'Etxa gatza', orain artekoa gogoratzeko
Bermeoko antzerki tailerrak hamabost urte bete ditu aurten, eta urteurrena hoberen dakiten moduan ospatu dute: antzezten. ‘Etxa gatza’ obra plazaratu dute, hamabost urtetan egindakoa gogora ekartzeko ariketa gisa. Antzerkia kultura den heinean, herrietan horrentzako lekua izatea aldarrikatu dute antzerki tailerreko kideek, gainera.

Antzerkia terapia omen da askorentzat. Inklusibitatetik, denetariko gaiak lantzeko tresna bat. Baloreak sustatzeko zubi bat. Euskara ezpainetan izanik, hemendik eta hara bidaiatzeko bide bat.
Bermeon, duela hamabost urte jarri zuten lehen aldiz martxan antzerki tailerra, helburu argi bategaz: herrian antzerkiari tokia ematea, eta toki hori, urtez urte handitzen joatea. Aurten, ospakizunerako tartea ere izan du tailerrak, gainera. Hamabosgarren urteurrena betetzearen baitan diraute tailerraren parte direnak. Hala, iragan barikuan, Nestor Basterretxea eta bertan bildutako ikuslegoa txanoz, ileordez eta jai giroaren erakusle izan daitekeen edozein osagarriz jantzi zuten. Izan ere, Etxa gatza antzezlana taularatu, eta antzerki tailerraren hamabost urteak nola edo hala gogora ekarri zituzten.
Mungiako amateur topaketa, Gernika-Lumoko bonbardaketaren urteurrena, Bermeoko Galerna eta beste horrenbeste gogoratu zituzten antzerki eran, tailerraren alde on eta txarrak agerian utziz, baina beti ere, antzerkia balioetsiz. Olentzeroren laguntzaile izan zirela edota presoen aldeko emanaldian zein Astraren eta Kabidxen inaugurazioan ere izan zirela gogoratu zuten, barre artean, baina nostalgia puntu bategaz. Begirada atzera bota, eta urte hauekiko “balorazio oso ona” egin dute taldekideek.
“Gu gara gu” kantatu, aldarrikatu, errepikatu eta dantzatu zuten Bermeon, Añenak Publikoari obraren zati bat bir-antzeztuz. Jai giroa izan zen nagusi, zalantzarik barik, ikuslegoa irribarre batekin ateratzea lortu zuen antzezlanean. Batasunetik, eta batez ere, maitasunetik antzezten dutela erakutsi zuten antzezleek, eta jai giroarekin jarraitzeko asmoa dutela argi eta garbi utzi zuten. Alegia, Bermeon, antzerkiari urte asko eta asko gelditzen zaizkio, Buseletrikue antzerki tailerraren eskutik den bitartean. Hala izateko denen ahalegina beharrezkoa dela esan dute: “Proiektu polita da, eta euskara mantentzeko eta sustatzeko bide bat izan daiteke antzerkia, beste hainbat ezaugarriren artean. Gehiago bultzatu behar da euskal antzerkia; oso gutxi dago, eta dagoena mantentzeaz gain, gehiago sortu eta egin nahi dugu. Baina horretarako herritarren, udalen eta guztien laguntza behar da. Antzerkiak ez du etorkizunik, herriaren erantzunik ez badu. Eta hor, bultzada falta da”.
Etxa gatza prestatzea “bide luzea” izan dela azaldu dute. Lan asko. Ordu asko. Eta tentsio asko. “Talde oso anitza” da, eta izaera, pertsona, balio eta pentsaera desberdinak ados jartzea ez da erraza, antzerki tailerreko kideen hitzetan. Hala ere, horri buelta eman, “krisialdia gainditu” eta harremanak indartuz lortu dute urteurrena goi-goitik ospatzea, herritarrekin batera. Aniztasun horrek egiten du berezi, beraz, Bermeoko antzerki tailerra. Aniztasunak eta egunerokotasunak. “Gure klase eta antzezlanetan edozeinen bizitzaren parte diren eszenak taularatzen ditugu, jendeak horrekiko hurbiltasuna sentitzea ahalbidetzeko”, esan dute.
“Historiko bat” taularatu zuten barikuan: “Zelan sortu zen, nola biziraun duen eta gaur egunera arte heltzeko pausoak eszenaratu nahi izan ditugu Etxa gatza lanarekin”. Pentsatu eta ekin. Izan ere, hunkipenerako tartearen testigu ere izan zen Nestor Basterretxea aretoa, barre eta musikaren artean. Ikuslegoaren eta antzezleen arteko harremanak estutzeko ariketa bat izan zen, bide batez, Etxa gatza. “Talde zoro bat” direla onartu eta ospatu zuten, eta talde zoro horrek “irautea” espero dute.
Eskertzarako tartea ere izan zuten. Alde batetik, ikusleak eskertu zituzten, baita hamabost urtez tailerraren bate izandakoak ere; tailerra aurrera ateratzeko saiakera etengabeak egin dituztenekin ere oroitu ziren; eta azkenik, Eneritz Artetxeri eskerrak eman zizkioten, “ikasturte honetan zehar irakasle aparta” izateagatik.
Kutur jarduerak hauspotu
“Herri osasuntsu eta euskaltzale” bat lortzeko eta herriarekin harremanak estutzeko, “Bermeon euskara aurrera eramaten duten kultur jarduera denak” goraipatu, eta horrelakoen garrantzia azpimarratu zuten, behin eta berriz. Buseletrikue antzerki tailerrari bidea ez zaio hemen amaitzen, ordea. “Hemendik aurrera gauza asko etor daitezke”, aurreratu dute, eta ate bat irekita utzi dute etorkizuneko antzezlanentzat, ze, esan dutenez, “Buseletrikue ez da galduko. Ez da desagertuko”.
Tailerraz haratago, elkartea ere badenez, horren lana ere balioan jarri nahi izan dute: “Dirurik ez dagoenean, gauzak aurrera ateratzea zaila da. Diru laguntzak eskasak dira, eta oso mugatuta gaude. Hala ere, gure aldetik dena jartzen dugu, Etxa gatza bezalakoak herriari eta kultura ondareari eskaintzeko. Baina laguntza beharrezkoa da, eta norbera animatzeko eta jendea antzerkietara etortzeko ere bai”.
Horregatik, herritarrak tailerrera hurbiltzearen beharra lehenetsi dute; herriko antzerkiari “aukera bat ematea”. Aurreiritzi asko dago antzerkiarekiko, eta horretaz kontziente dira tailerrean. Horri ere “buelta emateko garaia” dela uste dute. Oinarria antzerkia jendearen ahotan izatea dela argi dute, eta bitarteko desberdinen bidez bultzatzea berebizikotzat dute: “Uste dugu ez dela nahikoa hitz egiten antzerkiaz, eta noski, kulturako beste hainbat alorretaz. Hori aldatzea funtsezkoa da, herrietako antzerkiek eta kulturak beharrezko hazkundea izan dezaten, eta gure moduko tailerrek ere bizia har dezaten. Kultura eta antzerkia herrietan egotea beharrezkoa da”.
Nahi duenak eman dezake izena antzerki tailerrean, eta ateak guztiz irekita dituzte tailerreko kideek: “Ume, nagusi, gizon, andre… berdin zaigu, jendea etortzera animatzen dugu. Kultura bultzatu eta ondo pasatzera. Gurekin bat egitera. Probatzera. Gozatzera”. Horretarako bidea “erraza” da. Izan ere, Berhaz bulegoaren bitartez eman daiteke izena, urritik aurrera, 2025-2026 ikasturtean tailerraren parte izateko.