Jai giro bete-betean ari dira ospatzen sanjoanak

Urteko egun luzeenetan murgilduta, garaiari dagozkion jaiak ospatzen dabiltza Busturialdeko herritarrak: sanjoanak. Pentsamendu txarrak uxatu eta onak ekartzeko eskatzeko tartea hartzen dute askok ekainaren buelta honetan, eta hori jai giro bete-betean sartuta egiten dute askok eta askok. Izan ere, herriko jai nagusiak ospatzen dabiltza batzuk, eta auzoetako jai giroan ari dira beste batzuk.
Hala, jaietako ospakizunez betetako asteburua izan da han-hemengoa. Herriko jai nagusietan herri bazkariak, jolasak eta musika kontzertuak izan dira nagusi. Esaterako, parrandarako aitzakiarik ez dute behar izan Ean. Bariku arratsaldean eman zieten hasiera festei Kaiarrian. Ikurrina hango mastan altxatu zuten, ospakizuna abiatu zuten seinale, eta horrela dirau. Ordutik etenik barik ibili dira, musikaz eta lagunarteaz gozatuz. Arteagako abesbatzagaz, Patxangoi elektrotxarangaz eta Jose Mendizabalen emanaldiagaz gozatu zuten barikuan, eta herri bazkarian bildu ziren 83 lagun inguru zapatuan. Hala ere, herritar horiei gehiago batu zitzaizkien iluntzeko poteo musikatuan, eta ostean ere, Eztandap eta Iraultza erromeria izan zituzten aukeran.

Eako San Joan jaietako herri bazkaria.Ieko Jai Batzordea
Baina, herrietan ez ezik, auzoetan ere jai handiak dira sajoanak. Herrietako jaietan modura, herri bazkari eta osteko jolasetan bildu ziren nagusienak zein txikienak Kanpantxun, Errigoitiko Sallobanten, Markina-Morgako Ganben eta Ibarruriko Ajurian. Hala ere, ekintza gehiago izan zituzten aukeran.
Esaterako, Kanpantxun, magia ikuskizunaz, eta ume zein nagusien esku pilota partiduez gozatu zuten. Sallobanten, asto eta idi probak izan zituzten aukeran, eta Obieta aita semeen musika ere bai. Morgan, aldiz, sardinak eta txokolatea dastatu zituzten, eta, Ajurian denetarik izan zuten: umeen pilota partiduak, San Joan suen inaugurazio ekitaldia Basotxoritxu Dantza taldekoen eta Oxygastra Curtisii antzerki taldekoen eskutik eta batukada. Mendatako Ganben, berriz, meza osteko musika giroak alaituta igaro zuten eguna domekan.
Gernika-Lumoko San Juan Ibarra bete egiten da sanjoanetan, eta aurten ere berdina gertatu da. Barikuan 14. aldiz Segundo Olaeta Musika Eskolakoek eskaini zuten kontzertuagaz abiatu zituzten festak. Musika eskolako Banda Sinfonikoko 50 musikari igo ziren oholtzara, baita 8 abeslari ere, eta Ross dantza eskolako eta Elai Alai Dantzari Taldeko lagunak ere bertan izan ziren. Ikusleek, bien bitartean, errepertorio zabal eta anitzaz gozatu zuten, Extremoduro, SKA-P edota Bon Joviren abestiak entzuteaz gain, Euskal Herriko rock talde emankorrenek sorturiko kantu ikonikoenak ere entzun baitzituzten.
Zapatuan eta domekan, gainera, barbakoaz, umeentzako tailerrez eta apar jaiaz bete zen gunea, eta diskofesta izan zuten aukera, domekan.

Umeen zesta-punta partidua, Ajurian.Ajuriako Jai Batzordea
Zelan ez, gaur (ekainak 23), suek hartu zuten protagonismoa. Denetariko jarduerak eta ekitaldiak antolatu dituzte han eta hemen, horietako asko tradizioari guztiz lotuta.
Horiez guztiez gain, jai giroak ez du etenik izango egunotan, oraindik ez baitituzte festak agurtu sanjoan jaietan. Bermeoko Arenen ere, txosnaren irekieragaz abiatuko dituzte ospatzekoak gaur, eta bazkari herrikoan bilduko dira bizilagunak. Bertan, umeentzako jolasak eta Trikitizio erromeriak biribilduko du eguna. Berezia izango da festa, ze auzoko jaiak berreskuratu dituzte aurten.
Ean ere egunik berezienaren esperoan daudela igaroko dituzte gaurko eta biharko egunak, etzi jaia Erreka Egunean goi-goitik amaitzeko asmoz.