Hezkuntza eraldatzailearen lurralde txikia
Lurralde, kolektibo eta ekimenen arteko elkarrekintzaren, elkar ezagutzaren eta bizitzaren aldeko hezkuntza komunitarioa sustatzea bilatu du Gernikatik Mundurak 11 Sustrai izeneko proiektuaren bitartez, gizartean eraldaketa bat bultzatzeko asmoz. Hezkuntza zentroekin eta eragileekin elkarlanean, lurralde txiki bat sortu dute, komunitatearentzako ikaskuntzak utzi dituena.

Hazia ereitea ezinbestekoa da ingurugiroa aldatzeko, ingurumenari kolorea emateko, sustraiak ernetzeko. Lurrean ezkutatuta, hazia ereindakoan hasten dira sustraiak indartsu hazten, zabaltzen, ernetzen. Eta ez dute norabide bakarra, gainera: elkarren bila doaz, lur azpian, loturak sortuz, elkarri eutsiz. Izan ere, sustraiek lurrazalean hasten diren loreak, zuhaitzak, landareak, belarrak eusten eta elikatzen dituzte. Sare bizia osatzen dute, eta sare bizi hori da Gernikatik Mundurak 11 Sustrai proiektuaren bitartez eskualdean lortu gura duena: bertoko gazteek gertuko gizarteaz duten ikuspegia elikatzea, zaintzea, ezagutaraztea eta loturak ezartzea.
Izan ere, Gernikatik Mundurak esperientzia pedagogiko berezia jarri du martxan amaitu berri den ikasturtean: 11 Sustrai. Lurralde, kolektibo eta ekimenen arteko artikulazioa, intzidentzia eta bizitzaren aldeko hezkuntza komunitarioa sustatzea izan da proiektuaren asmoa, gizartean eraldaketa bultzatzeko. Horretarako, gazteen gizarte inplikazioa sendotzeko ezagutzak eta motibazioak partekatzeko espazioak sortu dituzte Barrutialde BHIn eta San Fidel Ikastolan, eta erakunde zibilek zein gizarte mugimenduek duten garrantzia balioan jarri dute, «pertsonen eta naturaren zainketa helburu hartuta».

Barrutialdera inguruko hainbat eragile bertaratu ziren gazteei euren proiektuen berri ematera. Argazkia: Gernikatik Mundura.
Hala, Gernika-Lumoko zein inguruko kolektibo sozialen eskutik, Barrutialde BHIko gazteek hainbat tailer jaso dituzte eskolan, memoria historikoa, lurraren defentsa, aniztasuna, bizikidetza edota giza eskubideak bezalako gaiak lantzeko. Ezohiko saioak izan dira: ez dute notarik jaso, ez dute curriculum itxirik izan eta ikasleek libre parte hartu dute. Emaitza? Hezkuntza eraldatzailearen lurralde txiki bat, komunitate osoarentzako ikaskuntzak utzi dituena.
«Erakunde zibilek zein gizarte mugimenduek duten garrantzia balioan jarri dugu, zainketa helburu izanda»
Komunitaterako Proiektuak izeneko ikasgaiaren barruan kokatu dute proiektua, ikasgai horrek ez duelako eduki zehatzik, ez eta ebaluazio kopuru zehatzik ere. «Batzuek hori gabezia modura ikus dezaketen arren, Gernikatik Mundurak aukera gisa hartu zuen; presiorik barik, erantzun zuzenik barik, eta hanka sartzeko beldur barik, ikasteko espazio bat sortzeko asmoz».
Tailerretan, askotariko gaiak landu dituzte, sustrai horietako bakoitzean sakonduz; izan ere, gazteen inplikazioa bultzatzea ere izan da helburua. Memoria historikoa (Lobak), ingurumenaren zaintza (BaSOS), nazioarteko gatazkak (Fundacion Resistencias, Liga de Mujeres Saharauis, Gernika Gogoratuz), aniztasun sexuala (Aldarte), elkarlana (Astra)… landu dituzte. Eta, ikasleen gustukoenak haien egunerokotasunagaz lotura handiena izan dutenak izan direla onartu dute; Gernikako memoriari buruzko saioek eta baso autoktonoen landaketek euren arreta bereganatu zuten: «Gertuko gaiak dira, herrian euren familiakoek bizi izan zutena edota gaur egun pil-pilean dagoen basoen gaia. Saioek konpromiso emozionala sortu zuten, hurbilago sentitzen dituztelako».

