Jaien bihotz-bihotzean
Bermeoko Alde Zaharreko eta Baztarreko jaiak ospatzen ari dira, asteburu osoko egitarauagaz.
Madalen egunari usaina hartzean hasiak dira bermeotarrak, baina oraindik bidean besterik ez da. Tartean, badago zer ospatu. Alde Zaharra ospakizun soinekoz lirain jantzita dago asteburu osoan, hango jaiek iragartzen baitute, hain zuzen ere, datorren martitzeneko ospatze gailurra. Bereziak dira aurtengo jaiak, lehen egunean herriko kulturgintzaren motorretako baten, Kabidxe gune sozialaren, hamargarren urtemuga ospatuz hasi baitituzte. Hasi ez ezik, amaitu ere goi-goitik egingo dituzte, bigarren urtez jarraian Baztarreko jaiek zarratuko baitute egitaraua.
Bermeoko Txosna Batzordeak, Kabidxe Gune Sozialak eta Baztarreko Kale Katuek elkarlanean prestatu dute 2025eko ekitaldia, eta bermeotarrei jaiekin bat egiteko deialdia luzatu diete. Urrunago joan barik, gaur [uztailak 19] dozenaka herritar bildu dira eguerdian Goiko plazan, tokiko eragileen azokagunean. Ez hori bakarrik: bertaratu direnek bat egin dute udalak eta Uemak deitutako euskararen eta hizkuntzaren eskubideen aldeko elkarretaratzeagaz, Euskararekin bat lelopean. Gainera, 12:00etan, gaztetxoenek ohitura eta aisia uztartzeko parada aparta eduki dute, kaleetako postizoak zelan berreskuratu ikasiz.
Azokari dagokionez, jakiak egon dira salgai, besteak beste, Lurre Hurreren postuan. Halaber, herriko mugimendu feministak ere postutxoa eduki du, eta Guggenheim Urdaibai Stop herritar plataformak ere bai. Jaiak, zelan ez, aldarrigune ere izan daiteke. Eta aldarria da, hain zuzen, Alde Zaharreko jaien ardatz esanguratsuenetako bat: turistifikazio eredu masiboaren aurkakoa eta auzo bizitzaren aldekoa. Turistei auzoan etxebizitzak eskaintzen zaizkien heinean, tokiko herritarrek bertan bizitzeko “aukerarik ez dutela” salatzera emanak daude jaiok, eta Alde Zaharra, ekonomikoki indartzeaz harago, “komunitarioki” ere sendotu behar dela argitzera.
Eguerdian, munduko arrozak auzo bazkaria egingo dute, errezetarik kuriosoenen nahiz zaporetsuenen agertoki. Arratsaldean, bihar [uztailak 20] zein etzi [uztailak 21], baina, ez da egitekorik faltako. Gaur, bazkalostea auzotarren arteko taldekako tribial jokoagaz girotuko dute, eta dezibelak ere ez dira faltako: lehenik eta behin, 18:00retan, Eromena DJaren sesioaz gozatu ahalko dute herritarrek; gero, gaualdia Kafe Antzokira lekualdatuko da, The Sots taldeak kontzertua emango baitu han, 20:30ean hasirik.
EGITARAUA
- Gaur.
- 16:30. Tribial jokoa taldeka.
- 18:00. Musika Saioa: DJ Eromera.
- 20:30. Kontzertua Kafe Antzokian: The Sots.
- Bihar, uztailak 20.
- 18:00. Palestinar Erresistentzia: Etorkizuna borrokatzen hitzaldia, Gaztelun, Samidoun preso palestinarren aldeko nazioarteko antolakundeko kidea den Asier Herranz eta Bermeoko palestinarra den Azahara Hag izango dira hizlariak.
- 19:30. Hitzaldi musiaktua, Gaztelun: Sol Band (Gazatik Euskal Herrira).
- Etzi, uztailak 21. Baztarreko jaiak.
- 10:00/13:30. Txokolatada eta jolasak.
- 11:00. Umeentzako ikuskizuna: Matraka Culinary Center.
- 19:00. Kalejira Kankinkabara Txistu Taldeagaz, Kanta Kanta Loruegaz, eta Chris & James musikari irlandarragaz.
- 22:00. Kontzertuak: Indabe eta Frio.