LABek salatu du Osakidetzako Zuzendaritzaren "aurreikuspen ezak" larriagotu duela Gernikako larrialdietako krisia
"Berehalako eta benetako erantzuna" eskatzen du LABek: langileak indartzea, epe luzerako plangintza egitea eta osasun publikoarekin eta langileekin konpromiso sendoa hartzea.

“Usansoloko eta Gernikako larrialdi zerbitzuek bizi duten egoera larria Osakidetzako Zuzendaritzak aurreikuspenik, antolaketarik eta erantzuteko borondaterik ez izatearen ondorio zuzena da”. Argi salatu du LAB sindikatuak Usansoloko eta Gernika-Lumoko larrialdi zerbitzuek bizi duten egoera, eta “berehalako eta benetako” erantzuna aldarrikatu du. Zerbitzua langileekin indartzea, epe luzerako plangintza egitea eta osasun publikoarekin zein horri egunero eusten dioten horiekin “konpromiso sendoa hartzea” eskatu diote Osakidetzako Zuzendaritzari.
Izan ere, diotenez, “bereziki kezkagarria” da Gernikako egoera, larrialdi zerbitzuaren irekiera kolokan dagoelako. “Zuzendaritzak aukera hori publikoki ukatu duen arren, irtenbide zehatzik ez izateak eta etengabeko inprobisazioak arduragabekeria larria islatzen dute. Profesionalak egoera etsian daude, baita ohiko esparrutik kanpo ere, estrategia sendo eta iraunkor bat ezarri beharrean”.
Uda iristeak “are larriagoa” egiten du “kritikoa den egoera”, eta zuzendaritzak oraindik ez duela erakutsi sistemaren premien “benetako ezagutzarik” diote, ezta arazoari errotik aurre egiteko borondaterik ere: “Langileak indartzeari eta epe ertaineko plangintzari lehentasuna eman beharrean, modu erreaktibo eta deskoordinatuan jarduten jarraitzen du”. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko herritarrei oinarrizko arreta emateaz harago, azpimarratu dute uda sasoian biztanleria “izugarri” hazten dela eta, horrenbestez, larrialdi zerbitzua etengabe martxan egotea “ezinbestekoa” dela.
Sindikatuak salatu du egungo egoera “urteetako murrizketen, kanporatzeen eta irizpide ekonomikoetan bakarrik oinarritutako kudeaketaren” ondorio zuzena dela: “Badira bi urte baliabide falta salatzen ari garenez geroztik; hain zuzen, duela urtebete kalera atera ginen, egoera salatzeko. Ordutik, ospitalearen gabezien aldarrikapenak etengabeak izan dira.
“Zuzendaritzak ez die jaramonik egin langileen eta sindikatuen ohartarazpenei, eta egiturazko neurriak hartu beharrean, gainkarga eta higadura profesionala larriagotzen duten aldi baterako konponbideak aukeratu ditu”.
Gogoratu dute lantaldeak aspalditik ari direla euren “noraezaz ohartarazten eta aldaketak eskatzen“. Hala, argi utzi dute, batetik, ardura “ez dela langileena”: “Ospitaleko ardursdunek aspalditik dakite arazoa zein den, eta egiturazko neurriak beharrezkoak direla”. Bestetik, Osakidetzaren zuzendaritzari eskatu diote geroz eta handiagoa den laguntza eskariari erantzun ahalko dion “lantalde egokia” bermatu dezala, “kalitatezko arreta ziurtatzeko gai izango dena”. Hala, LABek gehitu du gaurko egoera ez dela ezustekoa, “baizik eta asistentzia errealitatetik deskonektatutako kudeaketa ez eraginkor baten emaitza zuzena dela”.
Urteetan zehar osasun sistema publikoa “ahultzen” joan dela uste du sindikatuak, “murrizketetan eta pribatizazioan oinarritutako kudeaketa eredu baten ondorioz”. Hala, giza baliabideen plangintza egokirik “ezak” eta egiturazko neurri “eraginkorren faltak”, apurka-apurka zerbitzuen “kolapsoa” eragin dutela diote, “bereziki larrialdi zerbitzuetan”.
Asistentzia presio horren igoeraren aurrean, langileak aparteko orduen bidez “gainkargatzea” izan dela zuzendaritzaren erantzun “bakarra” jakinarazi dute, “benetako konponbiderik eman barik eta plantillak behar bezala indartu barik”. “Adabakiak jartzeko estrategia horrek, arazoak konpontzetik urrun, ezinegon sakona sortu du profesionalen artean, aspalditik estresa, higadura emozionala eta desafekzioa jasaten dituztelako”.
Larrialdi-zerbitzuan, errealitate hori Laneko Osasunera eraman dela jakinarazi du sindikatuak, eta laneko osasun-azterketak egin ondoren, txosten bat helarazi duela langileen zuzendaritzara. “Emaitzak direnak izanik, Zuzendaritzak ez du neurri sendorik hartu, eta ez du langileen ongizatearekiko eta arretaren kalitatearekiko konpromisorik erakutsi”.