Lau proba eta hiru urrezko domina
Inma Ruiz atleta gernika-lumotarrak hiru urrezko domina poltsikoratu ditu master mailako aire libreko Espainiako Txapelketan. Asteon Euskadiko Txapelketa lehiatuko du, Durangon.

Asteburu biribila izan da joandakoa Inma Ruizentzat. Atleta gernika-lumotarrak master mailako aire libreko Espainiako Txapelketan parte hartu zuen iragan zapatuan [ekainak 21] eta domekan [ekainak 22], La Nucian (Valentzia), eta egundoko emaitzak patrikaratu zituen: parte hartutako lau probetatik hirutan garaipen sendoak lortu zituen.

Argazkia: Inma Ruiz.
Zapatu goizean ekin zion Ruizek lehen probari, 400 metrokoari. Ez zuen egiteko errazik eduki, gernika-lumotarra pistaren seigarren kalean irten baitzen: “Ez nuen erreferentzia handirik, baina lortu nuen neure lasterketa egitea, eta ondo atera zen”. Proba esplosiboa izanda ere, lasterketaren azken 100 metroetara bakarrik iritsi zen, eta nahieran irabazi zuen, 1.11,68ko denboragaz. “Ehuneko gutxi batzuk falta izan zitzaizkidan, orain arteko neure markak gainditzeko”, azaldu du.

Argazkia: Inma Ruiz.
Zapatu arratsaldean eta domeka goizean lehiatu zituen, hurrenez hurren, iraupen erdiko lasterketa biak. Zapatuan, 1.500 metroko lasterketan neurtu zituen indarrak. Proba hartan ez ziren “hain esplosibo” irten, baina lehen metroetatik lasterketaren burua hartu zuen. Bere erritmo propioa eta lehen postuaren ardura hartuta, 5.28,20ko erregistroa sinatu zuen helmugan. “Parte hartzeari dagokionez, mailarik handieneko proba izan zen, baina azkenean lehiakide denekiko alde esanguratsua lortu nuen”, argitu du Ruizek. Domeka goizeko 800 metroko lasterketan, ordura arteko estrategia berbera baliatu zuen gernika-lumotarrak: hasieratik amaierara agintea hartzea. Ez nuen arazorik eduki, asteburuko hirugarren urrezko domina eskuratzeko; 2.42,17an gelditu zuen erlojua.

Argazkia: Inma Ruiz.
Domekan, jarraian, “inongo presiorik gabe” lehiatu zuen 200 metrokoa: “Batetik, ordurako lanak ondo eginak nituen, eta helburuak beteta; bestetik, 200 metroak ez dira neure atleta ezaugarrietara gehien egokitzen den distantzia, eta banekien garaipena ia-ia ezinezkoa zela”. Gozatzeko asmoz atera zen, azken esfortzua egiteko helburuz, eta zazpigarren postua lortu zuen, 35,64ko denbora eginda.
Inma Ruiz: “Banekien alde fisikotik oso ondo iritsiko nintzela, baina Espainiako Txapelketan beti egon ohi da maila oso handia, eta, horrenbestez, benetan pozarren nago”
Txapelketaren balorazioa “ezin hobea” da gernika-lumotarrarentzat: “Banekien alde fisikotik oso ondo iritsiko nintzela, baina Espainiako Txapelketan beti egon ohi da maila oso handia, eta, horrenbestez, benetan pozarren nago”. Atsedenerako tarte barik, Euskadiko Txapelketan ariko da datorren asteburuan, Durangon: “1.500 metroko lehian ariko naiz. Oso ondo datorkit proba hori lehiatzea, aste bi beranduago aire libreko kluben arteko Espainiako Txapelketara joango naizelako, eta han ere egun berean 1.500 eta 800 metroetan lehiatuko dudalako”.