"Etorkizuna geurea da, eta euskarazkoa izango da"
Busturialdeko Euskaltzaleen Topaketa egiten ari dira gaur [uztailak 19] Gernika-Lumon, Mobiduk eta Etxalakek antolatuta. Gainbeheran dagoen euskararen erabilera iraultzeko asmoz atondu dute egun berezia, estreinakoz.

Gernika-Lumoko Pasealekua euskaldunen hizkuntzaren gordeleku bihurtu da gaurkoan. Mobiduk eta Etxalakek prestatuta, Busturialdeko Euskaltzaleen Topaketa egiten ari dira estreinakoz, kultura eta kontzientzazioa saretzeagaz eta batasunagaz ezkontzen dituen egun osoko egitarauagaz. Euskarak egun bizi dituen “garai gaitzen” aurrean, eskualdeko gazte euskaltzaleek hizkuntzak “behar duen bultzada” emateko prest daudela frogatu dute: “Guk argi dugu: euskaraz txapa ematen eta kaleak ostera ere euskaraz apaintzen segituko dugu, geure hautua euskaraz egitea eta bere alde borrokatzea baita”.
Egitarauaren goizeko garroa osatu duten Zegaittik da garrantzitsue euskeraz saretzie? izeneko mahainguruaren ondoren, eguerdi aldera iritsi da eguneko gailurretako bat. Pasealekuan talde argazki erraldoia egin dute gazteek, eskualdeko euskaltzaletasunaren egungo erradiografiaren erakusle. Jarraian egin duten ekitaldian, ekimenaren hazia zein den plazaratu dute: euskararen eskualdeko kale erabilera datuekiko kezka larria. “15 eta 24 urte bitarteko gazteen %45,5ak besterik ez du euskaraz egiten Gernika-Lumon, eta %8,6ak, berriz, Bermeon; beherakada horren aurrean, egoerari buelta emateko asmoa dugu”, azaldu dute.
“Ezin da hizkuntza bati buruz berba egin, herriedota lurralde bati buruz egin barik”
Ildo horretatik, euskararen aldeko borroka herri proiektu batetik “bereizi barik” proiektatzen dute euskaltzaleek, “ezin baita hizkuntza bati buruz berba egin, herri edota lurralde bati buruz egin barik”. Hala, bai Busturialdeko, bai beste herrietako biztaleek beraien bizitza “modu duinean garatzeko aukera edukitzea” aldarri egin dute, “zapalkuntzarik gabeko herri baten” aterkipean. Hori lortze aldera, saretzea dute bide, “eta saretzeak elkarlana dakar”.
Belaunaldi txandapasaren esangura ere ez dute ahaztu gaurko agerraldian: “Guretzat, euskara ez da soilik hizkuntza bat: abestia da, oihartzuna, geure arnasoen arnasa da; guk ez dugu nahi azken arnasa izan dadila, arnas berri bat baino. Beraz, eskerrik beroenak borrokatzen irakatsi ziguten gizon-emakume denei, eta zapalkuntzari aurre eginez geure hizkuntza mantendu zutenei”. Haien testigua eskutan, argi eta garbi dute orain beraiek izango direla “oihartzuna garrasi” bihurtuko dutenak: “Euskaraz biziko den belaunaldia gara; etorkizuna geurea da, eta euskarazkoa izango da”. Bertaraturiko guztiei eskerrak emanaz eta, gauza ororen gainetik, elkarri euskaraz “txapa emateko eta saretzeko deiagaz biribildu dute eguerdiko egitasmoa.
“Guretzat, euskara ez da soilik hizkuntza bat: abestia da, oihartzuna, geure arnasoen arnasa da”
Talde bazkariaren ondoren, egongo da zer egin, zer ikusi eta zertaz gozatu Pasealekuan. Izan ere, arratsaldean ere kultur eskaintza ondu dute, bazkalostetik abiatuta. Hain zuzen, mahaigaineko bingo musikatuagaz eta Elena, Ander eta Iratiren saio akustikoagaz girotuko dute. 18:30ean, euskal olinpiadak egingo dituzte. Azaldu dutenez, olinpiada horiek herri kirolak edukiko dituzte ardatz, baina “formatu gaurkotuagoagaz”. Karropoteoak eta gaueko musika emanaldiek burutuko dute urtez urte geratzeko iritsi den egitaraua; Eiho, 48280 eta DJ Marifarraren eskutik etorriko dira gaualdiko dezibelak.



































