Baztarre eta Alde Zaharreko jaiak, motorrak berotzen hasteko
Bihar [uztailak 18] Kabidxe Gune Sozialaren 10. urteurrena ospatuta hasiko dituzte Alde Zaharreko jaiak. Astelehean Baztarre auzoan batuko dira, txokolatada, ikuskizun eta kontzertuak izango baituzte aukeran.

Madalen egunera begira herria girotzen hasteko, bihar [uztailak 18] hasi eta astelehera [uztailak 21] bitartean Alde Zaharreko jaiak ospatuko dituzte. Aurten ere, bigarren urtez jarraian, Baztarreko jaiak Alde Zaharreko jaien azken eguna izango dira. Lau eguneko egitaraua Bermeoko Txosna Batzordeak, Kabidxe Gune Sozialak eta Baztarreko Kale Katuek elkarlanean prestatu dute.
Kabidxe Gune Sozialaren 10. urteurrena ospatuz hasiko dituzte jaiak bihar: «Hamazortzi eragilek osatzen dute Kabidxe, eta elkarbizitza horri erantzuna emateko, tratu onen dekalogoa prestatzeko prozesua abiarazi genuen, eta aurkezpena izango da jaietako lehen geldialdia». Ostean, argazki erakusketa bisitatu ahalko da. Gaua MJ Pepeiñotan eta Javier Sunek girotuko dute.
Etzi ere Goiko Plaza izango dute jairako topagune. Antolatzaileentzat «oso garrantzitsua» den Munduko Arrozak auzo bazkarian batuko dira eguerdian, baina aurretik, Kaleetako postizoak berreskuratzen hitzaldi eta tailerra izango dituzte aukeran: «Duela urte batzuk galdutako tradizioa berreskuratzea da asmoa».
Domekan festa Gaztelura lekualdatuko da: Asier Herranz Samidoun preso palestinarren aldeko nazioarteko antolakundeko kideak eta Azahara Hag Bermeoko palestinarrak Palestinar Erresistentzia: Etorkizuna borrokatzen hitzaldia eskainiko dute.
Astelehenean, Baztarre.
Ume eta helduentzako txokolate janagaz hasiko dituzte Baztarreko jaiak astelehenean. Gaztetxoek 13:30era arte jolasak izango dituzte aukeran eta, gainera, Trakamatra taldearen Matraka Culinary Center umeentzako ikuskizunaz ere gozatu ahal izango dute. Arratsaldean, ohi legez, kalejira egingo dute Kanta Kanta Lorue eta Kankinkabara Txistu Taldeagaz: «Aurten, gainera, auzoan bizi den Chris irlandarrak bere kide bategaz kontzertua eskainiko digu». 22:00etatik aurrera, Indabe eta Frigo taldeek girotuko dute gaua.
Auzotarren salaketa.
Madalen egunez herrira jende asko etortzen dela salatu dute auzokideek: “Zenbat gure herritar hurbiltzen dira gure txoko honetara eta harro gogoratzen dute askok berton jaioak direla, Bermeotar horiek auzotik irten zirenetik dezente aldatu da hemengo egoera, eta bermeotarrenak ziren etxeak orain turistaz beteta daudela salatu gura dugu”. Etxebizitzak turisten eskaintzen jarraitu bitartean “beste hainbat herritarrei” auzoan bizitzeko aukera kentzen zaiela azpimarratu dute: “Berton jaiotakoak izan zein ez, baina ez zaie auzo honetan bizitzeko, denon artean auzoa egiteko aukera ematen. Alde Zaharra ekonomiko indartu beharrean sozialki eta komunitarioki indartu behar dela”. Baztarre “berezitasun asko” dituen auzoa izanik, turistak baino, “auzokideak eta administrazio publikoaren laguntza” behar dituztela aldarrikatu dute.
EGITARAUA
- Bihar, Kabidxeren X. urteurrena
- 17:30. Tratu onen dekalogoaren aurkezpena.
- 18:00. Ate irekiak Kabidxen, argazki erakusketa eta umeentzako jolasak.
- 20:00. Alde zaharreko jaien txupinazoa.
- 20:30. Ospakizuna Kabidxen, MJ Pepiñotanegaz.
- 20:30. Kontzertua Kafe Antzokian: Javier Sun
- Etzi.
- 12:00. Kaleetako postizoak berreskuratzen hitzaldia eta tailerra, Asier Romero EHUko irakasleagaz.
- Ondoren. Postizoak egiteko umeentzako tailerra (arropa zaharrak eramatea gomendatzen dute).
- 12:30. Munduko arrozak auzo bazkaria, Goiko Plazan.
- 12:30. Herriko eragileen azokatxoa: barazkiak, kamisetak eta bestelakoak.
- 16:30. Tribial jokoa taldeka.
- 18:00. Musika Saioa: DJ Eromera.
- 20:30. Kontzertua Kafe Antzokian: The Sots.
- Domeka, uztailak 20.
- 18:00. Palestinar Erresistentzia: Etorkizuna borrokatzen hitzaldia, Gaztelun, Samidoun preso palestinarren aldeko nazioarteko antolakundeko kidea den Asier Herranz eta Bermeoko palestinarra den Azahara Hag izango dira hizlariak.
- 19:30. Hitzaldi musiaktua, Gaztelun: Sol Band (Gazatik Euskal Herrira).
- Astelehena, uztailak 21. Baztarreko jaiak.
- 10:00/13:30. Txokolatada eta jolasak.
- 11:00. Umeentzako ikuskizuna: Matraka Culinary Center.
- 19:00. Kalejira Kankinkabara Txistu Taldeagaz, Kanta Kanta Loruegaz, eta Chris & James musikari irlandarragaz.
- 22:00. Kontzertuak: Indabe eta Frio.