Txitatoki Zirko Eskolakoekin gorputz adierazpena landu zuten. Argazkia: Hibai Agorria
Bestalde, Mozambikeko eta Cajamarcako gatazkei buruzko saioetan gazteen interesa pizteko «zailtasun» gehiago izan zituztela onartu dute, eta urruntasun geografiko eta kulturalaren ondorio dela uste dute: «Hala ere, herrialde horietan multinazional handiekin gertatu dena eskualdera hurbildu zuten, eta ikasleetako batzuek Guggenheim Urdaibai proiektuagaz alderatu zuten, horrek gazte horien interesa piztuz». Aitortu dute aurtengo esperientziatik eurek ere asko ikasi dutela, eta urruneko gaiak lantzeko orduan testuingurua ematea eta aurretiazko prestaketa egitea «ezinbestekoa» dela.
«Lurraldeak eraldatu eta errealitatea hobeto lotzea bilatu dugu, hezkuntz komunitarioa funtsezkoa izanda»
Gainera, prozesu hasieran «desinteresatuenak» ziruditen ikasleak —jarreraz desafiatzaileak, kexatiak— parte hartzaileenetakoak izan zirela azpimarratu dute: «Askotan erresistentzia ez da edukia ukatzea, baizik eta eduki horiek sortzen duten deserosotasunari aurre egiteko modua». Horrez gain, azken hiruhilekoan ia ikasle guztiek saioetatik «zerbait esanguratsua» atera dutela onartu izana nabarmendu dute Gernikatik Mundurako kideek. Izan ere, ikaskuntza forma askotan gertatzen da, ematen da, garatzen da.
Prozesu hori guztia elkarlanean aurrera eroan dute, eskualdeko kolektibo, ikastetxe eta hainbat aktoreren artean, eguneroko bizitzarekin lotutako edukiak hezkuntza zentroetara gerturatzeko asmoz: «Gazte bakoitzak bere modura egin du ikaskuntza prozesua, eta hori aberasgarria da».

Camajarcako herritarren aldarriak kalean. Argazkia: Gernikatik Mundura.
Baina, kolektiboen eta ikastetxeen arteko lankidetza sustatzeko ideia hori aurretiazko prozesu luze baten emaitza da: proiektu horrek Gatazkan Dauden Lurraldeak eta Gereizpetik 11 Izpi bezalako aurrekariak ditu, garapen eredu neoliberal, patriarkal eta kolonialek lurraldean duten eragina identifikatu eta aztertu zutenak. Lehenengo prozesuan zebiltzala, baina, ohartu ziren bazeudela entzuten ez ziren ahots batzuk, eta parte hartze prozesuetan jasotzen ez diren gerizpeetako herritarren bizimoduak eta errealitateak erdigunean jarri zituzten Gereizpetatik 11 Izpi proiektuagaz. Eta hirugarren pausoa izan da eskoletan begirada jartzea. «Lehen esperientzia horietatik ikasiz, lurraldeak eraldatu eta egungo errealitatea gure nahiekin hobeto lotzea bilatu dugu, horretarako hezkuntza-komunitarioa funtsezkoa izanda», azaldu dute Gernikatik Mundurakoek. Ze, eurek bilatzen dutena da hezkuntza-komunitatea gizarte mugimenduekin elkartzea, espazio bat sortzea eta belaunaldi-aldaketak ematea bultzatzea, «gazteen inplikazioa areagotu dadin edota baliagarri izan daitezkeen topaguneak sor daitezen».
Memoria eta elkarlana
Barrutialdeko ikasleekin denetariko gaietan sakontzeaz gain, 2022an Astran egin zuten belaunaldien arteko topaketa errepikatu dute aurten ere San Fideleko Lehen Hezkuntzako ikasleekin, proiektu beraren baitan. Foruko IMQ egoitzako hirugarren adineko pertsonek ere parte hartu zuten, baita Busturialdeko hainbat kolektiboren ordezkariek ere, elkartrukez beteriko jardunaldi bilakatuz maiatzaren 15eko ekintza; elkarrizketa, memoria historikoa, artea, sormena, elkarlana, eta gazteen parte hartzea uztartzeko espazioa sortu zuten Astran bertan.
Lau orduko saioan, tailer eta dinamika ezberdinen bitartez, memoria, Astraren funtzionamendua zein haren historia eta eskualdeko hainbat elkarte edo kolektiboren esperientziak partekatu zituzten, elkar ezagutzeko aukera aprobetxatuz. Leku aproposa bilatu zuten horretarako; izan ere, Astra bonbardaketaren lekuko izan zen, eta gaur egun, kultura eta sormen gune bizia da, iniziatiba desberdinak biltzen dituena.

