “ingurune zein balio historkiko eta kulturalagatik”.
Hala, txostena “abendurako amaituta izatea” espero dute, ondorio zehatzen aurkezpena “urtarrilaren hasieran” egiteko.
Jasotako erantzunagaz “positiboki oso harrituta” agertu da Ispiau, eta alderdi guztien partetik “jarrera eraikitzaileak” jaso dituztela nabarmendu du: “Harreman oso errazak eta positiboak izan dira agente guztiekin, bai erakundeekin, bai alderdi politikoekin, bai udal guztiekin eta, bereziki, Guggenheim Urdaibai Stop plataformarekin”. Plataformagaz izango elkarrizketa “oso positibotzat” baloratu du, plataformakideentzat prozesu horretan parte hartzea “ez zela erraza” zehaztuta: “Benetan baloratzen dugu bide honetan jasotako erantzuna”.

Bestalde, eskualdearen etorkizunari dagozkion jarrerak islatzen dituen bost narrazio-patroiak “ez direla ez homogeneoak, ez itxiak” zehaztu du Morenok: “Adin, genero, ideologia eta lanbide anitzeko ahots pluralak biltzen dituzte, argudio, kezka eta antzeko lehentasunak partekatuz”. Halaber, jasotakoak patroi definitiboak ez direla zehaztu du, datozen hilabeetako lanak patroi horiek “sakondu eta aberastuko” dituelako. Era berean, bildutako informazioa “emaitzen aurrerapena” izan arren, txostenak patroi horien prebalentzia ez duela adierazten ulertzea “oso garrantzitsutzat” jo du.
Parte hartze plurala.
Ispiauk lehen faseko parte hartzea “oso plurala eta aktiboa” izaten ari dela zehaztu du: “Gainera, hurrengo hilabeteetan elkarrezkatuko ditugun beste 400 pertsona identifikatu ditugu”. Narratibak prozesu horretarako gaitutako plataforma digitalean irakur daitezkela gogoratu du, pertsona horiek Agirre Lehendakaria Centerrengan erakutsitako “konfiantza” eskertuz eta parte hartu gura ez dutenak “biziki errespertatzen” dituztela zehaztuta: “Gure helburua da batzuen eta besteen iritziak sakon ulertzen saiatzea eta haien ikuspegia txosten honetan islatzea”.
“Lehen, modu positiboan interpretatzen zen garapen-bidean dagoen eskualde batera bisitariak erakartzea; gaur egun, berriz, askoz ikuspegi kritikoagoa dago”
Eskualdearen etorkizunari buruzko entzute-prozesuaren barruan, Guggenheim Urdaibai proiektuaren kokapena “kontu zentrala” da. Izan ere, kultura egitura berriak garatzeko aukeraren aurrean, ondorioztatu dute “ez dagoela aurrez aurreko aurkakotasunik”, profil ezberdinetan arbuioa sortzen duena Muruetan kokatzea dela zehaztuta: “Frikzio sinbolikoa bihurtu da, komunitatearentzat ingurumen, historia eta emozio balioz betea”. Hala, balizko museoaren kokapena, dimentsioa eta izaera birplanteatzeak “eztabaida berrabiaraztea” ahalbidetuko lukeela azaldu du zuzendariak. Identifikatutako patroi gehienentzat “sakoneko eztabaida” Busturialdeko garapen ereduagaz lotuta dago, eta “turismo eredu berri bat” eskatzen dute, etxebizitza eta garraio arazoei irtenbidea emanez. Azken hamar urteetan euskal gizarteak “turismoaren balioa” ulertzeko modua aldatuz joan dela esatean denek bat egin dute: “Lehen, modu positiboan interpretatzen zen garapen-bidean dagoen eskualde batera bisitariak erakartzea; gaur egun, berriz, askoz ikuspegi kritikoagoa dago”.

Halaber, kultura-industrietan “espezializatuagoak” diren narratibek museo proiektuaren “argitasun eta definizio handiagoa” eskatzen dute, azpiegituren eduki eta egokitasunez gutxi hitz egin dela uste baitute: “Elkarrizketatuek eraldatzeko bokazioa duen proiektu estrategiko ororekin identifikatzeko eta eskualdearen identitatearekin lortzeko beharra erakutsi dute”. Sektore horrentzat arte eta naturaren espezializazioak ez luke abangoardiako euskal arte garaikideak presentzia handiagoa izateagaz bateraezina izan behar.
