Bizkaiko Txapelketa Mendatan erabakiko da
35. Mendatako Sari Nagusiak gazte mailako Bizkaiko Txapelketa hartuko du, zapatu honetan [uztailak 19]. 10:00etan hasiko dute lasterketa.
Datorren zapatuan [uztailak 19], 35. Mendatako Sari Nagusia txirrindulari lasterketa lehiatuko dute, 10:00etan hasita. Aurtengoa ekitaldi berezi askoa izango da hala antolatzaile, nola parte hartzaileentzat. Izan ere, Mendatako lasterketa gazte mailako Bizkaiko Txapelketaren agertoki izango da. Egun 100 txirrindulari inguruk izena eman duten arren, parte hartze muga 200 lagunekoa izango da. Ziklistek 85 kilometroko ibilbideari aurre egin beharko diote. Ez dute egiteko errazik edukiko errepide estuak, mendate nahiz koskak eta inguru bihurgunetsuak edukiko baititu Gernikesa Txirrindulari Elkarteak prestatutako ibilbide itogarri horrek.
Mendatako herrigunea izango dute bai irteera, bai helmuga eremu. Marmiztik Zarrabentara eta handik Arratzura joko dute lehenik, berriro Marmizera igota lehen itzulia biribiltzeko; bi itzuli egingo dizkiote lehendabiziko barruti horri. Marmiztik bigarrenez igarota, bigarren zirkuituari ekingo diote: Mendatatik pasatu, eta Albiztik Urrutxura joko du tropelak, eta Muniketaganera jarraian. Zugastietara jaitsita, berriro igoko dira Urrutxura, Mendatara bueltatzeko.7
Azken mendatearen, Bizkaiko Begiratokiaren, gailurretik helmugara zortzi kilometro besterik ez dituzte izango
Azken zatian, mendate bi kateatuko dituzte elkarren segidan: Ibertxutik igoko duten Astorkigana eta Gerrikaiztik igoko duten Bizkaiko Begiratokia. Azken mendate horren tontorretik helmugara, zortzi kilometro besterik ez dituzte edukiko parte hartzaileek. Horrenbestez, Bizkaiko Begiratokia giltzarri izan daiteke, bai lasterketa, bai txapelketa nork irabazi erabakitzerakoan.