Eguraldi txarrari, festa eta giro ona
Eguraldiak barikuko kontzertua bertan behera uztea eragin bazuen ere, San Kristobal jaien balorazio "oso ona" egin dute Busturian. Nabarnizen atzo elkartu ziren herritarrak, ohi legez sankristobalak jan-edanean ospatzeko.

Sankristobalak ospatu dituzte asteburuan Busturian, denetariko eskaintzagaz. Euriak zeresana izan du jaietan, eta ekintzaren bat edo beste bertan behera uztea ekarri badu ere, Busturiko Udaletik jaien balorazio “positiboa” egin dute, Busturiko zein inguruko herritarren erantzuna “ona” izan baita.
Barikuan [uztailak 11] Otsozulo Gazte Asanbladak antolatutako gazte bazkarian elkartu ziren herriko zein inguruko ehun gazte inguru, eta arratsaldea Kantu Kantarigaz pintxo potean aterata biribildu zuten. Gau aldera baina, eguraldiak okerrera egin zuen, eta euriak eta tximistek Oxabiren kontzertua bertan behera uztera behartu zituen: “Pena handia izan zen, 22:30etik 00:00etara egon ginen itxaroten baina taldeak ekipo elektriko eta elektronikoa zuen, eta horrek tximistak erakarri zitzakeen. Bertan behera uztea erabaki eta dena batzeagaz batera, atertu eta tximistak gelditu ziren”. Sankristobaletako barikuetan “zapatuetan baino jende gutxiago” egoten da Busturian, baina hala ere, oztopoak oztopo, plaza “erdi beteta” egon zen: “DJ Jaikidek bai jo zuen eta txosnak goizeko seiak arte zabalik egon ziren, giro polita zegoelako”.
Herenegun [uztailak 12], berriz, dena “oso ondo”joan zen. Eguna Busturia Urzelai Futbol Klubak lehenengoz antolatutako futbol partida herrikoiagaz hasi zuten. Busturitik zein beste hainbat herritatik etorritako 5 eta 14 urte bitarteko “60 ume inguru” elkartu ziren eta denak topaketaren domina oroigarriagaz itzuli ziren etxera. Arratsaldean, bestalde, Busturia Txirrindulari Taldeak deitutako lasterketaz gozatu zuten: “Zirkuitu moduko bat prestatu zuten, proba eta erronka ezberdinekin eta oso polito egon zen”. Iluntzean danborradaren txanda izan zen, eta beste urte batez, “plaza beteta” egon zen herriko danbor jole txiki zein helduek prestatatutko emanaldia ikusteko.
Gaua goizaldera luzatzearen ardura Jagoba&Hazasen, Zutik Erromeriaren, D.J.Bullen eta Otsozuloko Otso eta Zulo DJen esku zegoen, eta ez zuten hutsik egin: “Plaza jendez gainezka egon zen, eta txosnak goizaldera arte zabalik egon ziren”.
Axpera begira. Barikuko ezbeharra kenduta, San Kristobal jaien balorazioa positiboa egin dute: “Eguraldia ez dago inoren esku, baina hala ere, jaietan herriko eta kanpoko jendea egon da eta lau eguneko balorazioa oso ona da”. Otsozuloko kideak jaietako kontuak oraindik egiteke badituzte ere, orokorrean “pozik”agertu dira egindako lanagaz: “Uste dute bai barikuan, bai zapatuan —bereziki zapatuan— gauza ondo joan dela txosnan”.
Sankristobalak agurtuta, dagoeneko Santiago eta Santa Ana jaiei begira daude: “Gaurtik Axpera begira gaude. Jaiak antolatuta daude, baina beti dago zer egin: hesiak, sukalki txapelketako mahaiak, sariak… Batzuk agurtu eta beste batzuk hasi, Busturian horrela izaten da, eta gaurtik Axpera begira gaude”.
Busturia ez da baina asteburuan San Kristobal jaietan murgildu den eskualdeko herri bakarra. Nabarniztarrak San Kristobal ermitaren inguruan elkartu ziren atzo [uztailak 13], sankristobalak jan-edanean ospatzeko. Ohi legez, meza ostean urdaizpikoa eta haragi txigortua izan zituzten aukeran herritarrek.

Sankristobalak ospatu zituzten Nabarnizen, atzo.


















































































































































































































































































































