“Pertsona migratuen iritzi gehiago jasotzea falta da oraindik, baita pertsona gazte eta zaharren eta lurraldeko kultura-eragile nagusien ikuspegia hobeto ulertzea ere”
“Alborapen metodologikoaren garrantzia” ere azpimarratu du zuzendariak: “Elur-bolaren prozesuaren bidez, interesatuenen eta aktiboenen iritziak jasotzen dira, eta beraz, azken emaitza desitxuratu egin daiteke”. Datorren hilabeteetan ikusiko dute ereduak berresten diren edota zuzenketak sartu beharko dizkioten: “Gure ustez, pertsona migratuen iritzi gehiago jasotzea falta da oraindik, baita pertsona gazte eta zaharren eta lurraldeko kultura-eragile nagusien ikuspegia hobeto ulertzea ere”. Hala ere, identifikatutako bost narratibek bat egiten dute proiektuari buruz informazio nahikoa egon ez dela eta horrelako ekimenei ekiteko modua “birplanteatu” behar dela esatean. Horregatik, euskal erakundeei informazioa “denbora errealean” partekatzeko eskatu diete, gardentasunak urrats desberdinei buruzko “kezkak uxatu” ditzakeelako.
Bilakaera positiboa.
Bestelako eztabaida soziala gerta daiteken modura, museoaren zabalkundeari buruzko iritzi publikoak adierazteko “nolabaiteko zailtasuna” egon daitekeela ondorioztatu dute; beraz, horregatik, entzute-prozesuak aldeko eta kontrako profilak bereizteko “gai horietan sakondu” beharko lukeela adierazi du Ispiauk: “Entzute prozesuak ahalegin berezia egin beharko du balizko narratiba ezkutu horiek identifikatzeko”.
Hala ere, desberdintasun eta ñabardurak gorabehera, narratiba guztiak Giza Garapen Iraunkorrarekiko konpromisotik eraikitzen direla azpimarratu du: “Biosfera erreserba bultzatzeko lanean hamarkadak daramatzaten pertsonen ustez, bilakaera oso positiboa gertatu da eskualdean. Lehen, biosferaren erreserba deklaratzea garapen ekonomikorako balizko oztopo gisa ikusten zen, eta narratiba honek bilakaera positiboa izan du”. Gaur egun, iritzi kontrajarriak egon arren, “patroi komunak” aurkitu dituzte, antzeko argudioak erabiltzen dituztenak: “Nabarmentzekoa da ez dugula ez klima aldaketaren kontrako, ez Giza Garapen Iraunkorreraren markotik kanpoko narratibarik jaso”.
“Turismo eredua kritikatzen dugu, baina gero ahal dugun neurrian gure inguruan edo beste leku batzuk bisitatzen ditugunean, etekina ateratzen dugu”
Hala ere, Agirre Lehendakaria Centerretik narratiba guztiek kontraesanak dituztela zehaztu dute: “Turismo eredua kritikatzen dugu, baina gero ahal dugun neurrian gure inguruan edo beste leku batzuk bisitatzen ditugunean, etekina ateratzen dugu”. Horregatik, entzute prozesuak kontraesan horiek “bistaratzeko eta naturaltasunez onartzeko” aukera ematen duela adierazi dute. Modu berean, gogoratu dute prozesua “ez loteslea” izan arren, “zilegi bezain arrazoizkoak” diren galdera eta iradokizunak antzeman dituztela, eta erakundeei dagokiela horiek baloratu eta iritzien edota etorkizunean izan ditzaketen jardueren berri ematea: “Entzute sakonaren ikuspegiak ez du erabakia ordezkatzen, baina denboran iraungo duten politika publikoak diseinatzeko oinarria eskaintzen du, herritarren zentsu-esparruak ulertzeko ahalegin berezia egiten baitute. Maila sakonago batean, eskualderako zer garapen eredu nahi dugun eztabaidatzeko aukera ematen digu”.
Eskualdeko patroi narratiboak.
