25 urte, artearen bidez hondamendiaz barrezka
Spookypheria Productions elkarteak sortutako Gorefest Bermeoko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiak bere 25. urteurrena ospatuko du etzi [uztailak 11], 18:30etik aurrera, Nestor Basterretxea aretoan, "egitarau berezi bategaz".

Komediak, abenturazko filmak, dramak, musikalak… Gustu guztietara egokitutako genero eta obrak daude, eta denek dituzte milaka eta milaka zaletu han eta hemen. Zale guztiek ez dute baina, Bermeoko gore zimena zaleek duten zortea, hau da, herrian bertan, zaletasun bera partekatzen duten herritarrekin jaialdi batean elkartzeko aukera. Hala, ikus-entzunezko ilunen zaleek urtebetez itxaron duten hitzordua izango dute etzi [uztailak 11], Nestor Basterretxea aretoan. Izan ere, beste urte batez, odolez, fantasiaz eta beldurrezko film-laburrez eta musikaz gozatu eta ondo pasatzeko gogoz dauden pertsonen topaleku izango da Gorefest jaialdia.
Aurtengoa berezia izango da, Spookypheria Productions elkarteak sortutako Gorefest jaialdiaren 25. urteurrena ospatuko dutelako. Rober Garayk sasoi batean antolatzen zituen Pura Caspa edota Salpicon de Marisco ekimenek bultzatuta sortu zuten jaialdiak 1997. urtean du bere jatorria, urte horretan bertaratu baitziren egungo elkartekideak Bermeoko liburutegian Garayk antolatuko Salpicon de Marisco jaialdira: “Kuadrillako lagun batzuk joan ginen, eta film-labur amateur batzuk ikusi genituen, etxean egindakoak modukoak. 1998an, etxeko kamera hartu eta gureak egitera animatu ginen”, gogoratu du Iñigo Atxa elkartekideak.
2001. urterako “hiru edo lau” film-labur zituzten ekoiztuta, eta orduan, Bermeoko Udaleko Kultura Sailagaz harremanetan jartzea erabaki zuen, ikus-entzunezkoak herritarrei erakusteko “proiekzio txiki bat” antolatzeko ilusioz. Hala, urte horretan bertan burutu zuten gaur gaurkoz Bermeon errotuta dagoen jaialdiaren lehen edizioa. Antolatzaileen asmoa egun bateko kontua izatea bazen ere, herriaren erantzuna ikusita, aurrera egiten zuten: “Polito joan zen, 84 pertsona inguru etorri ziren, eta beste film-labur batzuk bilatzen jarraitu genuen. Baten bat telebistatik ere grabatu genuen. Gauza luzatu egin da, eta hemen gaude 25 urte beranduago”.
Urtez urte “jende gehiago” hurbildu da belaunaldi ezberdinak “ilunagaz, alternatiboagaz eta dibertumentuagaz” konektatzen dituen jaialdira: “2004ean eserleku guztiak bete ziren”. Hala ere, antolatzaileek 2015etik aurrera igarri zuten aldaketa handiena: “Karteletan Gorefest izenagaz batera, Bermeoko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldia jartzen hasi ginen eta orduan jende gehiago etortzen hasi zen. Hortik aurrera, azken hamar urteetan aretoa beteta egon da ia beti”.
Sinbolismoz beteta. Urtemuga “edizio berezi” bategaz ospatuko dute. Izan ere, 2020an pandemia zela eta, ezin izan zuten 20. urteurrena ospatu, eta urte horretarako pentsatuta zuten “ideia oso indartsua” aurten gauzatuko dute: “Freak zirku bat eta apokalipsia uztartzen zituen istorio bat zen, mundu amaiera baten antzeko zerbait, pandemia baten etorrerarekin. Bat-batean COVID-a heldu zen, eta gure fikzio zoroa benetakoa bihurtu zen”. Material guztia —argazkiak, bideoak, pertsonaiak…— gordetzea erabaki zuten eta aurten kaleratuko dituzte: “Urte hauetan guztietan, istorio horretako pasarte txikiak eskaintzen joan gara, eta orain, azkenik, forma osoa hartuko du 25. urteurren honetan”, azaldu du Atxak. Spookypheria Produktions-eko kideentzat “ziklo bat zarratzea” suposatzen du.
Gorefestaren proposamen estetiko eta narratiboa “zirkuaren, bazterkeriaren eta gizartearen geldiaraztearen” inguruan eraikitzen da, jaialdiaren “ohiko tonua errespetatuta”. Modu horretara, ikus-entzunezko elementu indartsuak eta izaera zinematografiko, barregarri eta performatiboaz gozatuko dute bertaratzen direnek: “Gure ekitaldiak bisualki indartsuak dira, baina aldi berean terapia kolektibo moduko bat dira; hondamendiaz barre egiten dugu artearen eta irudimenaren bidez”.
Gorekids, lehenengoz. Elkarteak “egitarau berezia” prestatu du, arratsaldean hasi eta gauerdira arte luzatuko dena. Bertaratzen direnek, urtemuga gogoratzeko argazkiak ateratzeko aukera edukiko dute photocallean, 19:00etatik aurrera. Proiekzioak, berriz, 20:00etan hasiko dira, eta aurreratu dutenez, ikus-entzunezkoak elkarrizketa eta artxibo-irudiekin uztartuko dituzte. Karteldegiari dagokionez, Polvo de ángel, Parasomnia, Apotemnofilia, Ángulo muerto, La última caja. Berta, Co-Haunting eta Gnomes film-laburrrak eskainiko dituzte.
23:00etatik aurrera, “urte askotan” buruan izan duten ideia bat egi bihurtuko dute, Deabru Beltzak taldeak sua, musika eta iluntasuna uztartzen dituen Les Tambours De Feu kale-antzerkia eskainiko baitu: “Ohore handia da guretzat”.
Baina, jardunaldiko berrikuntza handiena Nestor Basterretxean kanpoaldean egongo da, 18:30etik 21:00etara bitartean, eta umeak izango dira protagonista. Gorekids antolatu dute estreinakoz, umeak jaialdira hurbildu eta gutxika zinema mota horretara zaletuz joan daitezen. Iragarri dutenez, haurrentzako gunean marrazkiak egin, aurpegia margotu eta globoekin jolasteko aukera egongo da, besteak beste.
Urtemugaren atarian, Nadia Nemeh Bermeoko alkateak ere Gorefest jaialdiaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, sorreraz geroztik, Bermeoko kultura agendarako “desberdina eta apurtzailea” den ekimena ekarri duelako: “25 urtez bere esentzia mantendu du, freskotasuna galdu gabe. Spookypheriako kideei eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan egindako lan, sormen eta konpromisoagatik”.
Bermeoko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiagaz bat egin gura dutenek etzi erosi ahal izango dituzte sarrerak, Nestor Basterretxearen kanpoaldean, 6 euroren truke. Spookypheria Productionsekoek Elizabeltz, Bermeoko shock rock taldeagaz elkarlanean sortu duten 25 years of Blood abestiaren diskoa jasoko dute sarreragaz. Abestiaren bideoklipa dagoeneko ikusgai dago YouTuben, Spookypheric Vision kanalean.