Hondakinen kudeaketa hobetzeko parte hartze prozesua egingo du Eako Udalak
Hondakinen sorkuntza eta bilketaren inguruko azterketa egin du Eako Udalak, eta ez ditu emaitzak onak izan. Hori konpontzeko, prozesu bat abiaraziko dute, eta lehenengo pausoa astelehenean (ekainak 30) emango dute, lan taldearen lehen bileragaz. Parte hartu gura duten guztiak daude gonbidatuta, baina izena eman behar da.

Eako Udalak hondakinen kudeaketa sistema hobetzeko eta kontzientziazioan sakontzeko parte hartze prozesua abiatuko du datozen hilabeteetan, ze hondakinen sorkuntza eta bilketaren inguruko azterketa egin ostean, emaitzak “ez direla onak” izan adierazi du: “Zabor asko sortzen dugu, ez dugu ondo sailkatzen eta zabor bilketan defizit ekonomiko handia dugu”. Ondorioz, egoerari buelta eman gura diote herritarrekin batera.
Izan ere, hondakinen kudeaketa, murrizketa eta prebentzioaren arloko plangintza zehatza egiteko beharra mahaigaineratu zuen Ea Karbono Estrategiak, eta, ondorioz, hondakinen kudeaketarako plana idazteko lehen pauso modura, azterketa bat eskatu zuen udalak. Ze, 2030erako, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planaren helburuen artean daude hondakinak murriztea eta hiri hondakinen gaikako bilketa %85era arte areagotzea; aurten, %75era heldu beharko litzateke. “Tamalez”, udal ordezkarien esanetan, aipatu helburuetatik “oso urrun” kokatzen da Ea.
Hasteko, zabor asko sortzen da herrian: azken hamarkadan, urtean 460 eta 540 kilogramo artean sortzen dituzte bizilaguneko, hondakin organikoak kontuan hartu barik. Gainera, hondakinak ez direla ondo sailkatzen ondorioztatu du azterketak: organikoa kontutan hartu barik, hondakinen gaikako bilketa %29koa izan zen iaz, eta, beraz, aurtengorako ezarritako %75etik oso urrun daude.
Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, txostena egin duen enpresak apirilaren 14an egin zuen errefusaren azterketa, eta egun hartako zakar poltsetan %36 baino ez zen errefusa; gehien-gehienak hondakin birziklagarriak ziren.
“Gainera, zabor bilketaren balantzeak ia 40.000 euroko emaitza negatiboa dauka Eako Udalaren kontuetan, eta, Europako legeen arabera, defizit hori zerora eroan beharko genuke”, onartu dute udal ordezkariek.
Hori guztia kontutan hartuta, eta egoerak bere horretan jarraitu “ezin duela” sinetsita hartu dute parte hartze prozesua martxan jartzeko asmoa. Hori bai, aldaketa posible egiteko “adostasun handiak” eta herritar guztien konpromisoa “beharrezkoa” izango dela azpimarratu dute: “Horregatik, udalak parte hartze bidez hartu nahi ditu hondakinen kudeaketaren inguruko erabakiak”. Hala, prozesua gidatuko duen lan talde bat osatzea dute asmo, baita udazkenean herritarrekin gaiaren inguruko parte hartze saioak antolatzea ere, “erabaki zabalak hartzeko helburuz”.
Lehenengo pausoa astelehenean (ekainak 30) emango dute, lan taldearen lehen bileragaz. Parte hartu gura duten guztiak daude gonbidatuta, baina esan dute beharrezkoa dela aurretiaz izena ematea, antolaketa lanak errazteko. Eta horretarako udala@ea.eus helbide elektronikora idazteko edo udaletxera joateko eskatu dute.