Ibaitik itsasora, Izarotik Gazara
Izaroko itsas hondotik Palestinarainoko bidea egin du aurtengo Madalen eguneko teilak. Bermeotar, elantxobetar eta mundakarrak beren egutegietako egunik esanguratsuenetakoa, esanguratsuena ez bada, goi-goitik ospatzen ari dira gaur [uztailak 22].

Haritzetik olibondora. Ibaitik itsasora. Bermeotik Palestinara. Izaroko itsas hondotik Gazara. Busturialdeko herritarrak —bermeotar, elantxobetar eta mundakarrak bereziki— Madalen eguna ospatzen ari dira gaur [uztailak 19], eta zelan ospatu, gainera. Goizean goiztik, kaleak herritarrez gainezka esnatu dira Bermeon, oraindik atzoko Baztarreko jaien lurrinez. Udalbatzak Goiko plazan eduki du urteroko hitzordua, Alkate soinua entzuteko. Lehen ordutik, begibistakoa izan da Madalen eguna herritarren artean egun garrantzitsua eta adierazgarria dela; bermeotarrak mahonez jantzita agertu dira han-hemen, eta herrigunearen luze-zabalean jaietako zapiak ageriko izan dira.
Madalenetako mezua, urtero-urtero berezi askoa baldin bada, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak argi utzi du aurtengoak esangura “are bereziagoa” daukala: teilak, izan ere, Bermeotik Gazara mezua idatzita eduki du, palestinar herriarekiko elkartasun eta solidaritate keinu modura. Bermeoko itoginak Izaroraino heltzen badira, beraz, aurtengoek Palestinarainoko bidea egin dute. Alkateak palestinar herria pairatzen ari den “sufrimenduaren eta injustiziaren aurkako oihua” egiteko beharra azpimarratu du: “Gaur, itsasoaren bihotzetik, isiltasuna apurtu gura dugu; teilak olatuak gurutzatzea eta sufrimendua arintzea helburu du. Munduak aldarrikatzen duen bake gogoarekin bat egin nahi dugu”.
Nadia Nemeh Shomaly: “Itsasoaren bihotzetik, isiltasuna apurtu gura dugu; teilak olatuak gurutzatzea eta sufrimendua arintzea helburu du”
Madalen egunaren sustraian dagoen ohiturak dio bermeotarrek Izaro uhartea beraien jabetzapekoa dela frogatzen duen efemeridea dela. Nemehk, hain zuzen, adierazi du “sinesten” dutela Palestina “Palestinan bizi direnen lurra” dela eta, alde horretatik, aitzatetsi du “euren lurra euren izaeraren zati” dela; funtsean, “euren nortasuna euren herrian eta libre eraiki behar dutela”. Hala, teilak bakearen eta askatasunaren aldeko hautua irudikatzen duela nabarmendu du: “Gaur alkate modura teila jaurtiko baldin badut ere, teilak neure eskuetatik alde egiten duen unean, bere bake eta askatasun mezua herritarron hegoekin joango da Palestinaraino”.
“Gaur, alkate modura teila jaurtiko baldin badut ere, teilak neure eskuetatik alde egiten duen unean, bere bake eta askatasun mezua herritarron hegoekin joango da Palestinaraino”
Herria, aldarrigune.
Herritarrek bat egin dute aurtengo aldarri nagusiagaz: bai Goiko plazatik Alde Zaharrera nahiz portura, bai itsasontzietan, Palestinako banderak edonon ikusi ahal izan dira, itsasoan olatuak nola. Kausa hori ez da, edozelan ere, aldarrirako bakarra izan: Guggenheim Urdaibai Stop herritar plataformako kideek Santa Eufemia elizaren aurrealdean eduki dute hitzordua, eta udalbatzaren kalejiragaz bat egin dute, bertatik pasatu direnean. Herritarrek txalo zaparragaz hartu dute museo makroproiektuaren aurkako mezua.
Izaro parean ailegatu da eguneko gailurra. Izaro irlaren punturik garaienean, hala Bermeoko bandera, nola ikurrina altxatu dituzte, eta orduantxe iritsi da esperantzaren aldeko eta sarraskiaren aurkako teila Kantauri Itsasoaren hondora bidaltzeko unea. Ohiturari jarraiki, “Honaino ailegaten diez Bermioko itxuginek” esaldia oihukatu du alkateak, eta teila olatu artera jaurti. Handik, Elantxoberako bideari ekin dio itsas segizioak.

Egurrola eta Nemeh, makilak trukatuz.
Portu eremuan, Bermeoko udalbatzak zain eduki du Elantxobekoa, Patxi Egurrola Goiogana alkatea buru. Ibarrangeluko gobernu taldea ere bertan izan da, besteak beste. Lehorreratu bezain pronto, besarkada batean bildu dira Egurrola eta Nemeh, eta aginte makilak trukatu dituzte. Handik, kalez kale eta Kankinkabara txistulari taldearen doinuz girotuta, taldeak Elizabarrirainoko tartea egin du. Bertan, hiru alkateek —Bermeo, Mundaka eta Elantxobekoak— ohorezko aurreskua jaso dute. Amaitzeko, herritar denak, gaztxe zein nagusi, dantza betean ibili dira.
Arratsaldeko egitarauaz.
Arratsaldean, udal korporazioek Elantxobetik Mundakarako bidea egingo dute, han ere harrera ofiziala izango baitute, eta berriro Bermeora bueltatuko dira. Iluntzean, Betijai fanfarrea arduratuko da Bermeoko kaleak girotzeaz. Ordezkaritzak Portuzarretik Goiko plazara bitarteko bidea egingo du lehenik, eta, Bermeoko bandera nahiz ikurrina jaso ondoren, San Migeleko eskaileretara jaitsiko da. Gaualdian, 20:00retatik 01:00etara, Portuzarrean Puntu Morea ipiniko dute, informazioa edota aholkularitza emateko; sexu erasorik balego, laguntza ere emango dute bertan.


























































































































































































