Harremantzeko gero eta espazio gehiago

Ikasteko ez ezik, harremantzeko espazioak dira liburutegiak, eta horretarako gune eta aukerak eskaintzen ditu Gernika-Lumoko kultur etxeak. Gainera, kulturaz era guztietara gozatzeko eta bertoko musika taldeei plaza bat eskaintzeko espazioak ere sustatzen ditu. Hala, udan ere, kultur etxearen eskutik, denetariko jarduerak izango dituzte aukeran gernika-lumotarrek.
Arbolapean.
Udalerriko musika taldeei laguntzeko eta herritarrei kulturaz gozatzeko aukera gehiago eskaintzeko helburuz, Arbolapean egitasmoa jarri du martxan beste urte batez kultur etxeak. Ondorioz, Seber Altube auditorioa musikaz beteko dute uztaileko eguenetan, 20:00etatik aurrera. Ziraunek eskainiko du lehen kontzertua hilaren 3an, 10ean Asier Zugadi ariko da, hilaren 17an Sueder eta uztailaren 24an NAZ.
Dantza ikuskizuna.
Elai Alai dantzari taldeak dantza ikuskizuna eskainiko du uztailaren 4an, 20:30ean, Auditorioan, 100 urte beteko dituela ospatzeko. Hala, urteurrena berotzen hasteko aukera izango da, eta bertan egongo dira, baita ere Gernikako Erraldoiak, eurekin dantzatzeko asmoz.
Urdaibaiko Organoak
Urdaibaiko Organoak organo jaialdiaren 21. edizioa da aurtengoa, eta organoa protagonista eztabaidaezina den kontzertu zikloaren bi emanaldi ikusteko aukera egongo da udalerrian: lehenengoa, uztailaren 25ean, 20:00etan, Mertzede parrokian, Alize Mendizabalen eskutik; bigarrena, uztailaren 31n, ordu berean, Andra Marin, Oscar Candendoren eskutik.
Libu… Terraza
Liburutegia ikaskuntzarako espazioa izateaz gain, harremantzeko, lasai egoteko edota solasean aritzeko gunea ere bada, “harreman pertsonalak eta sozialak sendotzeko ezinbestekoak”. Hala, liburutegiari bestelako irudi bat emateko, eta gazteei harremantzeko aukera hori eskaintzeko plaza sortuko dute liburutegiaren ondoko plazan, Rikardo Abaunza erakusgelako plazan, eguraldiak uzten duen bitartean.
Liburutegia kalean
Baina, ez da liburutegiaz gozatzeko aukera bakarra izango. Izan ere, liburutegia Foru plazara atera dute dagoeneko, liburutegiaz familia giroan gozatzeko edo sukaldean zein zirkuan jolasteko; irailaren 19ra arte egongo da kalean. Horrez gain, Letren Etxeak ere bere ibilbidea egingo du udalerritik, irakurtzeko, margotzeko eta jolasteko aukera eskainiz. Santa Luzia izango du lehen geltokia (uztailak 7-25), San Juan Ibarra ostekoa (uztailak 28-abuztuak 8) eta Lorategieta azkena (abuztuak 19-29).
Luis Iriondo
Kalerik kale egiten den Luis Iriondo pintura lehiaketa egingo dute uztailaren 27an. Urterik urte gero eta jende gehiago biltzen du, eta txoko guztietan ikusiko dira margolariak aurten ere.
Erakusketak
Jarduera ezberdinez gain, denetariko erakusketak egongo dira aukeran, udan: Triskantzatik esperantzara kultur etxean; Photoka elkarteak bonbardaketaren urteurrena dela eta antolatutako ikus-entzunezko erakusketa, Ricardo Abaunza erakusgelako pantailan; arte tailerretan egindako lanen ikus-entzunezko erakusketa udal liburutegiko erakusleihoan; Gernikako jaietako kartelen erakusketa Elai Alai areto txikian; eta Artearen Ibilbidea kaleko erakusketa, abuztuaren 9tik 25era, Domingo Alegria plazan.