Ikasturteari agur esateko, ibilaldia eta ardo-dastaketa
Gernika-Lumoko Berbalagunek zapatuan eman zioten 2024-2025 ikasturteari bukaera, ohiko ibilaldiagaz eta ardo-dastaketagaz. 35 lagun bildu ziren, eta eguraldia ere aldeko izan zuten goizean zehar.

Ikasturteari amaiera emateko, 35 lagun elkartu ziren Gernika-Lumoko Foruen plazan, zapatuan, Berbalagunek antolatutako ohiko irteeran parte hartzeko asmoz. Eguraldia, gainera, aldeko izan zuten goiz guztian zehar. Ibilbidea amaitu ostean, ohitura bihurtu den ardo-dastaketaz gozatu zuten bertaratutakoek.
“Goizeko 9:00ak pasata ekin genion bideari, Oka ibaiaren hegaletik Barrutiara joan ginen. Bidean, Kortezubi eta Gernika banatzen dituen zubian, nahitaezko talde-argazkia atera genuen. Barrutiatik, Elorriagako aldapa gogorra igo, paisaia bikainaz disfratuta, eta Belendizen errepidea gurutzatu ostean, Arratzuko Loiola auzora iritsi ginen. Ordurako, nekeari beroa gehitu zitzaion. Ura edan eta atseden txikia hartuta, azken igoera egin genuen Donejakue bidetik: Elezaldetik Marmizera. Azkenik, Ajangizko Elezalde auzotik Gernika-Lumora itzuli ginen, 12 kilometroko ibilbide zirkularra eginda”, azaldu dute Gernika-Lumoko Berbalagunek.
Esan bezala, ekaineko mendi-irteera ez zen oinezko jarduerara soilik mugatu; izan ere, urteroko anoagunea ere antolatu dute oraingoan ere. Nabarmendu dutenez, oraingoan, Picasso tabernan Ramon Bilbao ardoak dastatzeko aukeraz gozatu zuten 35 lagunek: “Igor Bastek, beste behin (jada badira 14 urte), azalpen zinez interesgarriak eman zizkigun hiru ardo ezberdinen inguruan, tartean, Mar de Frades albariño ospetsua. Gure gorputz akitu zein berotuek asko eskertu zuten! Horrez gain, zenbait bertso abestu genituen giro alaiean”. Gauzak horrela, 2024-2025 ikasturteari itxiera emateko “modu paregabea” izan zela gaineratu dute antolatzaileek, eta hurrengoa ere bide beretik joatea espero dute.