Sankristobalak, herriko eta ingurukoek bat egiteko plaza
San Kristobal jaiak ospatuko dituzte bihar hasi eta zapatura bitartean Busturian. Aurten, sankristobaletako lasterketa berreskuratu du Busturia Txirrindulari Taldeak.
Sanantonioak, sankristobalak, Santiago eta Santa Ana jaiak, Edurtzetako Andra Mari jaiak, Itsasoko Ama Birjinaren jaiak, San Bartolomeko jaiak… Udan festa giroan murgiltzen diren herriak asko dira, eta horren adibide da, esaterako, Busturia. Bihartik [uztailak 10] zapatura bitartean [uztaialk 12], San Kristobal jaiak ospatuko dituzte, “herritarrentzako zein hurbildu gura duen edonorentzako” egitarauagaz.
San Kristobal egunean batuko dira busturiarrak bihar, eta, ohi legez, txistularien kalejira eta mezagaz hasiko dute eguna. Eguerdi aldera ez dira Irrintzi Alai Dantza Taldearen emanaldia eta auto apainduen erakusketa faltako.
Etzi, berriz, Otsozulo Gazte Asanbladaren erritmora ibiliko dira, beraiek antolatu baitituzte eguerdiko karro poteo musikatua eta osteko gazte bazkaria: “91 pertsona inguruk eman dute izena; iaz 60 bat izan ziren eta aurten ia 100, giro ona egongo da”. Jan-edanak arratsaldean izango du jarraipena, Kantu Kantarigaz batera pintxo-potea egingo baitute herritarrek. Gaua girotu eta goizaldera arte luzatzea berriz, Oxabi eta DJ Jaikideren esku geratuko da: “Zapatuan jende asko etortzen da trenak daudelako, baina barikuan ez daudenez, talde esanguratsu bat jarri nahi izan dugu”. Ostean, gazte asanbladako Otso eta Zulo DJek dinamizatuko dute festa.
Kiroletarako tartea ere hartuko dute busturiarrek jaietako egitarauaren barruan. Zapatuan, Busturiko Urzelai Futbol Klubak antolaturiko futbol partida herrikoietan elkartuko dira 5 eta 14 urte bitarteko ume eta gaztetxoak. Aurretik izena eman ez dutenek gaur dute horretarako azken aukera, 747 43 14 73 zenbakira WhatsApp bidez mezua bidalita. Arratsaldean, berriz, txirrindularien txanda izango da: “Busturia Txirrindulari Taldea berriro hasi da martxan. Beste batzuek hartu dute zuzendaritza taldea eta aurten, zapatua arratsaldean lasterketa egingo dute, aspaldi egiten ziren lasterketak berreskuratuta”.
Sankristobaletan hutsik egiten ez duen ekintza da danborrada; iaz mende laurdena emanaldi bikoitzagaz ospatu ostean, aurten 20:00etan aterako dira, “betiko kantak” jotzeko: “Nagusien danborradan 40 bat pertsona egongo dira, eta umeenean 25 inguru; iaz jende gehiago animatu zen arren, ohitura mantentzen da, eta kopuru polita da danborradarako”.
Udaletik jaiak busturiarrentzat bai, baina inguruko udalerrietako herritarrentzat ere badirela nabarmendu dute, “denak ongi etorriak” direla zehaztuta. Izan ere, egitarauak barne hartzen dituen hainbat ekintza “animatu gura duen edonorentzat” direla azpimarratu dute: “Beste urte batzuetan, agian, goizetan ez da egon horrenbeste ekintza, jaia arratsalde-gaueko girora bideratuta egon delako, baina aurten egia da ekintza piloa egingo direla egunean zehar, eta jendea horietan parte hartzera animatzen dugu, polita izaten da-eta”.
Puntu morea, txosnan. Busturian iaz hasi ziren eraso sexisten kontrako protokoloa lantzen, eta aurten “hobetu” egin dute: “Puntu morea Otsozulo Gazte Asanbladakoen txosnan egongo da. Beraiek badakite zein den protokoloa, formakuntza jaso dute, eta bertan eskatu ahalko da laguntza”. Hala, herriko jaiak “denonak” direla nabarmendu dute: “Errespetuz tratatu behar dugu elkar, Busturian ez dugu inolako erasorik onartzen eta horregaz oso zorrotzak izango gara”.
EGITARAUA
BIHAR, SAN KRISTOBAL EGUNA.
- 11:00. Txistularien kalejira.
- 12:00. Meza.
- Ondoren, Irrintzi Alai Dantza Taldea.
- Jarraian, auto apainduen erakusketa.
- 17:00. Umeen parkea.
- 20:30. Txokolatada.
ETZI.
- 13:00. Otsozulo elkarteak antolatuta, karro poteoa animatua, Altamiratik hasita.
- 15:00. Otsozulok antolatuta, gazte bazkaria, San Kristobaleko plazan (euria eginez gero, tenis pistetara lekualdatuko dute).
- 19:00. Kantu kantari eta pintxo potea.
- 20:30. Kale animazioa, El Despiste fanfarriagaz.
- 22:30. Musika: Oxabi erromeria eta DJ Jaikide.
- 02:00. Talde challenge-a, Crossfit Xixiliren eskutik eta DJ Jaikide.
UZTAILAK 12, ZAPATUA.
- 12:00. Futbol partiduak, San Kristobaleko futbito zelaian, Urzelai futbol taldeak antolatuta.
- 17:00. Txirrindularien lasterketa, Busturia Txirridulari Taldeak antolatuta.
- 20:00. Herri danborrada tximeleta fanfarriagaz, Atxurkulu elkarteak antolatuta.
- 22:30. Kontzertuak: Jagoba&Hazas, Zutik erromeria eta DJ Bull.