Txikitasunean handi
Santamañe jaiak ospatuko dituzte Akordan, hilaren 18a eta 20a bitartean. Urtero-urtero beren tokia edukitzen duten ohiturazko ospakizun jarduerek osatzen dute jaietako egitaraua.
Ibarrangeluko Gorpuzti jaiek bereak eman dituzte, baina ibarrangelutarrek nahiz inguruko herritarrek oraindik badute zain agendan gorriz markatutako ospakizun berezi bat: Akordako Santamañe jaiak. Uztailaren 18tik 20ra bitartean ospatuko dituzte jaiok, eta egitaraua urteen iragateei eusten dieten ohiturazko jarduerek osatuta egongo da funtsean.
Hilaren 18an, Santamañe egunez, jaiei hasiera ofiziala emango diete 12:30ean jaurtiko duten txupinagaz. Gero, pintxopotea egingo dute herriko tabernan, eta edukiko du berezitasunik: Mundakako Jose Mari Egileor Txistulari Taldeko kideak arduratuko dira poteoa txistu doinuz girotzeaz. Gaualdian ere, ez da zuzeneko musikarik faltako: 22:30ean, Paketes Bomba taldea oholtzaratuko da, eta Ibarrangeluko ospakizunetako ohiko protagonistetako bat, DJ Koet, arduratuko da plaza dantza betean ipintzeaz.
Jaietako bigarren jardunaldia, zapatua, arimen aldeko mezagaz ipiniko dute abian. Ondoren, 15:00retan, herritarrak talde bazkaritarako elkartuko dira, plazan. Ohiko legez, 50 lagun inguru elkartzeko aurreikuspena dute. Bazkalostean denentzako tokia eta tartea egongo da, gainera. Izan ere, gaztetxoenek ere jai espazioa edukiko dute plaza; besteren artean, apar jaialdia edota jolas puzgarriak edukiko dituzte. Iluntzean, Dantzatzekoprest diskoteka mugikorraren txanda izango da, “gaueko ordu txikiak arte”.
Domekan, jaien egitaraua zarratzeko, herriko beste eragile nagusienetako batek, Lorea umeen dantza taldeak, euskal dantzen ikuskizuna emango du, 12:30ean. Ostean, Koldo eta Joseba trikitilari bikotea izango dira ospakizunei amaierarik biribilena jartzeko ardura edukiko dutenak, poteoa alaituz. 7
EGITARAUA
Uztailak 18, barikua, Santamañe eguna.
12:30. Txupinazoa.
Ostean. Meza Nagusia.
13:30. Pintxopotea, Mundakako txistulariek girotuta.
22:30. Paketes Bomba.
00:00. DJ Koet.
Uztailak 19, zapatua.
12:30. Arimen aldeko meza.
15:00. Bazkari herrikoia, plazan.
17:00. Umeentzako puzgarriak eta apar jaia.
20:30. Dantzatzekoprest diskoteka mugikorra.
Uztailak 20, domeka.
12:30. Meza, Akordako elizan.
Ondoren. Lorea dantza taldearen emanaldia.
Gero. Poteoa, Koldo eta Joseba trikitilariekin.