Zapia lepoan, sankristobaletan
"Hogei ibilgailu inguru" hartu ditu gaur [uztailak 10] San Kristobal eguneko auto apainduen erakusketak. Bihar, berriz, gazte bazkarian elkartuko dira "herriko eta inguruko herrietako" 100 gazte inguru.

Bere horretan ondo funtzionatzen duenak ez du aldaketa handirik eskatzen, eta hori ondo dakite Busturian. Horregatik, ohiko egitarauagaz San Kristobal Deunaren eguna ohiko egitarauagaz ospatzen ari dira gaur [uztailak 10]. Eguzkiak gogor jo arren, eguzkitako betaurrekoak eta krema eskuan, herritarrek ez dute hutsik egin, eta jai grinez hurbildu dira plazara.
Ohi legez, txupinazoa bota eta segituan, txistularien kalejira eta mezagaz hasi dute eguna. Eguerdi aldera, jaietako zapia lepoan dutela, San Kristobal plazara bertaratzen hasi dira busturiarrak, Irrintzi Alai Dantza Taldearen emanaldiaz gozatzeko. Dantzari txiki zein helduek beroari aurre egitea lortu, eta denetariko euskal dantzak dantzatu dituzte, San Kristobal plazan bildutakoen gozamenerako.
San Kristobal Busturiko auzo bat bat da, baina ez hori bakarrik, gidarien zaindaria ere bada. Zaindaritza aitzaki harturik edo, sankristobaletan falta ezin den ekintzarik bada, auto apainduen erakusketa da. Aurten gainera, antolatzaileen aurreikuspen guztiak hautsi ditu: Aitor Aretxaga Busturiko alkatea “harrituta” agertu da ekimenak izandako erantzunagaz: “Normalean bost bat ibilgailu egoten dira, eta aurten hogei inguruk parte hartu dute. Ez genuen espero”. Ibilgailuak lau taldetan banatu dituzte (turismoak, noranahiko ibilgailuak, kamioiak eta kart-ak) eta epaimahaiaren ustez talde bakoitzeko bi onenak zirenek Arroyabe produktu sorta jaso dute sari: kamioetan lehen saria Arburu eta Urdaiauto tailerrarentzat izan da (Nissan kaja kamioia, 1992koa); turismoetan, Talleres Sollubek eraman du saria (Audi RS 4) eta 4×4 ibilgailuetan, berriz, Presaldek (Suzuki Samurai). Kart mailan parte hartzaile bakarra egon da, A toda makina izenpean parte hartu duena. Umea izanik, gozoki poltsa jaso du, udal ordezkarien eskutik.
Eguerdian atseden hartzeko tartea hartuta, eguna txokolate janean elkartuta agurtu aurretik, arratsaldean umeek beraientzat pentsatutako jolasekin gozatzen ari dira.
Etenik barik. San Kristobal eguna gaur agurtuko dute busturiarrek, baina bihar [uztailak 11] eta etzi denetariko ekintzaz beteriko egitaraua dute aurretik. Bihar Otsozulo Gazte Asanbladak deituriko gazte bazkarian batuko dira «herriko eta inguruko herrietako» 100 gazte inguru. Eguraldi ona aurreikusi arren, euria egingo balu, bazkaria San Kristobal plazatik Altamirako tenis pistetara lekualdatuko dutela iragarri dute. Arratsaldean pintxo potean elkartuko dira, El Despiste fanfarreak girotutako kale-animazioagaz. Plazara itzulita, Oxabi erromeriaren eta DJ Jaikideren emanaldiekin amaituko dute eguna.
Etzi [uztailak 12], berriz, Urzelai Futbol Klubak deitutako futbol partida herrikoia eta Busturia Txirrindulari Taldeak antolaturiko lasterketa izango dituzte aukeran. Gaua «goizaldeko bostak arte» luzatzearen ardura, berriz, Jagoba&Hazasen, Zutik Erromeriaren, D.J.Bullen eta Otsozuloko Otso eta Zulo DJen esku geratuko da.
Txosna solidarioa. Laugarren urtez, Egurre Mendi Taldeak txosna solidarioa jarri du Busturian. Aurten bildutako dirua gaixotasun arraroak dituzten “bi ume zoragarriri” laguntzera bideratuko dute. Esan dutenez, ekarpenak txosnan zein Bizum bidez jasoko dituzte, 667 49 81 49 zenbakiaren bidez.


























































































































































