Kirola nagusitu da Elantxoben eta Lumon
San Pedro jaien baitako egitarauak betetzen ari dira, besteak beste, Elantxoben eta Lumon. Hala, Sustabiz Fundazioaren ohiko herri kirolak izan dira nagusi Elantxoben, jaiei hasiera emateko helburuz. Lumon, berriz, askotariko ekimenen artean, III. Aixerrotara igoera burutu dute goizean zehar.

Sanjoanetatik sanpedroetara jauzi egin, eta ospakizunekin jarraitzen ari dira Busturialdeko hainbat lekutan. Elantxoben eta Lumon, estaerako, egun guztiko egitarauaz gozatzen ari dira, goi-goitik. Askotariko ekintzak egiteko aukerez jantzi dira biak ala biak, alegia. Hala ere, kirola nagusitu da goizean zehar, eskualdean. Horrela, Elatxoben, Sustabiz Fundazioko kideak izan dira San Pedro jaietako egitarauari hasiera eman diotenak, herri kirolak probatzeko aukerarekin.
Lumon, berriz, III. Aixerrotara igoeran murgildu dira herritarrak. Izan ere, Aixerrota edo Kosnoaga gernika-lumotarren muino bereziena da, eta Gernikako Pasealekutik aterata zein Lumotik igarota, bere 273 metroak gainditu behar izan dituzte korrikalariek. 13:00etan iatera dira partaideak, eta Pasealekuan ekin diote lehiari, Zearretara jotzeko. Lumorako galtzadara Seber Altubetik iritsi dira, eta ez Zigertatxuko aldapatik. Kilometro biko ibilbide esplosibo baina lorgarria izan da, azaldu dutenez, 260 metro positiboko desnibel metatuagaz.

Argazkia: Arrolape Mendi Kluba.
33 partaide hartu ditu lasterketak, guztira. Alde batetik, gizonezko sailkapen orokorreko lehen hiru emakumezko eta gizonezkoak omendu dituzte sari banaketan; bestetik, gazteak; neskak eta mutilak. Hala, bigarren urtez, Oriol Cardona kataluniarra izan da gizonezkoetan lehen postua jaso duena, 00:10:42ko denboragaz. Helmugara heltzen bigarrena, berriz, Julen Aranguena kortezubitarra izan da, honen denbora 00:11:30koa izanik. Hirugarren postua, azkenik, Antton Luengo gautegiz arteagarrak lortu du, 00:11:41ko denbora partikaratuz. Emakumezkoen rankinean Aluitz De Bilbao kortezubitarra izan da irabazlea, 00:14:42ko denboragaz. Bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren, Jone Oar-Arteta eta Haizea Gerrikabeitia gernika-lumotarrek lortu dituzte, bien artean 3 segundoko aldearekin; Oar-Artetaren denbora 00:16:54 izan da, eta Gerrikabeitiarena, berriz, 00:16:57. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, neska gazteen podiuma ere De Bilbaok, Oar-Artetak eta Gerrikabeitiak osatu dute. Mutil gazteena, aldiz, Peru Luengo gautegiz artearrak eta Jon Garate eta Peru Enbeita gernika-lumotarrak.
Arrolape Mendi Klubetik balorazio oso ona egin dute gaurko lasterketarekiko: “Txalotzekoa da herriko gazteak animatu izana. Jaien baitan kokatzen den lasterketa dela jakin badakigu; atzo Mundakan, eta gaur Ondarroan. Hala ere, 33 partaide izatea oso pozgarria da guretzat”. Lasterketaren helburua Gernika-Lumori beharrezko ekitaldi bat ematea dela esan, eta helburu hori bete dutela gaineratu dute, bide batez. Horrez gain, Lumoko txokoari eskerrak eman nahi izan dizkiote antolatzaileek, III. Aixerrotara igoera San Pedro jaien kartelaren baitan sartu izanagatik.







































































