Jazz musika herritarrengana hurbiltzera dator XXVII. Jazzber jaialdia
Uztailaren 2tik 4ra bitartean egingo da Jazzber jaialdia, Bermeoko Kafe Antzokian. Aurten Gorka Benitez Quartet, Cesar Vidal & Artikulation Band eta L.A.B. Trio taldeak oholtzaratuko dira, eta kontzertu guztiak doakoak izango dira.

Beste urte batez, Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak antolatzen duten Jazzber jaialdiak jazz soinuz beteko du Bermeo. Uztailaren 2tik [egueztena] 4ra bitartean [barikua], jazzaren estilo eta jatorri ezberdinak batzen dituzten taldeak entzuteko aukera egongo da Bermeoko Kafe Antzokian, 20:30etatik aurrera. Aurtengoan Gorka Benitez Quartet, Cesar Vidal & Artikulation Band eta nazioarteko L.A.B. Trio izango dira oholtzaratuko direnak. Kontzertu guztiak doakoak izango dira.
Antolatzaileek “kalitateko jazzaren aldeko apustua” egin dute, jaialdiaren xedea jazz musika herritarrengana hurbiltzea delako. “Helburua zaletasuna eta ezagutza sustatzea, eta genero horretako joera berriak ezagutaraztea da”, adierazi du Endika Etxebarria kultura zinegotziak. Halaber, jaialdia Busturialdean “ezinbesteko hitzordua” bilakatu dela azpimarratu du, kalitatezko jazzaz gozatzeko aukera eskaintzen duela nabarmenduta: “Jaialdia 27. aldira heltzeak jazzaldia, kontzertuak eta prestatutako egitaraua herrian eta eskualdean erreferente bihurtu du; plazerra da Jazzber urtero herrian izatea”.
Igor Markaida Jizz Jazz Kultur Taldeko kideak ere aurten eszenatokira igoko diren taldeen kalitatea azpimarratu du: “Beste urte batez hemen gaude, urtero bezala ahalik eta jazzaldi anitzena aurkezteko gogoz”. Aniztasun horren isla, oholtzaratuko diren taldeak hirukote, laukote eta boskoteak izango direla iragarri du. Gorka Benitez saxo-jotzaile eta flautistak, David Xirgu bateria eta Dani Perez gitarra jolea eta Abel Boquera organo jotzaileak osatzen duten Gorka Benitez Quartetena izango da lehen kontzertua, uztailaren 2an: “Proiektua Benitezen konposaketetatik hasten da; formato handiago baterako idazten hasi zen eta lau musikari itzelera moldatuta entzungo ditugu”.
Uztailaren 3an Cesar Vidal & Artikulation Band boskotearen txanda izango da, “formatu zabalago bategaz”. Cesar Vidal madrildarragaz batera arituko dira Pietro Aloi, David Gimeno, Jorge Care eta Jon Carranza musikari bermeotarra: “Hainbat aldiz izan dugu Jon Carranza Jazzberren, talde ezberdinekin; oso harro gaude”. Boskoteak jazz garaikidea lantzen du, inprobisazioa eta denbora errealean sortutako elementu elektronikoak uztartuz eta akustikoaren eta digitalaren arteko mugak lausotuz: “Soinu-esperientzia berritzaileak eskaintzen dituzte; euren musika esploratzailea, ausarta eta esperimentala da”.
Jazzberren 27. aldia L.A.B. Trio hirukoteak itxiko du, uztailaren 4an. 2024an Berlingo Jazz Institutuan sortutako taldea Leela Faudek (Berlin), Alexandre Barthalayk (Paris) eta Miháy Barnabasek (Budapest) osatzen dute, eta ikusteko “oso talde interesgarria” direla nabarmendu du Markaidak. Izan ere, taldekide bakoitzak musikarekiko dituen ikuspegi ezberdinak uztartzen dituzte; hala nola, Alexandreren grove, funk eta fusio elementuak, Barnabasen metal eta rock progresiboaren eraginak eta Fauderen musika libre eta soinu afrikubanoak.
Nadia Nemeh Bermeoko alkateak Jizz Jazz Kultur Taldeak urteetan zehar egindako lana eskertu du: “Hainbeste urtetako lanagaz jazz kultura jendearengan sartzea lortu duzue, eta hori ez gauza erraza”. Jaialdia urtero egiten dela gogoratu eta jazz musika gustuko duen eta zeozer ezberdina ikusi gura duen orori datorren astean Kafe Antzokira bertaratzeko gonbitea luzatu dio alkateak.