Gernika BHIk bi sari jaso ditu Urruzuno lehiaketan
A kategoriako prosako zazpigarren saria eta ikastetxeen laugarren saria jaso ditu ikasturte honetako Urruzuno lehiaketan Gernika BHIk. Euskal Herriko ikastetxeen arteko lehiaketa literario esanguratsuena izanik, "azken 5 urteetako ildo berean jarraitzea" espero dute institututik.

Beste behin, Gernika BHI saritua izan da Urruzuno literatur lehiaketan; bi sari lortu ditu aurten, hain zuzen. Barikuan (ekainak 20) Donostiako Miramon jauregian egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta Gernika BHIkoak bertan egon ziren. Urruzuno lehiaketa Eusko Jaurlaritzak antolatzen du, eta Euskal Herriko ikastetxe eta eskola arteko lehiaketa literario esanguratsuena da.
Urruzuno lehiaketako antolakuntzatik jakinarazi dutenez, saria bost eguneko egonaldia izango da. Egonaldi horretan, idaztearekin zerikusia duten lanketak egiteaz gain, hainbat euskal artista gertutik ezagutzeko aukera ere izango dute saridunek, baita Euskal Herriko hamaika leku ere. Gainera, saridun bakoitzak diploma bana jaso zuen barikuko ekitaldian, eta euren lanak Sagastiberri izeneko bilduman argitaratuko direla aurreratu zuten.
A eta B kategoriatan eta bi arlotan banatzen da lehiaketa. A kategorian Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloko ikasleek parte hartu dezaketen heinean, B kategorian DBH3 eta 4ko ikasleek parte hartu dezakete. Prosa eta poesia arloak ere bereizten dira lehiaketan, ikasle bakoitzari nahiago duena aukeraketzea ahalbidetuz.
Gernika BHIk, esan bezala, bi sari jaso ditu. Alde batetik, A kategoriako prosaren zazpigarren saritua izan da Araitz Bastegieta Bidaguren gernika-lumotarra, Aurkitu bidea idazlanarekin; bestetik, ikastetxe sarituetako laugarren saria ere jaso du Gernikako institutuak. Institutuko Hizkuntza Normalkuntza Proiektuko kideek, ikasleekin literatura, idazkera eta sorkuntza lantzen jarraituko dutela adierazi dute. Gainera, “azken 5 urteetako ildo berean jarraitzea” espero dutela ere azaldu dute, Urruzuno lehiaketako kategoria desberdinetan sariak lortuz.
Lau hamarkada. 1986an banatu zituen lehen aldiz Urruzuno sariak Hezkuntza Sailak; 2024-25 ikasturtean, 40. aldira heldu da sariketa, eta Mikel Allyon, Itxaro Borda, Miren Gorrotxategi, Iratxe Retolaza eta Patxi Zubizarreta idazleak izan dira epaimahaikideak.