Kortezubiko herriari eskainitako ibilbideagatik omenaldia
Kortezubitarrek omenaldi berezi askoa egin diote gaur [uztailak 18] 28 urtez herriko alkate izandako Jose Antonio Bastegieta Bengoetxea 'Marko'-ri. Udalerriari egindako "ekarpen erraldoia" eskertzeko, pilotalekuak bere izena eroango du aurrerantzean.

Murritzegia litzateke Jose Antonio Bastegieta Bengoetxea Marko-ren ibilbide oparoa alkate berba soilagaz definitzea. 28 urtez Kortezubiko alkate izateaz gain, denetariko ekimen, borroka eta xelebrekeriaren buru izan da hamarkadaz hamarkada, eta udalerriari nahiz kortezubitarrei eginiko “ekarpen erraldoia” aitortu diote gaurko [uztailak 18] omenaldi hunkigarrian. Senide nahiz lagunez ondo inguratuta, udalbatza osoak, eskualdeko ordezkari politikoek eta, batez ere, herritarrek eskerrak eman gura izan dizkiote Markori. Horren erakusle, Kortezubiko udal pilotalekuak aurrerantzean bere izena eroango du: Jose Antonio Bastegieta Bengoetxea Marko frontoia.
Sentimenduak puri-purian eduki ditu gaurko agerraldiak. Herriko plaza ingurua jendez lepo agertu da; asko eta asko ezin izan dira omenaldiaren lehen zatia hartu duen udaletxeko bilkura aretora sartu. Barruan, Markok Kortezubiko egungo alkate Miren Karmele Enbeita Ozamizen berbak jaso ditu. Ez hori bakarrik: herriko alkate izandako Ibon Legarza Albizuri eta Txomin Bilbao Etxebarria ere lagun izan ditu. Enbeita Bastegietagaz bertatik bertara “behar egindakoa” da, hura alkate zela zortzi urtez zinegotzi lanak egin baitzituen. Egun dakienaren “zati esanguratsu bat” Markori esker ikasi zuela azpimarratu du gaurkoan: “Markok herria egiten iragan zuen bere ibilbide guztia, eta oso argi utzi zidan Kortezubi eta kortezubitarrak beti lehentasuna izan behar direla. Beraz, orain egin dezakegun gutxieneko da bere dedikazioa nahiz leialtasuna aitortzea”.
Miren Karmele Enbeita Ozamiz: “Markok oso argi utzi zidan Kortezubi eta kortezubitarrak beti lehentasuna izan behar direla”
Hain zuzen, Bastegietaren egiteko nagusienetako bat Kortezubiren izena “mundu osora zabaltzea” izan da. Herritarren bizi baldintzak hobetzea izan zen bere iparrorratz politikoa: “Bere lorpen politikoen artean daude, besteak beste, Erregistro Zibilaren Legeak gurasoen etxea haurren jaioleku modura onartzea, ikusi baitzuen umeak ez zirela herrian jaiotzen, Gurutzeta-Barakaldon baino; bestalde, soldadutzaren kontzientzia eragozpenaren bultzatzaile ere izan zen”.
Jose Mari Gorroño Etxebarrieta: “[Gazta enkantearen] Gidari lana hamabost urtez egin zuen Markok, eta estimu handia hartu genion tarte hartan, egun arte”
Kortezubiko alkatetzara iritsi orduko, besteren artean, Gernikan zinegotzi aritu zen Marko. Orduantxe txirikordatu ziren egungo alkate Jose Mari Gorroño Etxebarrietaren eta bere bideak. Gernika-lumotarrak ere ez du omenaldia galdu nahi izan, eta Markogaz bizitako pasadizo bat edo beste ere kontatu du: “Gogoan dut Urriko Azken Asteleheneko gaztaren enkantea gidatzeko esan genionekoa; alderdi politiko desberdin biren ordezkariak izateaz harago, bere mailagatik proposatu genion, hau da, lan hura ederto egiteko gai zelako, eta hartarako borondatea zeukalako. Lan hori hamabost urtez egin zuen, eta estimu handia hartu genion tarte hartan, egun arte”. Jarraian, Gernikako Arbolaren eta tenpletearen oroigarria eman dio Gorroñok gaurko omenduari.

Kortezubiko lau alkateak.
Senideek eta adiskideek ere ez dute Marko eta bere irakaspenak oroitzeko aukera galdu. Bastegietak beti erakutsitako “ardura, maitasuna, konpromisoa eta zintzotasuna” apzimarratu dituzte. Kortezubi mapan jarri baldin badu, Marko Kortezubiko herri mapan egongo da aurrerantzean. Izan ere, frontoiaren aurrealdean erakutsi diote bere izen-abizenak eroango dituen plaka. Ohorezko aurreskua eta agurra jasota, familiaz ondo inguraturik eta plazabete herritarren babesagaz, hunkituta hartu du omenaldia Bastegietak.

Marko, senideek lagunduta, bere omenezko plakagaz.
Gogo nekaezina.
Bere jardun politikoaz harago, hainbat eta hainbat dira Markok apurtutako kristalezko sabaiak. Batik bat, Aita Santuagaz egon zen, Berriotxoako Balentin santu bihurtzeko eta Bizkaiko zaindari bihurtzeko eskatuz; Dalai Lamagaz edota mundu osoko ordezkari politikoekin ere bildutakoa da. Beste alde batetik, lehiaketarik bitxienak antolatu eta sustau izanagatik ere ezaguna da kortezubitarra: ipurdiagaz intxaurrak apurtzeko txapelketa, txapelik handienarena, eta abar luze bat. Urriko Azken Asteleheneko gaztaren enkantearen gidari izateaz gain, lehiaketa gastronomiko ugari dinamizatu izan ditu Markok.





































































