Sustabiz Fundazioak ‘Reus Juga!’ jaialdian parte hartuko du
Sustabiz Fundazioa asteburu honetan Reusen egongo da, Joko eta Kirol Tradizionalen Europako Alkartearen (AEJeST) urteko topaketan parte hartzeko. Topaketa Reus Juga! Joko Tradizionalen 7. Jaialdiaren baitan egingo da asteburu honetan zehar. Europako 11 herrialdetako ordezkariek eta Estatuko zazpi autonomia-erkidegotako erakundeek hartuko dute parte bertan.
AEJeST alkarteko kide da Sustabiz Fundazioa, eta, besteak beste, Herri Kirolak, Pilota eta Arrauna sustatzea ditu helburu nagusietako bat. Fundazioaren zuzendaritzatik azpimarratu dutenez, halako topaketak “aukera paregabea” dira euren lana nazioarteko foro batean ezagutarazteko eta beste herrialde batzuetatik ikasteko. “Gure lan-sistema aurkeztuko dugu: oinarrizko lanketa kalitatezkoa eta egokia izatea dugu helburu, bai herri kiroletan, bai pilotan eta baita arraunean ere. Era berean, promozio-lanerako baliabideak aurkeztuko ditugu eta eskaintza formalizatua egingo dugu”, azaldu du Joseba Etxebarria Sustabiz Fundazioko zuzendariak.
Topaketa instituzionaletik haratago, Sustabiz Fundazioak aktiboki hartuko du parte jaialdiaren egitarauan. Zapatuan [uztailak 12], goizez eta arratsaldez, euskal kirol tradizionalen erakustaldiak egingo ditu, eta erakustaldi horietan Zihara Zabala, Leire Olea, Ane Atxutegi eta Ihar Urruzuno kirolariak arituko dira. Horrez gain, fundazioko ordezkariek ludikotasuna eta komunitateen babesa hizpide izango dituen nazioarteko sinposio batean hartuko dute parte entzule gisa.
Sustabizek, beraz, nazioarteko foro honetan presentzia izango du asteburu honetan: “euskal kirol tradizionalak mundura zabaltzeko” asmo argiarekin.