Askatasunaren aldeko borrokan batzeko deia eroango du Ernaik Astra Iluntzeetara
Poesia, margolana, erakusketa eta beste hainbat adierazpen artistiko batzen dituen proposamena prestatu dute eguazten honetarako [uztailak 16], eta Gorriontxu eta Laztanaren musikak girotuko du saioa. Bestalde, 'Ekin eta bultza, askatasunera' kanpainaren barruan, Bermeoko Ernaik gaur arratsalderako ekitaldi politikoa deitu du.
Ekin eta bultza, askatasunera kanpaina prestatu du Ernaik uda honetarako, eta Astra Iluntzeaken egitarauaren barruan bere lekua edukiko du. Izan ere, Gernika-Lumoko Ernaik antolatu du aste honetako saioa, eta kanpaina bete-betean, euren aldarrikapenak Astra Iluntzeetara eroateko aprobetxatuko dute eguazteneko [uztailak 16] saioa.
20:00etatik aurrera, poesia, margolana, erakusketa eta beste hainbat adierazpen artistiko izango dira ikusgai eta entzungai, DJ Gorriontxu eta Laztanaren saio berezi eta lasaiak girotuta. Astra Iluntzeaken egitarauko emanaldi guztietan bezala, sarrera doakoa izango da. Aurten lau saioagaz osatu dute egitaraua; ekainaren 25ean izan zen lehenengoa, eta aste honetakoa hirugarrena da. Datorren astean etenaldia egin, eta uztailaren 30ean egingo dute azkenengo saia; Mobiduren eskutik, umorezko bakarrizketekin gozatuko dute bertaratzen direnek.
Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren testuinguruan ari da Ernai kanpaina egiten, eta herriz herri hainbat ekitaldi egiten dabiltza. Kanpainaren bidez, azken 50 urteetan Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatutako belaunaldiei aitortza egin nahi diete, eta, aldi berean, egungo gazte belaunaldiari askatasunaren aldeko borrokan batzeko eta bultzaka jarraitzeko garaia dela helarazi.
Gaur, Bermeon. Bermeoko Ernaik ere kanpainagaz bat egin, eta gaur arratsalderako ekitaldi politikoa deitu du. Talan elkartuko dira, 20.00etan.
Irailaren 14an Donostian amaituko dute kanpaina, mobilizazio nazionalagaz: “Ekin eta bultza, askatasunera lelopean egingo den mobilizazio horretan, euskal gazteria mobilizatzera deitzen dugu, elkarrekin etorkizun aske baten alde bidea egiteko”.