Elkarlanean antolatu eta gozatutako jaiak
Alde Zaharrako Kabidxe Gune Sozialaren 10. urteurrena ospatuz hasi zituzten barikuan [uztailak 18], Bermeon. Gaur [uztailak 21] Baztarreko jaietan murgilduta dabiltza herritarrak.

Biharkoa egun handia da bermeotarrentzat, Madalen egunean batuko direlako. Egun bakarreko ospakizuna da herritarren gehiengoarentzat, ez ordea, Alde Zaharreko eta Baztarreko bizilagunentzat, barikutik festaren olatutik jaitsi gabe baitaude. Izan ere, bigarren urtez Bermeoko Txosna Batzordeak, Kabidxe Gune Sozialak eta Baztarreko Kale Katuek elkarlanean prestatutako Alde Zaharreko jaiak ospatzen ari dira.
Baztarreko jaiak Madalen bezperako ohiko hitzordua dira bermeotarrentzat, eta gaur [uztailak 21] ere begiratoki parean elkartu dira. Goizetik txupina botata, “denentzako” txokolate jana eta umeentzako jolasak antolatu dituzte, eta umeek, besteak beste, marrazketarako duten trebetasuna erakusteko aukera eduki duten. Horrez gain, Trakamatra taldearen Matraka Culinary Center ikuskizunagaz ere gozatu dute.
Urteroko ohiturari jarraituz, Kanta Kanta Lorue eta Kankinkabara Txistulari Taldeak markatutako erritmora, kalejira egingo dute arratsaldean. Aurten, baina, berrikuntza legez, auzoan bizi den Chris irlandarrak kontzertua eskainiko du, bere kide Jamesekin batera. Baztarreko jaiak Madalen eguneko goizaldera arte luzatzearen ardura Indabe eta Frio taldeen esku geratuko da.
Tratu Onen Dekalogoa.
Bariku [uztailak 18] eta zapatuan [uztailak 19] Goiko Plazan batu dira. Izan ere, jaiak baliatu dituzte Kabidxeren 10. urteurrena ospatzeko. Urtemuga aprobetxatuta, gune soziala osatzen duten hamazortzi eragileak “izaera berria eta errespetuzko elkarbizitza eraikitzeko prozesu parte hartzailea” lantzen aritu dira, Kabidxe “anitza, inklusiboa, parte hartzailea, feminista, euskalduna, errespetuzkoa, ekologista eta elkartasunaren aldekoa” eraikitzeko. Bariku arratsaldean lanketaren emaitza aurkeztu zieten herritarrei: Tratu Onen Dekalogoa.

Argazkia: Leire Asensio
“Kabidxeko balioak, izaera eta gure arteko elkarbizitzarako bideez hausnarketa kolektiboa eta adostasunak landu ditugu”, azaldu dute. Halaber dekalogoa “bizirik” dagoela zehaztu dute, “kolektiboki” hausnartzen, baloratzen eta gaurkotzen joango direlako: “Elkarbizitzarako gida da”. Gida Kabidxen erabiltzen dituzten lau hizkuntzetan landu dute, “beti ere euskara eta euskal kultura zainduz eta landuz”.
Faxismoak eta eskuin muturrak egunerokotasunean “gero eta indar eta presentzia handiagoa” izatea oinarri hartuta, “komunitarioki elkartzea eta saretzea inoiz baino garrantzitsuagoa” dela nabarmendu dute Kabidxetik: “Errespetuzko elkarbizitza, indarkeriarik gabeko gizarte anitza, eta aldi berean, euskara zein Euskal Herriko eta Bermeoko kultura sustatzea posible dela argi dugu”. Horren isla, dekalogoaren aurkezpena amaituta, gune sozialeko ateak ireki zituzten, herritarrek hamar urteko ibilbideko argazki erakusketa ikusteko, eta jendeak “oso ondo” erantzun zuen.
“Jende anitza”.
Zapatuan ere dozenaka herritar bildu ziren tokiko eragileen azokan: “Eragileen azoka egon zen materialak saltzeko eta hur-hurrekoek barazkiak ere saldu zituzten, gero kozinatzeko”. Gainera, bertaratu zirenek udalak eta Uemak deitutako elkarretaratzeagaz bat egin zuten, Euskararekin bat lelopean. Eguerdian, munduko arrozak auzo bazkaria egin zuten, bakoitzak “bere erara” kozinatuz: “Senegaldar talde bat egon zen, baita beste gazte talde bat ere… kuadrilla batzuk elkartu ginen”. Arratsaldea girotzeko, tribial jokoan batu ziren: “Kuadrilla guztiak nahastuta, nahiko ekintza integratzailea izan zen. Galderak inklusiboak izan ziren, bakoitzak bere gaian erantzuten jakin zezan”. Eromena DJaren sesioagaz agurtu zuten gaua, eta antolatzaileak “pozik” agertu dira egunak utzitakoagaz: “Polito joan zen, jende anitza batu zen”.
Atzo [uztailak 2o], berriz, Gaztelu izan zuten auzotarrek topaleku. Asier Herranz Samidoun preso palestinarren aldeko nazioarteko antolakundeko kideak Palestinar Erresistentzia: Etorkizuna borrokatzen hitzaldia eskaini zuen. Azahara Hag ere bertan egotekoa zen, baina, gaixo zegoenez, haren idatzia irakurri zuten. Arratsaldean Sol Band palestinar jatorriko taldeak emanaldia eskaini zuen: “Nadia Nemeh alkatea ere egon zen itzulpen lanak egiten; berak aurkeztu zuen taldea, eta mezu zein abestien itzulpena egin zuen”. Gaztelura ere “jende asko” bertaratu zen, eta antolatzaileak “oso gustura” egon zirela azpimarratu dute.