San Kristobal jaiei ekiteko prest
Foruko eta Gernika-Lumoko Agarre auzoko bizilagunek sankristobalak ospatuko dituzte asteburuan, eta ez dira paella zein sukalki txapelketak faltako.
Uda hasi eta aurrera doala iragartzen duen zerbait bada, bata bestearen atzetik datozen herri eta auzoetako jaiak dira. Sanjoanak eta sanpedroak atzean utzita, sankristobalak ospatuko dituzte orain, Busturialdean. San Kristobal Deunaren eguna uztailaren 10ean izanik, jaiak aurretik egitea aukeratu dute zenbait lekutan, besteak beste, Foruan eta Gernika-Lumoko Agarre auzoan.
Gernika-lumotarrek gaur bertan ekingo diote jaiari, 20:00etan txupinazoa bota aurretik hondartzako pilotekin egingo duten apar jaian elkartuta. Eguna Xaiborrek jarritako musikaren erritmora agurtuko dute, ez, ordea, festa; bihar eta etzi ere hamaika ekintza izango dituzte aukeran. Kirolak ere bere lekua lortu du Agarreko jaietan, eta beste urte batez, auzotarrek futbito eta saskibaloi partiduak lehiatuko dituzte. Aurreratu dutenez, bihar, 18:00etatik aurrera, erakustaldiak, talde federatuak, guraso eta seme-alaben arteko partiduak eta sari banaketa egongo dira, besteak beste. Hala ere, sukaldariak izango dira protagonistak asteburuan Agarren, bihar tortilla txapelketan batuko baitira eta etzi, sukalki txapelketan. Gisatuaren lehia Elai Alai Dantzari Taldekoek alaituko dute, Zallo Barri parean, San Kristobal plazan eta San Frantziskon euskal dantzak dantzatuz.
Foruarrak ere sukaldari lanetan arituko dira asteburuan; izan ere, herriko IV. Paella Txapelketan elkartuko dira bihar. 14:00etan aurkeztu beharko dituzte paellak, orduan egingo baitute sari banaketa. Herri bazkarian batuko dira gero, eta Foruko Udaletik jakinarazi dutenez, mahaiak eta aulkiak udalak jarriko ditu. Etzi, bestalde, Urdaibai Dantza Taldearen dantza ikuskizunagaz gozatuko dute. Datorren eguenean, San Kristobal egunean ere hitzordua izango dute Foruan, meza eta osteko hamaiketakoagaz.
EGITARAUAK
FORUA
- Bihar.
- 12:00. IV. Paella Txapelketarako izen ematea.
- 14:00. Paellen aurkezpena eta sari banaketa.
- Ostean. Bazkaria. Mahaiak eta aulkiak udalak jarriko ditu.
- 16:00. Umeen jolasak eta herri jokoak.
- 16:00. Xaibor diskofesta.
- Etzi.
- 12:30. Meza.
- Ostean. Urdaibai Dantza Taldearen emanaldia.
- Uztailak 10, San Kristobal eguna.
- 12:30. Meza.
- Ostean. Hamaiketakoa.
GERNIKA-LUMO (AGARRE)
- Gaur.
- 18:30-20:00: Apar jaia hondartzako pilotekin, skate parkean.
- 20:00. Jaien hasierako txupinazoa.
- 20:00-22:00: Xaibor.
- Bihar.
- 10:30. Trikitilarien kalegira, Gazteak Txistulari Elkartearen eskutik.
- 11:00. Tortilla txapelketa.
- 11:00. Mus Txapelketaren finala, Lurgorri tabernan.
- 12:30-14:30. Eingo kalejira.
- 14:00. Tortilla Txapelketaren sari banaketa, San Kristobal plazan.
- 18:00. Futbito eta saskibaloi partiduak, pistetan.
- 20:00. Sardinada eta txokolatada, inguruko tabernetan.
- 18:00. Erromeria, Sukar musika taldeagaz.
- Etzi.
- 10:00. Txistularien diana.
- 11:00. Sukalki txapelketa, inguruko tabernetan.
- 13:00. Meza nagusia, San Frantzisko elizan.
- Ostean. Kopaua.
- 13:00. Elai Alai dantza taldearen eskutik, euskal dantzak.
- 13:30. Kazolak batu eta sukalki txapelketaren sari banaketa, San Kristobal plazan.
- 15:00. Herri bazkaria.
- 16:00-19:00. Umeentzako jolasak, Ure Elkartearen eskutik.
- 19:00-22:00. Musika: DJ Pako eta Iosu.