Urterokoari eutsiz
XVIII. Kortezubiko Mendi Martxa egingo dute datorren zapatuan [uztailak 19]. Antolatzaileek 300 lagun inguru bertaratzea aurreikusten dute. Aurretiaz izena emateko aukera dago oraindik.
Zapatu honetan [uztailak 19], Kortezubiko Mendi Martxaren XVIII. ekitaldia egingo dute. Parte hartze aldetik, udalerriko “egitasmorik esanguratsuena” da mendi martxa, jende gehien erakarri ohi duena. Antolatzaileek, urte batzuetan “beherakadaren bat edo beste” jasan izan arren, aurtengo aldiak “ohiko parte hartze kopurua” edukitzea espero dute: 300 lagun inguru.
Aurretiaz izena emateko aukera dago, eta martxaren bezperara arte [uztailak 18] egongo da. 14 urtetik gorakoek 8 euro ordaindu beharko dituzte, eta adin hori baino gazteagoa direnek berriz, 6 euro. Txartelak udaletxean nahiz herriko tabernan daude salgai, baina ES80 3035-0022-41-0221154997 banku korronte zenbakira ordainketa eginda ere izena eman daiteke. Era berean, zapatuan bertan animatzen direnek ere tokia edukiko dute, baina prezioa 10 eurokoa izango da, egunean bertan izena emanez gero.
Mendizaleek aukera bi edukiko dituzte: 20 kilometroko luzea eta 10 kilometroko laburra. Biak ala biak “teknikoki egingarriak” direla adierazi dute, baina luzeak “desnibel metatua” daukala ohartarazi ere bai. Aukera hori hautatzen dutenak 08:30ean hasiko dira oinez, plazatik aterata; toki berberetik ekingo diote bideari, baina 10:30ean, ibilbide laburreko martxalariek.
Ibilbide luzeak herrigunetik Belendiz ingurura joko du, eta handik Arrolarako bidea abiatuko dute; tontor hori izango da punturik garaiena. Lehen zatian anoa postu likidoa edukiko dute, eta Arrola gailurrean, aldiz, likidoa nahiz solidoa. Ibarrola mendi ingurutik bueltatuko dira, eta Ibarrolako baso eremura sartu orduko beste anoa postu bat edukiko dute. Lezikara jaitsiko dira azkenik, berriro Elizaldeko herrigunea harrapatzeko. Aukera laburrekoek ez dute Arrolako gaina igoko, baina Elizaldetik Ibarrolarainoko bidea egingo dute; beraiek ere anoa postua edukiko dute eskuragarri bertan. Azken zatia, Lezikatik Elizalderainoko itzulera, berbera izango da aukera bietako ibiltarientzat.