Elai Alaik dantzaren eta kolorearen festa eskaini du Gernikan
Elai Alai dantzari taldeak ikasturtean erakutsitakoa jendaurrean jarri zuen joan den barikuan, Gernika-Lumoko Auditorioan. Jendetza bertaratu zen, eta denetariko dantzez —bizkaitarrez zein kanpokoez— gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Kolorez bete zuten ingurua, denetariko jantziak erakutsi baitzituzten
Urte guztian han eta hemen auzoak, herria edota ekitaldiak euskal dantzekin betetan ibili ostean, eurek eurentzako prestatutako saioa eskaini zuten. Euren lana balioan jarri eta egindakoari ikusgarritasuna emateko asmoz.
Dantzariak, baina, ez ziren bakarrik aritu. Eurekin batera eszenatokira igo ziren Gazteak Kultur Taldeko musikariak zein Busturialdeko Gaiteruek, baita Kalapitakako kideak ere. “Eskerrik asko gure zorakeria guztietara apuntatzearren”, eskertu zieten euren parte hartzea eta lana dantzari taldekoek. Eta, hasierako urduritasunei eskainitako saioan bikain erantzunda, “egun itzela” pasatu zutela diote Elai Alaikoek: “Eskerrik asko etorri zareten guztioi. Egun itzela izan da, ederto pasatu dugu”. Hala, ikasturtean ikasitakoa era bikain bezain ikusgarrian plazaratuta, txalo zaparradagaz agurtu zituzten euren familiakoek, lagunek zein ikusleek Elai Alaiko dantzariak.




































































































































































