Sei bikote, horma bakarra
Ajangizko horma bakarreko frontoian XI. esku pilota txapelketa jokatuko dute bariku honetan [uztailak 18], 18:00retan hasita.
Beste urte batez, bueltan da Ajangizko nahiz eskualdeko kirol txapelketarik berezienetako bat. Bariku honetan [uztailak 18], 18:00retatik aurrera, Ajangizko horma bakarreko frontoiak esku pilota txapelketa hartuko du, 11. aldiz. Ajangizko jaien ingurumarian herriko pilotalekuak esku pilota txapelketa nagusia hartzen baldin badu, Mendietako horma bakarreko pilotalekuak sei bikoteren arteko desafio itxurako lehia hartuko du.
Gainera, horietako batzuk eskualdean zeharo ezagunak izango dira, Ajuriako moduko beste esku pilota txapelketa batzuetan ere sobera ibiliak baitira. Honako bikoteek neurtuko dituzte indarrak: Perran anaiak, Azkarai-Bidaburu, Rober-Atxur, Xabat-Arkaitz, Jonro-Gotzon eta Latxi-Artxo. Bikote horietako batek, horrenbestez, iazko garaile Okamika eta Uriberi txandapasa emango die.
Ipar Euskal Herrian horma bakarragaz lehia gehiago egon ohi den arren, Hegoaldean aldea gutxiago dira tankera horretako txapelketa; alde horretatik, Ajangizko hitzordu berezia da oso, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldean horma bakarreko modura katalogaturik daukan txapelketa bakarrenetakoa delako. Bestalde, pilotariek joko librearen eta pareta biko pilotalekuaren ohiko modalitateen arteko arau hibridoekin jokatuko dute. Hain zuzen, frontoiko marren parekoak ipiniko dituzte, baina horma bakarrean jokatuz. Era berean, oso garrantzitsua izango da horma bakarrera jokatzerakoan eskarmentua edukitzea, hau da, paretaren irregulartasunak, pilotak hartzen duen joera eta jokoaren beste hainbat xehetasun ondo ezagutzea.
Ikusleentzat ere lehia polita izango da, partiduak ohiko oldetik aldentutako bestelako ikuspegi batetik ikusi ahal izango dituztelako. Gainera, barikuko egitaraua ez da kirol jardunaldira soilik mugatuko. Gantzabale Elkarteko antolatzaileek txapelketak beregain duen tradizioari eutsiko dio aurtengoan ere: txerriki janaldi herrikoiari. Hala, pilotariek zein ikusleek txerrikia dastatuz eta giro paregabean indarrak berritzeko aukera izango dute.