Busturialdeko zenbait txoko, Karmen jaien atarian
Jairik jai dabiltza Busturialdeko herritarrak asteotan. Karmen jaietan murgilduko dira batzuk oraingoan; Bermeoko Mañu auzoak, Elantxobek eta Gautegiz Arteagako Zendokiz auzoak dena prest dute auzo zein herriko bazter guztiak aitortzaz zein jai giroz janzteko. Tradizioari hutsik egiteko asmorik barik prestatu dituzte han eta hemen askotariko egitarauak. Esate baterako, Karmen egunean arrantzaleen babeslea kalera aterako dute elantxobetarrek, beste urte batez.

Bata bestearen atzetik, eta gelditu barik. Horrela pasatzen omen dira udako jaiak. Asterik aste, eskualdeetako herri batetik bestera saltoka, bazter guztietako jai giroa dastatzen ari dira Busturialdeko bizilagunak ere.
Izan ere, batzuk amaitu bezain laster, beste batzuk hasten dira. Edo, batzuk amaitu aurretik, beste batzuk hasten dira. Han eta hemen sankristobalak ospatuko badituzte ere, Karmen jaietan murgilduta ibiliko dira beste batzuk. Euskal Herriko hamaika txokotan bezalaxe, Busturialdeko zenbait lekutan ere piztuko dute jai giroa. Datozen egunetarako askotariko egitarauak prestatu dituzte, eta Karmen egunean aitortza eta omenaldientzako tartea gordeko dute, beti ere, jai giroa nagusituz.
Bermeoko Mañu auzoa, Gautegiz Arteagako Zendokiz auzoa eta Elantxobe izango dira protagonista Busturialdean karmenetan. Aurten, eguaztena da Karmengo Amaren eguna, eta egun hori bera baliatuko dute eskualdeko hiru tokiek jaiei hasiera emateko. Bermeoko Mañun, eguaztenetik zapatura bitarteko egitaraua antolatu dute, jan-edana, musika eta tradizioa uztartuz. Gainera, adin tarte desberdinentzat pentsatutako ekintzak prestatu ditu Mañuko Jai Batzordeak, Bermeoko Udalaren laguntzagaz.
Meza nagusia izango da Karmen egunez jaiak irekiko dituena, umeentzako jolasen aurretik. Herri kirolentzako tartea ere izango da auzoan. Eta, egun guztian zehar trikitilariek girotuko dute jai gunea. Karmen bigarren egunean, aldiz, janaria izango da nagusi; bakailaoa eskainiko dute. Zaldi-proben erakustaldiagaz itxiko dute jaietako bigarren eguna.
Barikuan, mus txapelketak hartuko du auzoa, eta zapatuan, berriz, askotariko ekintzek. Izan ere, arratsaldean KIETB erraldoien tailerrak izango dira, euren erakusketa eta dantzaldiarekin batera. Karmenetako azken egun horretan, tortilla txapelketa lehiatuko dute, eta musika izango da, azkenik, jaiak zarratuko dituena; DJ Jaikidek girotuko du auzoa.
Elantxoben, aitortza
Elantxoben, urtero bezala, omenaldi eta aitortzarako tartea hartuko dute. Elantxobetarrentzat ere egun berezia izaten da Karmen eguna, arrantzari estuki lotutako herria baita. Aurten, Karmen egunean bertan egingo dituzte ospakizun denak, eta ohiturei segika, meza ostean aurreskua dantzatu, eta Karmengo Amaren omenezko prozesioa egingo dute Tinglaupetik moilaraino. Han loreak uretara botako dituzte, batik bat itsasoan hildakoak gogoan izateko. Sardina erreak jateko tartea ere hartuko dute, urtez urte egin bezala, eguerdi aldean.
Era berean, aurten ere haurrentzako ekintzak aurreikusi ditu Elantxobeko Udalak. Iaz estropadak antolatu zituzten, eta aurten, ostera, uretako puzgarriak jarriko dituzte portuan, gazteen gozamena bermatze aldera.
Edozein jaitan bezala, ez da musika eta jai girorik faltako. Izan ere, arratsaldean Lekeitioko erraldoiak izango dira Elantxoben, herria girotzen, musikatzen eta koloreztatzen. Horrez gain, egunari itxiera emateko, Orkestra Elektrotunaren txanda izango da, 19:30etik aurrera.
Zendokizen, tradizioa
Zendokizen ere tradizioz ospatzen dute uztailaren 16a, Karmengo baselizaren inguruan. Historikoki, arteagarrak itsasoan lanean aritutakoak izan dira, eta egun horretan familiakoen babesa eskatzera joaten ziren baselizara, arrantzaleen babesle den horrengana.
Tradizio horren bueltan elkartuko dira, beste urte batez. Alde batetik eguaztenean, Karmengo Amaren egunean, mezan bilduko dira herritarrak; eta bestetik, domekan udalerriko Artie Dantza Taldearen eta Eingo taldearen emanaldiekin girotuko dute auzoa.
MAÑU (BERMEO):
UZTAILAK 16, KARMEN EGUNA.
- 11:30. Meza nagusia.
- 13:00. Umeen jolasak.
- 18:00. Umeentzako gaztelu puzgarria.
- 18:30. Meza.
- 19:30. Herri-kirolak.
- Egun guztian. Trikitilariak.
UZTAILAK 17, KARMEN BIGARRENA.
- 20:00. Bakailaoa nahi duenarentzat.
- 21:00. Zaldi-proba erakustaldia.
- Egun guztian. Trikitilariak.
UZTAILAK 18, BARIKUA.
- 19:00. Mus txapelketan izena ematea.
- 20:00. Mus txapelketa.
UZTAILAK 19, ZAPATUA.
- 18:00. KIETB erraldoien tailerrak, erakusketa eta dantzaldia.
- 18:00. Tortilla txapelketan izena ematea.
- 20:00. Tortilla txapelketako aurkezpena.
- 20:30. Tortilla txapelketako sari-banaketa.
- 21:00. DJ Jaikide.
- Ondoren. Nekazaritza-turismoko establezimendu baterako zozketa eta jaien amaiera.
ELANTXOBE:
UZTAILAK 16, KARMEN EGUNA.
- 12:00. Meza santua, aurreskua eta prozesioa.
- 13:00. Sardina erre jana.
- 17:00. Uretako puzgarriak.
- 18:30. Lekeitioko erraldoiekin kalejira.
- 19:30. Orkestra Elektrotuna.
ZENDOKIZ (GAUTEGIZ ARTEAGA):
UZTAILAK 16, KARMEN EGUNA.
- 12:00. Meza.
UZTAILAK 20, DOMEKA.
- 13:00. Meza.
- Ostean. Artie Dantza taldearen eta Eingoren emanaldiak.