Ortube, Bizkaiko lehen museo nabigagarri bihurtzeko bidean
Ortube arrantza ontzia zaharberritzeko proiektuaren azken faseari ekin diote, Bermeoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Ortube Ontziaren Lagunak Elkarteak eta Itsasmuseumek sinatutako lankidetza-hitzarmenagaz. Lanak 2026. urtearen amaieran amaituta egotea aurreikusten dute.

Bermeoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Ortube Ontziaren Lagunak Elkarteak eta Itsasmuseumek Ortube arrantza-ontzia berreskuratu eta zabaltzeko zaharberritze proiektua amaitutzat emateko lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Ortube XX. mendean Bizkaian izandako “eraikuntza-garapenaren adibide” izateaz gain, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan nabigatzeko moduan dagoen tamaina handiko zurezko azken hiru ontzietako bat da. Hitzarmen berri honek zaharberritze-proiektuaren azken fasea martxan jartzea ahalbideratuko du, 2026. urtearen amaieran “Bizkaiko lehen museo nabigagarria” bihurtuz.
Ortube udalaren jabetzako da, eta aldundiak 2018az geroztik ontzian egin diren zaharberritze lanetako batzuk finantzatzen lagundu du. Orain, hitzarmen berriren bidez, 100.000 euroko inbertsioa egingo du “Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan oraindik nabigatzeko moduan dauden tamaina handiko zurezko azken hiru ontzietako bat” berreskuratzeko lanen zati bat finantzatzeko eta “itsas-ondarea kontserbatzen laguntzeko”.

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak Ortubek Bermeoko udalerrirako zein Bizkaiko Lurralde Historikorako duen “balio-historiko kulturala” azpimarratu du: “Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako lehen museo nabigagarria errealitate izatea nahi dugu, belaunaldi berriei eta bisitatzen gaituztenei gure itsas ondarearen eta ondare ekonomikoaren aberastasuna eta gure sustraiak transmititu ahal izatea”. Proiketu hori Ortube Ontziaren Lagunak Elkartearen lanik gabe “ezinezkoa” litzatekela nabarmendu du Arrizabalagak.
Ontziaren berriztatze eta zabalkuntzarako proiektuaren administrazio- eta aurrekontu-kudeaketak udalaren esku jarraituko du: “2016an Ortube Ontziaren Lagunak Elkarteak birgaitze-lanak hasi zituenetik, Bermeoko Udalak aktiboki babestu du ekimena, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Itsasmuseumekin eta hainbat enpresa pribaturekin batera”, azaldu du Nadia Nemeh Bermeoko alkateak. Halaber, guztien helburua “Ortubek berriz nabigatu ahal izatea” dela gogoratu du, Bermeorako kultura-, hezkuntza- eta turismo-garapenean “elementu aktibo” bihurtuz: “Ortube gure arrantza-historiaren ikur bizia da eta tokiko gazteentzako hezkuntza-motorra. Erakundeen, boluntarioen eta prestakuntz-zentroen inplikazioarekin, itsasontzia berreskuratzeaz gain, gure nortasuna eta etorkizuna berresten ari gara. Ortubek berriro nabigatuko du, bai, baina esanahi eta horizonte partekatu berriekin kargatuta”.
Lanen zuzendaritza teknikoaren ardura izaten jarraituko du, Ortube Ontziaren Lagunak Elkartagaz lankidetzan. Arrantzaleen Museotik ontzia bisitatzeko eta zabaltzeko programaz, berriz, BizkaiKOA foru erakundea arduratuko dela iragarri dute.
Lotura historikoa. Madalen egunaren atarian, Ortube ontzia azken urteetan Izaro, Elantxobe eta Mundakara joateko bakarrik erabiltzen zela gogoratu du Nemehk: “Lotura historiko horrek bere ondare- eta emozio-balioa indartzen ditu. Horregatik, gaur egun, Ortube berriztatzeak, itsasontzi bat berriztatzeaz gain, oroimen bizi bat ere berreskuratzen du, Bermeoko tradizioen eta imajinario kolektiboaren bihotzean kokatzen dena berriz ere”.

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Ortube ontzia Bermeoko Muruaga ontziolan egin zen, eta 1978an uretaratu zen lehenengoz. Urteak aurrera egiteagaz batera, azken mendeetako Bermeoko arrantzaren, jendearen eta herriaren historia ezagutzeko “balio bereziko elementu” bilakatu du. 1999an jabeek “baja emateko konpromisoa” sinatu zuten eta urte batzuk geroago, 2003ko urriaren 5an udalak eskuratu zuen, “ontziak ontzigintzaren eta kostaldeko arratza- eta bizitza-moduen ikur gisa zuen garrantziagatik”.
2016az geroztik, ontzitegi-orga batean dago Ortube; izan ere, urte horretan “behehalako hondoratze-arriskua” ikusita, udalak lehorrean jarri zuen. Geroago, Ortube Ontziaren Lagunak Elkartea sortuko zuen “hamabost lagun inguruko talde batek” beregain hartu zuen ontzia berreskuratzeko erronka, eta boluntario legez lanean dihardute geroztik. Azaldu dutenez, elkarteko kideetako bakoitzak bere ezagutzak partekatzen ditu berriztapenari aplikatu dakizkiokeen eremu edo lankidetza zereginetan. Zaharberritze proiektua eratzean, arrantza ontzi bezala jardunean egondako “azken etapako egoerarekin ahalik eta fidelena” izatea bilatu da, ekipo, upeltegi eta bizilekuetan “aldaketak saihestuz” eta gaur egungo araudia betetzeko “nahitaezkoak” diren egokitzapenak soilik eginda.