Gernikako merkataritza, etorkizunari begira
Udalak Merkataritza Behatokiaren hirugarren edizioa abiatu du, tokiko sektorearen erradiografia eguneratua osatzeko eta modernizazioaren bidean sakontzeko asmoz
Gernika-Lumoko merkataritza ez da jarduera ekonomiko hutsa. Oroimen kolektiboaren parte da, auzokideen arteko lotura eta etorkizunerako apustua. Horregatik, aste honetan Gernika-Lumoko Udalak berriro jarri du martxan azken urteotan ohiko bihurtu den tresna: Merkataritza Behatokiaren inkesta. Uztailaren 24ra arte egongo da zabalik, eta udalerriko 240 saltoki eta zerbitzu pertsonaletako establezimendu baino gehiagori zuzenduta dago.
Inkesta hau hirugarren aldiz egingo da, 2023ko eta 2024ko edizioen ondoren. Helburua da kaleko merkataritzaren egoeraren argazki zehatza eskaintzea: ez salmenten gorabeherak ezagutzea bakarrik, baizik eta sektorearen benetako tenperatura hartzea, premia nagusiak identifikatzea eta politika publiko egokiak diseinatzea.
Jon Lejarraga Merkataritza zinegotziaren esanetan, inkestak sektorearen kontakizun errealista eraikitzen laguntzen du. “Ez da tramite hutsa. Gure merkataritzari begietara begiratzeko modua da, entzutekoa eta norabidea elkarrekin adostekoa”, adierazi du.
Iazko edizioak argi utzi zuen Gernikako merkataritza sendotasunez ari dela aurrera, Udalaren konpromisoari eta merkatari bakoitzaren egokitzeko gaitasunari esker. KPIaren gorakadaren aurrean, negozioen %60k edo gehiago jarduera mailari eutsi zioten, eta %27k bezero berriak irabazi zituzten.
Familia-jarraipenak ere pisu handia du sare komertzialean: hiru establezimendutik bat bigarren edo hirugarren belaunaldiko kudeatzaileen esku dago. Zerbitzu pertsonalen alorrean, berriz, emakumeek dute nagusitasun osoa: %100 emakumezkoen titulartasunpean daude. Oro har, sektore osoan negozioen %68k emakumeen eskuetan daude.
Parte hartzea, erraza eta segurua. Inkestak 30 galdera ditu, bi ataletan banatuta. Lehenengoan, establezimenduaren identifikazioari buruzko informazioa biltzen da: jarduera sektorea, tamaina, langile kopurua… Bigarrenean, berriz, egoera ekonomikoari eta testuinguruari buruzko galderak daude. Online egiteko bost minutu behar dira gutxi gorabehera, eta telefono bidez ere erantzun daiteke, hamabost minutuko elkarrizketa baten bidez.
Lejarragak azpimarratu du halako diagnostikoek egiturak indartzeko eta etorkizuna aurreikusteko balio dutela: “Gure merkataritza-sarea baliotsua da: jende konprometitua dago atzean, iraun eta berritzen jakin izan duena.”
Inkestaren emaitzak irailean ezagutuko dira, eta parte hartu duten enpresa guztiek laburpen bat jasoko dute.
Udalak herriko merkatariei parte hartzeko deia egin die. Izan ere, oraina ezagutzea da etorkizuna diseinatzeko lehen pausoa.