Anartz Villanuevak irabazi du Warhammer 40k-ko Bizkaiko Open lehiaketa
Bermeoko Rol Eskola Elkarteak Warhammer 40k Bizkaiko Open lehiaketa antolatu zuten zapatuan [ekainak 21], 24 parte hartzailegaz. Anartz Villanueva bermeotarra izan zen txapelketako onena.

Warhammer zaleak azaroan Atlantan (AEB) lehiatuko den Warhammer 40k banakako Munduko Kopari begira daude dagoneko; trebeenak, bestalde, bertan izateko ilusioz, Golden Ticket bat eskuratzeko lehiaketetan murgilduta dabiltza. Sailkapena lortzeko bideetako bat Iberian Opena da, lau txapelketa handi dituena; bestalde, sarbidea ematen duten beste “torneo txiki asko” ere badaude, sailkapen orokor batean puntuak lortzea ahalbideratzen dutenak. Torteo txiki horietako bat lehiatu zuten zapatuan [ekainak 21], Bermeon eta Bermeo Rol Eskola Elkartetik (BREE) pozik daude Bizkaiko Openaren bigarren aldiak utzitakoarekin: “Beste urte batez, arrakastatsua izan da”. Anartz Villanueva bermeotarra eta BREEko kidea izan zen onena, eta Alvaro Toca asturiarrak eta Guillermo Lopez madrildarrak osatu zuten podiuma. Torneo txiki guztietako sailkapen orokorreko lehen zortziak beste torneo batera sailkatuko dira, eta irabazleak beste Golden Ticket bat bereganatuko du.

Argazkia: Bermeoko Rol Eskola Elkartea
Elkartearen lokalean egin zuten txapelketak hango eta hemengo 24 parte hartzaile elkartu zituen, hasiera batean gehienezko parte hartzaile kopurua 20 pertsonan finkatu bazuten ere: “Gehienak hurbilekoak izan ziren, etxekoak edo autonomia-erkidego mugakideetakoak, Kantabriak, Asturiasekoak… Errioxa, Gaztela eta Leon eta Madrildik ere etorri ziren batzuk”. Denak ala denak “oso pozik” atera zirela nabarmendu dute, besteak beste banatu zituzten sariak “oso onak” izan zirelako: “Sariei arreta jartzen diegu, eta beti banatzen ditugu sari onak; aurtengoak baina, onegiak izan direla ere esan daiteke”.
Warhammer Fantasy. Azken hilabetean Warhammer unibertsoari lotutako hiru txapelketa hartu ditu Bermeok: taldekako zein banakako Warhammer 40k txapelketak eta Warhammer Fantasyko bigarren The Old War Bermeo lehiaketa. Azken horretan ere “giro itzela” egon zela nabarmendu dute elkartetik: “Warhammer Fantasyak ez du 40k duen antolakuntza landua, ez dago sailkapenik, ez munduko txapelketarik ez ezer, lagunartekoa izan zen, oraindik hasten dagoelako”.