Oldarraldiaren aurrean, euskararen "lege babesa"
Espainiako Auztegi Gorenak asteon plazaratutako hizkuntza "koofizialen lehentasun ezaren" epaia salatu dute gaur [uztailak 19] Busturialdeko herritarrek, eta euskararentzako "berehalako justizia deialdia" luzatu dute.

Euskararen aurkako oldarraldiak —oraingo honetan, esparru judizialetik abiatuak— aurrera darrai. Espainiako Auzitegi Gorenak asteon eman du aditzera “hizkuntza koofizialak” dituzten herrialdeetako hizkuntzen kasuan, horietako batzuek ezin dutela besteen gaineko “lehentasunik” eduki. Epai horregaz aintzatetsi du euskara lehenesten duen lege irizpiderik “ezin dela ezarri”. Ondorioz, auzitegi horrek argi berdea erakutsi dio udal legearen eta hura hizkuntzaren alorrean aplikatzeko dekretuaren bazterketari. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Auzitegi Gorenak VOXen eskaera aintzat hartu ostean iritsi da epaia. Argudioa argi askoa da: “Ezin daiteke inongo neurririk hartu, hizkuntza koofizialetako bat gailendu dadin, horrexek berak urratu egingo lukeelako koofizialetasun linguistikoa”.
Hautu horrek errepresentatzen duen “epai larriaren” aurrean, Uemak elkarretaratze herritarrak deitu ditu gaur [uztailak 19], Euskal Herriaren luze-zabalean. Hain zuzen ere, Uemaren parte diren 108 udaletako ia 100 kaleratu dira, baita milaka herritar ere, han-hemengo udaletxeen aurrealdeetara. Salatu dute euskara “bigarren mailako hizkuntza” izatera kondenatzen ari direla, eta euskaldunen hizkuntzarentzako “justizia eskaera” egin dute: “Euskarak, benetan aurrera egin dezan, lege berria behar du”. Busturialdeko herritarrak ere kalera atera dira; Bermeon, Mundakan, Ajangizen eta Ean egin dituzte elkarretaratzeak.

Ajangiztarrak euskararen alde kokatu dira.Ajangizko Udala
Iker Bilbao: “Geure aurrekariek larregi sufritu zuten euskararen erabileragatik, eta orain geure unea heldu da; gure nortasuna aldarrikatu behar dugu, eta Bermeok euskararekin bat egin behar du”
Bermeon, herritarrak Goiko plazan elkartu dira, Euskararekin bat lelodun kartelak eskutan. Udaleko euskara eta hezkuntza zinegotzi Iker Bilbaok Uemarekiko elkartasuna eta epaiarekiko aurkakotasuna berretsi ditu elkarretaratzean. Egoerak “euskararen eskubideak urratu” egiten dituela adierazita, nabarmendu du ez direla “bermeotarren, euskal herritarren eta, bereziki, euskararen gainetik” pasatuko. Horretarako, erabilera giltzarri izango dela azaldu du: “Geure aurrekariek larregi sufritu zuten euskararen erabileragatik, eta orain geure unea heldu da; gure nortasuna aldarrikatu behar dugu, eta Bermeok euskararekin bat egin behar du”.
Martin Aramendi: “Euskarak benetako babesa behar du, hizkuntzaren ofizialtasuna bera eta azken hamarkadetako hizkuntza politika auzian jartzen ari baitira”
Uemako lehendakaria, Martin Aramendi, Ataungoan egon da, eta egoeraren larritasuna izan du hizpide: “Egoera ikusita, euskarak benetako babesa behar du, hizkuntzaren ofizialtasuna bera eta azken hamarkadetako hizkuntza politika auzian jartzen ari baitira”. Halaber, epaiaren larritasun kinka horrek “berehelako erantzuna” behar duela azpimarratu du; alde horretatik, eskerrik beroenak eman dizkie ataundarrak gaurko deialdiagaz bat egin duten “udal, erakunde, elkarte eta milaka herritarrei”.

Bermeoko Goiko plazako elkarretaratzea.
Elkarretaratze gehiago, bidean.
Adostasun “sendoen” beharrizanaz eta euskara “benetan” jagon ahal izango duen “lege babesaz” mintzatu da presidentea. Hain zuzen, lege babes horren lanketara bat egiteko deia luzatu die alderdi politikoei: “Euskarak eta euskaldunok bigarren mailakoak izateari uztea eta benetako justizia izatea merezi baitugu”. Ildo horretan, euskalgintza “hainbat eragilerekin” elkarlanean, mobilizazio berriak prestatzen ari dela aurreratu du, eta Uemak horiekin bat egingo duela iragarri.

Mundakako agerraldia.Mundakako Udala