"Arrakastatsua" izan da hirugarren Berton Azoka
Berton Bermeoko merkatarien elkarteak Berton Azoka antolatu du asteburuan Frantziskotarren klaustroan, eta "pila bat jende" bertaratu da. Antolatzaileak "pozik", datorren urtean errepikatzeko prest agertu dira.

Denetariko ekintzaz beteriko asteburuaz gozatu dute bermeotarrek. Zapatuan izan zuten egun handiena, Marabiyak kolektiboaren Solar Sound System kalejira, Dantz Point ekimena eta Berton Azoka izan zituztelako aukeran. Kalejira jasangarriagaz hasi zuten eguna, Frantsizkotarren klaustroaren aurrean, gero musikaren erritmora herriko solar eta plazetatik joateko. Frantziskotarren klaustroa izan da zapatu [ekaina] eta domekan ere Bermeoko komertzioen erakusleiho, bertan egin baitute Berton Azoka. Berton merkatari elkartetik “pozik” agertu dira azokak utzitakoagaz, eta hirugarren aldia “arrakastatsua” izan dela adierazi dute.
Must kooperatiba txikiak antolaturiko Solar Sound System ekimenagaz batera zabaldu zuten azoka: “Kalejiran aritzeko batu eta gurekin hasi zuten, klaustroan. Horrek azokara jendea erakarri zuen , gero eurekin joan baziren ere”, adierazi dute Bertonetik. Merkatariekin elkartu eta asteburuak utzitakoaren balorazio sakonagoa egitea falta badute ere, asteburua “nahiko ondo” joan dela aurreratu dute, “pila bat jende” bertaratu baitzen. Eguraldia ere positiboki eragin zuela uste dute antolatzaileek: “Zortea izan genuen, ez zuelako horren eguraldi ona ere egin, bestela jendea hondartzara joango zen; lainotuta egon zenez, baina, jendea kalera irten eta azokatik pasatuz zen”.
Azokan merkatari elkartearen parte diren “14 edo 15 komertzio” elkartu ziren, klaustroko espazioa mugatua zelako: “Balea Kafetegia kanpoan jarri genuen eta komertzio bat edo bi kanpoan geratu ziren”. Antolatzaileek umeentzako puzgarriak eta gastrogunea jarri zituzten Taraskan, txalaparta eta musikaz girotuta, eta horrek ere ume, gazte zein helduak erakarri zituen azokara. Asteburua, gainera, aurten erretiroa hartuko duten merkatariak omentzeko aprobetxatu zuten.
Bertonetik asteburua “ondo” joan dela ospatu eta datorren urtean berriro antolatzeko prest agertu dira: “Ekainean izango da; urtero hilabete horretan egitea pentsatu dugulako”. Hala, datozen egunetan merkatariekin elkartu, horien balorazio sakonak, proposamenak eta iradokizunak jaso eta hurrengo edizioan pentsatzen hasiko dira.