Sustabiz Fundazioak “harrera bikaina” izan du Reusen
Joko eta Kirol Tradizionalen Europako Alkartearen (AEJeST) urteko topaketan parte hartu dute asteburuan [uztailak 12 eta 13].

Inguruko herrietan eskaintzen dituzten erakustaldietatik apur bat urrundu dira asteburuan [uztailak 12 eta 13] Sustabiz Fundazioko kideak. Kasu honetan, Reusera joan dira Joko eta Kirol Tradizionalen Europako Alkartearen (AEJeST) urteko topaketan parte hartzeko. Bertan, Europako 11 herrialdetako ordezkariek eta Estatuko zazpi autonomia-erkidegotako erakundeekin aritu dira elkarlanean.
Euskal herri kirolek “arreta handia” sortu dutela esan du, eta horregatik, Sustabiz Fundazioko kideek eskainitako erakustaldiez gain, inguruko herrietan egin bezala, jardunaldi parte hartzaileak ere egin izan dituzte asteburuan. Zihara Zabala, Leire Olea, Ane Atxutegi eta Ihar Urruzuno izan dira bidaiatu duten kirolariak. “Egia esan harrera oso ona izan dugu eta herritarrak, antolatzaileak eta gu geu ere oso pozik gaude emaitzagaz”, esan dute.
Sortu dituzten harreman eta elkarlan berriak proiektuari eman ahal dioten “aberastasuna” nabarmendu dute. Adierazi dute Sustabiz Fundazioarentzat “oso garrantzitsua” dela Europako erakusleihoa zabaltzea. Erasmus+ bezalako proiektuetan sartzeko eskaera jaso izan dutela azpimarratu dute, eta horrelakoetan sartzeak ekarri dezakeen “indarra eta hauspoa” funtsezkoak izan daitezkeela etorkizunerako.
Aurrera begira
2026an Bilbok hartuko du AEJeST-eko zuzendaritza batzordearen urteko bilera. Hain zuzen ere, topaketa baliatu nahi izan zuten proiektuaren gida lerro nagusien aurkezpen bat egiteko. Adibidez, aurreratu dute Dani Carballo arkitektoak Euskal Herriko plazen inguruko kokaleku eta arrazoien inguruko hitzaldia eskainiko duela. “Implantación del juego de pelota en los centros historicos. Grados de implantación del juego en la arquitectura izeneko tesia idatzi du . Bertan azaltzen du zelan antolatu izan dira herri asko: udaletxeak plazako atzeko aldea dauden kokatuta, kultur etxeak eskuman eta eliza ezkerrean eta frontoia beste aldean. Urteetan zehar zelango eraldaketa eta bilakaera izan dituen azalduko ditu, batez ere, euskal pilota eta herri kirolen ikuspuntutik”, azaldu dute.
Nabarmendu dute gaiak “interes handia” sortu duela Espainiar Estatuko eta Europako bestelako ordezkariengan. Horrez gain, zelan ez, aukera baliatu nahi izan zuten Sustabiz Fundazioak Euskal Herriko Herri Kirolen Federazioagaz batera irekiko duen Herri Kirol Zentroaren lehen argibideak emateko.