28.484,24 euro, KBG sindromea ikertzen jarraitzeko
Batera Gara jaialdi solidarioan bildutako dirua Espainiako KBG Sindromearen Elkartera bideratuko dute. Antolatzaileak zein KBG sindromea elkarteko kideak "oso pozik" agertu dira herritarren erantzunagaz.

Gernika-Lumoko pasealekua goraino bete zuen Batera Garako marea berdeak ekainaren 15ean, eta gaur [uztailak 16], KBG sindromea ikusarazi eta sindromea duten ume, gazte eta horien familiei laguntzea helburu izan duen jaialdian bildutakoaren berri eman dute: guztira 28.484,24 euro batu dituzte, eta antolatzaileak “pozik” agertu dira egunak utzitakoagaz. Dirua Espainiako KGB Sindromearen Elkartera bideratuko dute.
Batera Garako kideak helburua bete dutela uste dute, KBG sindromearen inguruko informazioa “asko zabaldu” baita: “Toki askotara iritsi gara. Pila bat kamiseta atera ditugu, Gernikatik zein Gernikatik kanpo ikusten direnak. Kamiseta duenak badaki zeri buruz doan; Batera Garako kideak pozik gaude sindromeari emandako ikusgarritasungaz”. Hala, jaialdiaren balorazio orokorra “oso ona” dela aitortu dute.
June Bidaguren KBG sindromea duen umearen ama eta KBG sindromea elkarteko kidea ere “oso pozik” agertu da: “Orokorrean ez dugu uste horrelako gaixotasunak inguruan egon daitezkeenik, inork ez duelako horren inguruan hitz egiten. Batera Garatik gurekin harremanetan jarri zirenean izugarria izan zen, aukera ona KGB ikusarazteko eta jendeak ikusteko Gernikan zein edonun horrelako gauzak ere ematen direla, gaixotasun horiek gure artean ere badaudela”. Dirua Espainiako KBG Sindromearen Elkartera bideratuko dute, eta diruagaz zer egin beraiek erabakiko badute ere, printzipioz ikerketara bideratuko da: “Murtziako unibertsitatean ikerlari talde bat dago KBG sindromea ikergai duena, eta eurentzat bideratuko da”. Gaur gaurkoz sindromeak ez du tratamendurik, eta pairatzen dutenak fisioterapeuta, logopeda, psikologo eta psikiatrekin “lan asko” egin behar izaten dute, neurri batean sintomak arintzeko.
Batera Garako kideak jaialdia “oso ondo” amaitu zela nabarmendu dute: “Goizean eguraldia pixka bat kili-kolo egon zen eta ez zen horrenbeste jende animatu. Eguerdirako, umeen lasterketa txikirako jende asko hurbildu zen, eta horren adierazle da batu dugun dirua”. Hala, eskerrak eman dizkiete jaialdiagaz bat egin zuten herritar eta boluntario guztiei: “Eskerrik asko gure atzetik dabiltzan guztiei. Sei pertsonen artean antolatu dugu jaialdia, baina atzetik jende asko dago: gaztetxeak, kirol taldeak, tabernak… Gernika eta inguru guztiari eskerrik asko, ia hemedik bi urtera ere hemen batzen garen”.
Izan ere, aurtengo edizioa guztiz zarratuta, atzean “lan asko” dagoela azpimarratu eta atseden hartu gura dutela azaldu dute antolatzaileek, baina, hala ere, Batera Gara jaialdiak jarraipena izango duela uste dute: “Atzean lan asko dago, ordu asko. Bolondres egiten dugu lan, eta laguntza asko behar dugu. Gu saiatu egingo gara; gure artean hitz egin beharko dugu, baina printzipioz bai”. Helburu eta nahi nagusia argi dute, Batera Gara “umeei lotutako ekintza” izatea eta beraien laguntza eskaintzea, era bide horretan jarraitu nahiko lukete.