Barreari buruz hausnartzeko kale ikuskizunak hartuko du Eako frontoia
'Baubo' kale ikuskizuna Eara ailegatuko da zapatuan (ekainak 28): 19:00etan frontoian jarri dute hitzordua. Barreari buruz hausnartzera gonbidatuko ditu herritarrak, bufoikeriaren eta zirkuaren lengoaia erabilita eta zuzeneko musikak lagunduta.

Baubo kale ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute zapatuan eatarrek; 19:00etan frontoian jarri dute hitzordua, ondo pasatzeko eta hausnartzeko ikuskizuna izango baita Baubo Vasca konpainiak eskainiko dutena.
Baubo izeneko bufoi mitologikoak Ean egingo du geldialdia bere dantza “grotesko, sendatzaile eta neurrigabeekin” mundua hankaz gora jartzeko. Zuzeneko musikak lagunduta, ikusleak gonbidatuko dituzte euren desiorik intimoenei eta euren arteko harremanei buruz hausnartzera, “barru-barruko desioetatik hasi eta azalekoeneraino”, betiere barrea eta aukera desberdinak ardatz hartuta, umoretik, barretik, isekatik, zentzu bikoitzetik, ironiatik edota eromenetik. Bufoiak bere intimitatearen berri emango du, begiratzen duen horren intimitatea ezagutzeko, bere “ahuleziak erakutsiz”.
Estilo “groteskoa” daukan ikusizuna dela diote sortzaileek: “Groteskoa da ikuskizuna inguratzen duen estetika osoa, kobazulo baten antza duen egituratik hasita eta Euskal Baubora arte, bere keinu, janzkera eta gorputzetan”.
Izan ere, proiektuaren helburu nagusia da barreari buruz hausnartzea, “bereziki emakumeen barreari buruz”. Eta, horretarako erabiltzen dituen lengoaiak zirkua eta bufonada direla diote, musikariek interpretatuko duten musikaz gain; txalaparta erabiltzen dute asko, baina beste soinu elementu eta instrumentu batzuk ere erabiliko dituzte.