Gaztetxe eta gazte asanbladak defendatzeko, "ideia askatzaileak eta antolakuntzaren kultura"
Bizkaiko hainbat gaztetxe eta gazte asanblada elkartu ziren zapatuan Gernika-Lumon [uztailak 12], 'Gaztetxeak aurrera' lelopean espazio horiek "defendatu eta indartzeko" helburuagaz.

Gernika-Lumok gaztetxe eta gazte asanbladak “defendatu eta indartzea” helburu zuen jardunaldia hartu zuen zapatuan [uztailak 12], egun guztiko egitarauagaz. Bizkaian azken aldian gaztetxeen aurkako eraso “asko” izan direla salatu zuten, besteak beste Sestoako Txirbilinea eta Bilboko Etxarri II hustu dituztela edota Igorreko Kiñu eta Zornotzako Matrailu gaztetxeak arriskuan daudela gogoratuta. Era berean, “gaztetxeen aldeko borrokak” ere balioan jarri zituzten, Gernika-Lumoko Egurre gazte asanblada “gaztetxeaz birjabetu” dela edota Durangon gaztetxe berria zabaldu dutela azpimarratuta. Hala, Pasealekuan elkartu ziren asanbladetako kideek “gazte eta gazte asanbladen aldeko hautua” egiten dutela berretsi eta “bizimodu prekarioaren, despolitizazioaren, pentsamendu belizistaren eta diskurtso erreakzionarioei” aurre egiteko gazteen artean “ideia askatzaileak eta antolakuntzaren kultura” zabaltzearen alde agertu ziren.
Gaztetxe eta gazte asanbladen inguruko auziak eztabaidatu eta “harremanak sendotzeko” baliatu nahi izan zuten eguna, eta horregatik, Gaztetxeak aurrera lelopean, ‘Zer dira gazte asanbladak?’, ‘Norentzat dira?’ edo ‘Zer ekarpen egin dezakete gaur egun?’ bezalako galderen inguruan hausnartu zuten. Arratsaldean, ekitaldi politikoari ekin aurretik, Basauriko Txarraska gaztetxeko, Zornotzako Matrailu Gaztetxeko, Galdakaoko Izetu Gazte Asanbladako eta Durangoko Kaletik Gaztetxera gaztetxeko ordezkariak Espazioaz hausnartzen mahai inguruan elkartu ziren, hausnarketa eta ondorioak elkarrekin partekatzeko asmoz.

Argazkia: Gaztetxeak Aurrera
Iluntzeko ekitaldia gazteriaren gehiengoak “ezin duela bizi proiektu propiorik eta etorkizun egonkorrik izan” salatzeko baliatu zuten: “Hori guztia onar dezagun, indarrez eta interbentzio kulturalaren bidez despolitizazioan hezten gaituzte, eta gure miseriaren errudun faltsuak aurkezten dizkigute”. Halaber, gazteen artean matxismoa, arrazakaria, homofobia eta transfobia ere “gero eta indar gehiago” hartzen ari direla nabarmendu zuten: “Gorakada erreakzionarioaren baitan, okupazioaren kriminalizazio bat ere ikusten ari gara”.