BaSOS Elkartekoekin, landaketak egiten. Argazkia: Gernikatik Mundura.
Gernikatik Mundurakoek azaldu dute ikasleak hiru txokotan banatu zituztela: memoriaren txokoa, Astra txokoa eta autogestioaren txokoa. Lehenengoan, belaunaldi ezberdinetako bizilagunak batzeko asmoz eta nagusienen bizimodua ulertzeko nahiaz, Foruko egoitzako hainbat adinekok euren haurtzaroko eta gaztaroko bizipenak partekatu zituzten: «Hunkigarria izan zen momentua, ikasleek ere adi-adi entzuten zituzten adinekoen azalpenak. Gainera, horiei buruz ere galtzetzen zieten». Bigarren txokoan, udalerriko gazteekin Astrako okupazio prozesua landu zuten, eta hirugarrenean, autogestioan sakontzeko aukera izan zuten, ariketa praktikoen bitartez. «Era asanblearioan erabakiak hartu zituzten, entzumena landu zuten eta akordioetara heltzeko komunikazio eredu berriak ezagutu zituzten. Norberak bere iritzia eman dezakeela baina gainerakoak ere entzun behar direla ikasi zuten», onartu dute Gernikatik Mundurako kideek.
«Lurraldeak eraldatu eta errealitatea hobeto lotzea bilatu dugu, hezkuntz komunitarioa funtsezkoa izanda»
Bestalde, gorputzaren bidez emozioak adierazten ikasi zuten Txitatokikoekin, eta, marrazkien bitartez euren bizipenak islatu zituzten horma-irudi kolektiboan. Irudi horren oinarrian, «Bizirik» berba jarri zuten: «Astra bizirik dagoela eta denontzako lekua dagoela transmititzeko erabili zuten, gazteak, nagusiak, artea, kultura zein beste hainbat ezaugarri barnebiltzen dituela esanda».
Gazteen, elkarteen, adinekoen eta kultura taldeen arteko jakintza eta bizipenen elkartrukean oinarritutako ekimena, beraz, herrigintzarako eta komunitateak duen balioa azpimarratzeko «garrantzitsua» dela ondorioztatu dute Gernikatik Mundurakoek. Izan ere, belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sustatzeaz gain, herriko memoria eta identitatea bizirik mantentzeko «ezinbesteko urratsa» dela uste dute.
Artikulazio kolektiboa
Baina, 11 Sustrai proiektua ez da Busturialdean bakarrik garatzen, jarduerak Urdaibai eta Cajamarca (Kolonbia) ditu langune, «gaitasunen indartzea, hausnarketa kritikoa eta artikulazio kolektiboa bideratuz». Cajamarcan, esaterako, nekazal talde gazte batekin ari dira elkarlanean, ingurugiroaren defentsarako lidergoa eta eskubideen sustapenerako tailerrak egiten. Beste ekintza batzuen artean, giza eskubideen urraketa, proiektu ustiatzaileak eta indarkeria patriarkalak bezalako mehatxuen aurrean hausnartzeko eta alternatibak bilatzeko saioak egin dituzte. Horietako batean, esaterako, ahuakatearen monolaborantzak dituen inpaktuez —lurraldearen higaduraz, biodibertsitatearen galeraz eta uraren eskuragarritasuna mehatxatzeaz, besteren artean— jardun zuten, eta hurrengo galdera egin zioten mendebaldeko gizarteari: «Zein da gure janari osasungarriaren benetako kostua? Hori esanda, ondorioztatu zuten Europa iparraldeko kontsumo ‘berdearen’ boom-ak munduko hegoaldeko herri zapalduen esplotazioa eragiten duela».
Tailer horiek gazte, emakume, kolektibo eta herri mugimenduetako kideen artean egin dituzte, lurraldearen defentsan eta eskubide sozialen aldeko borrokarekin konpromisoa erakutsita. «Prozesuaren helburua argia izan da: Cajamarcako mugimendu soziala eta ingurumen-mugimendua indartzea, mehatxu berriei (monolaborantza, meatzaritza, turistifikazioa, kriminalizazioa) aurre egiteko gaitasun kolektiboak sendotuz», argi adierazi dute Gernikatik Mundurakoek.
Baina, gaiak tailerretan lantzeaz gain, Eskualdeko Topaketa ere egin zuten, non gazteak, nekazariak, erakunde sozialak eta ingurumen eragileak bildu ziren, «lurraldetik bertatik eraikitako bake baten aldeko konpromisoa berresteko». Gernikatik Mundurakoek diote Fundacion Resistencias elkarteak bultzatutako topaketa horrek erakutsi duela erauzketa proiektuen aurkako borrokaren sinbolo dela Cajamarca, bere nekazari nortasuna defendatzen duelako eta bizimodu duinak, solidarioak eta jasangarriak proposatzen dituelako.
Ondorioz, antzinako jakintzek, tokian tokiko haziek, askotariko sustraiek eta mugak gainditzen dituzten ahotsek bat egiten dutenean, «aliantzak ehuntzen» direla erakutsi du 11 sustrai proiektuak, bai lurrazpian, bai lurrazalean. Hala, gogoratu dute benetako bakea lurraldeetan landatzen dela eta herri antolakuntzak sustrai modura egiten duen beharrak sostengatzen duela gizartea.

11 Sustrai proiektuko kideak, Cajamarcan. Argazkia: Gernikatik Mundura.