303 milioiko inbertsioa eskualdeko garapenerako
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko jaurlaritzak elkarlanean Busturialdeko Plan Estrategikoa sustatzeko; 13 proiektu eragile aurreikusi dituzte, eta 303 milioi euroko inbertsioa iragarri dute.

Busturialdeko etorkizunari norabide argia jarri nahi dio Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Gernika-Lumon egindako agerraldian aurkeztu dute Busturialdea-Urdaibairako Plan Estrategikoa, zeinak 303,4 milioi euroko inbertsioa aurreikusten duen datozen urteetarako. Guztira, 13 proiektu eragile biltzen ditu planak, eta helburu nagusi gisa eskualdeko eraldaketa sozioekonomikoa bultzatzea du.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak nabarmendu duenez, plana ez da hutsetik sortu: «Eskualdeko egoera sozioekonomikoaren azterketa sakonetik abiatuta landu dugu estrategia hau, eta erakundeen arteko lankidetzan eta eragile sozioekonomikoen partaidetzan oinarritzen da guztia». Gaineratu du plan estrategiko hau Enkarterri, Ezkerraldea-Meatzaldea, Debabarrena eta Aiaraldeako planen metodologiari jarraiki garatu dela, eta 2024ko urriaren 16an jarri zutela martxan proiektuaren talde motorea, Busturian.

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.
Talde horretan Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Busturialdea-Urdaibaiko 20 udalek parte hartzen dute, eta gaur bertan, agerraldia baino lehen, berriz bildu dira eskualdeko eragileekin plana partekatzeko.
Inbertsio banaketa eta helburuak. Ainara Basurko Ekonomiaren Garapeneko sailburuak azaldu duenez, 303 milioi euroko inbertsio osoaren %72 Bizkaiko Foru Aldundiak jarriko du, eta Eusko Jaurlaritzak gainerako %18a. “Inbertsio horietatik 78 milioi 13 proiektu eragileetarako izango dira, eta gainontzeko kopurua beste jarduketa estrategikoetara bideratuko da, asko 2030etik haragoko epeetan egitekoak”, zehaztu du Basurkok.
Plan estrategikoaren edukia irekia da oraindik, eta Basurkoren esanetan, «eskualdeko udalek eta herritarrek egin ditzaketen ekarpenen arabera moldagarria izaten jarraituko du».
Proiektu nagusiak. Proiektuak bost ardatz nagusitan antolatu dituzte: mugikortasuna eta konektibitatea, etxebizitza eta gizarte-zerbitzuak, prestakuntza eta sustapen ekonomikoa, balio natural eta kulturalak eta eskualdeko gobernantza. Nabarmenenen artean daude:
- Autzagane-Muxika errepidea hobetzea (11 milioi euro)
- Bermeo-Muxika bizikleta bide sarea handitzea (23,8 milioi euro)
- Barrutialdeko LH eta Nautika eskolaren sustapena (3,4 milioi euro)
- Muxikako industrialde berrirako sarbideak hobetzea (14 milioi euro)
- Gernikako merkatu plaza berrurbanizatzea (3,5 milioi euro)
- Eskualdeko garapen agentzia sortzea
Gainera, beste jarduketa estrategiko batzuk ere aurreikusi dira, hala nola trenbidearen modernizazioa (18 milioi), Inamaren partzelaren berrantolaketa (6 milioi) edo Sollubeko errepidearen hobekuntza (66 milioi).
Sollubeko proiektua, Etxanobek azaldu duenez, oraindik planifikazio fasean dago, eta momentuz lehen fasean Bidebieta eta Kanon arteko zatia lantzen ari dira. Proiektua 2026ko udaberrirako bukatuta izatea aurreikusten dute. Bestalde, Guggenheim Urdaibai proiektua plan estrategikotik at dagoela, eta “lanketa paralelo batean” ari direla baieztatu du ahaldun nagusiak.
Denon artean, Busturialdearen etorkizuna. Aimar Rico Eusko Jaurlaritzako Koordinazio Estrategikoko zuzendariak eskertu du plana osatzeko egin den ahalegin zabala: «Eusko Jaurlaritzaren aldetik plan honek jaso duen dedikazioa eta esfortzua balioan jarri nahi ditugu. Bai Aldundiaren aldetik, baita eskualdeko elkarte, norbanako eta enpresa askok egindako ekarpena ere». Gogorarazi du, gainera, plan hau ez dela aurrekontu arruntetatik aldentzen: «Oinarrizko jardueretan inbertitzen jarraitzen dugu, baina plan estrategikoen bidez etorkizuneko erronkei ere erantzuten diegu».

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.
Plan hau Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren Lurralde Kohesiorako Jarduketa Eremuen baitakoa da, eta Enkarterri, Meatzaldea eta Aiaraldeko planei jarraipena ematen die.
Agerraldia amaitzeko, erakunde guztiek euren konpromisoa berretsi dute: “Bizkaiko garapen orekatu, jasangarri eta integratzaile baterako bidean urrats sendoa izan nahi du proiektu honek”.