Busturialdea, Urmugaren doinu eta pausoen eszenatoki
Bigarren eta hirugarren etapek Busturialdea zeharkatu dute, eta kontzertuek une hunkigarriak utzi dituzte Altuben eta Ereñon.

Mendia eta musika uztartzen dituen Urmuga ekimen herrikoia berriz ere Euskal Herria zeharkatzen ari da. Aurtengo edizioa uztailaren 11tik 31ra bitartean egiten ari da, eta antolatzaileen esanetan, “orain arteko handiena eta bereziena” izaten ari da. Bideari ekin eta gutxira, bigarren eta hirugarren etapak Busturialdeko lurretan egin dituzte, giro eder eta parte-hartzailearekin.
Bigarren etapa Altubeko portuan amaitu zen, eta ospatutako kontzertuan une zirarragarriak bizi izan ziren. Anje Duhaldek Eperrak kantu mitikoa abestuz hunkitu zituen bertaratutakoak, eta Alaitz eta Maiderren doinu biziek, Et Incarnatus Orkestrarekin batera, sekulako giroa piztu zuten. Entzuleek bizitakoa “momentu magiko” gisa definitu zuten. Leturia, Alaitz eta Maider, Pirata eta gainontzeko partaideek, Compostelako Erromesa abestu zuten, eta bertan bildutako adin guztietako jendea korroan dantzan aritu zen.
Hirugarren etapan, Gaztelugatxetik Ereñozarrera egin zuten ibilaldia, eta iluntzean, San Miguel elizan ospatu zen kontzertuak amaiera paregabea jarri zion eguneko egitarauari. Jendez lepo zegoen elizan Lau Teilatu kantuaren moldaketak bezalako doinuak entzuteko aukera egon zen.
Herenegun [uztailak 13], Busturialdea atzean utzi eta Urmuga ekimenak Lea-Artibaira egin zuen jauzi. Bihartik aurrera berriz, Gipuzkoara jauzi egingo dute mendizaleek, eta hilaren 31ararte etapaz-etapa Santa Engraziraino iritsiko dira. Bitarte horretan, mendia eta musika bidelagun, parte hartzaileek: “eskualdeko ondare naturala eta kulturala oinarri hartuta esperientzia partekatu eta komunitarioa” bizitzeko aukera izan zuten.