Laugarren postura iltzatuta
Busturialdea Arraun Elkartea garaipenaren jokotik urrun aritu da KAE2 ligako bigarren eta hirugarren estropadetan: laugarrena izan da hala Errenterian, nola etxean, Elantxobeko 37. Banderan.

Iragan astean Astilleron eman zioten hasiera KAE2 ligari, eta joan den asteburuan txapelketak jarraipena eduki du. Bertan aritu da Busturialdea Arraun Elkartea. Elantxobeko eta Mundakako arraun taldeek osaturiko elkarteak laugarren postu bi lortu ditu asteburuko bi hitzorduetan. Zapatuan [ekainak 28] XII. Errenteriako Hiria Ikurriñan partge hartu zuten. 20.26,61eko denborarekin, Orio Orialki nagusitu zen bertan. Bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren, lehen jardunaldiko dominatzaile Hibaika Susperregik (20.35,17) eta Portugaletek (21.08,78) poltsikoratu zituzten. Busturialdeak 21.34,07ko denbora egin zuen; Lutxanak eta Laredok, azkenik, 22.00,37koa eta 22.20,95ekoa.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Oriotarrentzat asteburu paregabea izan da, biharamunean [ekainak 29], San Pedro egunez, Elantxobeko 37. Banderan ere garaipen aparta patrikaratu baitzuten; 21.52,53an biribildu zituzten lanak. Podiuma proba lehiakorra egin zuen Portugaletek (22.20,67) eta aurreko asteburuan baino kamutsago aritu zen Hibaika Susperregik (22.31,46) osatu zuen. Busturialdeak, bere aldetik, 22.38,03an gelditu zuen erlojua. Jarraian helmugaratu ziren Laredo (23.16,88) eta Lutxana (23.53,30).

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Astillero, Errenteria eta Elantxobeko lehiak atzean utzita, Orio Orialki sailkapenaren buruzagitzara pasatu da, 16 puntuko uztarekin; Hibaika Susperregik puntu bat gutxiago besterik ez du, eta Portugaletek, ostera, bi puntu gutxiago dauzka. Busturialdea urrunago dago taulan: laugarrena da, bederatzi puntugaz. Sailkapena Laredok (bost puntu) eta Lutxanak (lau puntu) osatzen dute. Datozen hitzorduei dagokienez, zapatu honetan [uztailak 5], Sestaoko 40. Kaiku estropada lehiatuko dute, 12:00etan, eta hurrengoan [uztailak 12], aldiz, Plentziako 36. Ikurriñan ariko dira, 18:o0retan hasita.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
San Juan, gura moduan.
Emakumezkoen arraun munduan ere bada albisterik: ETE liga martxan da. Zapatuan eta domekan lehiatu zituzten ligaren estreinako bi estropadak: Donibane Lohizune Ziburuko VIII. Bandera eta Portugaleteko Bandera Probisa. Bietan ala bietan, San Juan-CMO Valves taldeak ez zuen aurkaritzarik topatu. Garaipen boteretsuak lortu zituzten bai Lapurdiko, bai Bizkaiko kostaldean. Donibane Lohizune eta Ziburu arteko proban, 11.08,15ean biribildu zituzten lanak, eta Nerbio ibaiadarrean, berriz, 11.01,91n. Bi probetan talde berberek osatu zuten podiuma; Zarautz Gesalaga Okelan bigarrena izan zen, eta Kaiku Red Electrica, hirugarrena.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Ondarroa Cikautxori eta Isuntza-Elecnor-Cikautxori dagokienez, zapatuan ondarrutarrak laugarrenak (11.26,71) izan ziren, eta lekeitiarrak, berriz, seigarrenak (11.53,65). Domekako lehian, Isuntzak aurrea hartu zion Ondarroari; hurrenez hurren, bosgarren (11.32,96) eta seigarren (11.44,01) helmugaratu ziren. Sailkapen orokorrean, San Juan liderrak 34 puntu ditu, baina Zarautzekin berdinduta dago. Kaiku, 27gaz, hirugarrena da. Ondarrutarrak gaur-gaurkoz bosgarren postuan daude, 21 puntu lortuta, eta jarraian kokaturik daude lekeitiarrak, hamahirugaz.
ETE ligak lehia hitzordu bikoitza edukiko du datorren asteburuan: zapatuan Sestaoko Udalaren Bandera lehiatuko dute; domekan, VIII. Zumaiako Emakumezkoen Estropada Bandera. Lehenengoa 11:00etan hasiko da, eta bigarrenak, ordea, 10:30ean.