Lehenengo patroi narratiboa Bilboko Guggenheim museoa handitzearen aurkakoa da, eta “eskualdeko museoaren balizko handiagotzearen aurkakotasun frontalena adierazten du”. Patroi horren helburu nagusia da proiektu horren gauzatzea saihestea, eta eztabaidaren erdigunean jarri beharko litzatekeela deritzo, “euskualdearen garapenarekin lotutako beste gai garrantzitsu batzuk dauden arren”. Nabarmendu dute, lehen taldearen barruan belaunaldi, genero, okupazio, ideologia eta posizio ezberdinak elkartzen direla eta argudioak “sendoak” direla: “Horiek diotenez, museoa Muruetako hezegunean kokatzeak ez du indarrean dagoen legedia errespetatzen, ez dago proiektuari buruzko informazio nahikorik eta erabakiak herritarren borondatearen aurka hartu dira”.
“Hirugarren patrokikoen ustez, instituzioek erantzukizun eta zilegitasun demokratikoa dute ekimen-traktore eta disruptiboak planteatzeko”
Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurka egon arren, eztaibaida Busturialdearen garapenean zentratzea “beharrezkoa” dela uste dutenek osatzen dute bigarren patroia. Jasotako narratibek Urdaibai “geldi eta gainbeheran” dagoela deritze, eta instituzioek Eskualdeko Plan Estrategiko berrian aurkeztutako proposamenak eta lehentasunezko jarduera-eremu izendatu izana ezagutu arren, “inbertsio ekonomikoa nahikoa ez dela” diote. Hirugarren patroia, berriz, museoaren alde daudenek ordezkatzen dute, eta beraien argumentu nagusia da gainbehera egoera baten aurrean “iniziatiba hartu” beharra dagoela: “Horien ustez, instituzioek erantzukizun eta zilegitasun demokratikoa dute ekimen-traktore eta disruptiboak planteatzeko. Argudiatzen dute berria beti zalantzan jartzen dela, funtzionatzen duen arte; egoera Bilboko Guggenheimarekin gertatu zenarekin alderatu dute”.
Iritzi guztiz definitua ez dutenak eta museoaren inguruko posizionamendua “ekimenaren garapenaren arabera” hautatuko luketenak osatutakoa da laugarren patroi narratiboa. Beste patroiek bezala, “informazio faltaren kritikatzen” dute. Bosgarren eta azken patroiak, bestalde, ‘Nire iritziak ez du ezer aldatuko’ uste dutenak biltzen ditu: “Batez ere, parte hartze prozesuekiko eta prozesu instituzionalekiko ezintasuna, desafekzioa eta eszeptisimoa adierazten duten pertsonek irudikatzen dute”. Talde horrek ziurtzat hartzen du instituzieok erabakia aurretik hartuta dutela eta parte hartzeak “ez duela zentzurik”.
“Narratibek aurrera begirako agertokiak eraikitzeko aukera emango digute”
Elkarrizketa gehiago.
Lehenengo txostena aurkeztuta, Agirre Lehendakaria Centerretik “oraindik behar adina ordezkatuta ez dauden ahotsak” sartzeko lanean jarraituko dutela iragarri dute, tartean, gazteenak, adinduenak, migratuenak, arrantzaleenak, ostalaritzako profesionalenak edo kultura-alorreko pertsonenak: “Guztira, banakako 1.000 narratiba bilduko ditugu”. Gainera, ikerketak aurrera egin ahala, “profilak finduz” joango dira, “eskualdeko bizitza sozial, politiko eta kulturala egituratzen duten narratiben ulermena eguneratuz”. Aditzera eman dutenez, bildutako informazioak dimentsio intersekzionalak identifikatzeko aukera emango du, adina, generoa, hizkuntza eta abar gurutzatuz.
Ondorioetan patroi narratiboen “azterketa sakona eta sistematikoa” egitea proposatu dute, horri esker ekintzarako arrakalak, sinergiak eta proiekzio estrategikoak detektatu daitekezkeelako. Abendura bitartean, gainera, orain arte jasotako narratiben denboraren arabeko bilakaera aztertuko dute, diskurtso berririk agertzen den egiaztatzeko: “Narratibek aurrera begirako agertokiak eraikitzeko aukera emango digute”.
Urtea amaitu aurretik, Agirre Lehendakari Centerrek AC4-Columbia Universityrekin lankidetzan “nazioarteko adituen mintegia” egingo du, lehen emaitzak kontrastatu eta analisia ikuspegi berriekin aberasteko asmoz.