Gaztetxeen defentsan, Gernikan elkartuko dira Bizkaiko gazte asanbladak
Gaztetxe eta gazte asanbladen aurkako oldarraldiaren aurrean, erresistentzia, elkarlana eta hausnarketa izango dira uztailaren 12ko jardunaldiaren ardatz Gernikan.

Bizkaiko hainbat gaztetxe eta gazte asanbladak “Gaztetxeak aurrera!” jardunaldia antolatu dute. Egitasmoaren helburua da gaztetxeen eta gazte asanbladen aurkako oldarraldiaren testuinguruan hausnarketarako eta borroka esperientziak partekatzeko espazio bat sortzea.
Azken hilabeteetan, hainbat eraso jasan dituzte gaztetxeek Bizkaian: apirilean, Sestaoko Txirbilinea eta Bilboko Etxarri II hustu zituzten hiru eguneko epean. Aldi berean, Igorreko Kinu eta Zornotzako Matrailu gaztetxeak desalojo arriskuan daude.
Horren aurrean, ordea, ez dira gutxi izan erresistentziarako eta berreraikuntzarako ahaleginak ere. Txirbilinea eta Etxarri II gaztetxeak desalojatu eta egun gutxira, Gernikako Egurre gazte asanbladak espazioa birjabetu zuen. Durangon, berriz, Kaletik Gaztetxera asanbladak gaztetxe berria ireki zuen duela aste gutxi. Azken horrek, gainera, EAJren okupazioaren aurkako lege berria aplikazioa jaso du. Horren aurrean, antolatzaileek azaldu dute elkarlanerako eta saretzeko espazioen beharra sentitu dutela: “Beharrezkoa ikusten dugu gaztetxe eta gazte asanbladak defendatu eta indartzea. Horregatik antolatu dugu egun osoko egitaraua, auzien inguruan eztabaidatu eta gure arteko harremanak sendotzeko”.
Helburu horrekin antolatu dute uztailaren 12an Gernikan egingo duten “Gaztetxeak aurrera!” jardunaldia. Goizeko 11:00etan hasiko da eguna harrerarekin eta gosariarekin. Ondoren, gaztetxe eta gazte asanbladen arteko eztabaida egingo dute, honako galderak abiapuntu hartuta: “Zer dira gaztetxeak eta gazte asanbladak? Norentzat dira? Zein ekarpen egin dezakete gaur egun?”. 15:00etan bazkaria izango da, eta 17:00etan mahaingurua egingo dute espazioaren auziaren inguruan, gazte asanbladen arteko solasaldi gisa. Bertan, Durangoko Kaletik Gaztetxera, Basauriko Txarraska, Galdakaoko Izetu eta Zornotzako Matrailu asanbladetako kideek hitz egingo dute. 19:30ean mobilizazioa eta ekitaldi politikoa egingo dituzte, eta eguna binilo pintxadarekin amaituko da.
Antolatzaileek gainontzeko gazte asanblada zein norbanakoei dei egin die egunean parte hartzeko: “Eztabaidarako, politizaziorako eta beste hainbat errealitate ezagutzeaz gain sozializatzeko espazio paregabea izango da eguna” Oraindik ere bazkarian izen-emateko aukera dago uztailaren 10rerarte sare sozialetatik, asanblada ezbedinetako kideen bitartez edo Katu tabernan.