Doinuek koloreztatuko dituzte Astra iluntzeak
Etzi [ekainak 25] bueltatuko dira Astra Iluntzeak, eta uztailaren 30era arte eguaztenero —uztailaren 23an salbu— entzungo dira doinuak kulturarako fabrika sozialean. Aurtengo kartela herriko zortzi eragileren artean osatu dute.

Udako eguzkia jaisten hasten den ordu horretan, eguaztenetan, 20:00ak inguruan, Astra Iluntzeetako koloreek hartzen dute izpi horien lekukoa. Udako iluntzeak, lagunak, musika eta jana dira iluntzeetako osagai nagusiak, eta horiez guztiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek etzi (ekainak 25) hasi eta uztailaren 30era bitartean, eguaztenero, uztailaren 23an salbu.
Aurten zortzi eragilek elkarlanean prestatu dituzte uztailaren amaierara bitarteko lau iluntzeetako ekitaldiak. Asko dira Astran egunerokotasunean espazioa elkarbanatzen duten kultur talde, kolektibo politiko zein ikastaroak, eta elkarregaz antolatu dituzte oraingoan ere, udako eguzten arratsaldeetako zitak. Autogestioan oinarritutako kultura hori aldarrikatu eta praktikatzen dute, eta horren adibide dira Astra Iluntzeak. Hala, denon kultura sustatzeko lanean aritu dira oraingoan Lilibertso, Sare, IA, Itaia, GKS, Egurre, Mobidu eta Ernai.
Ikasturteko egitarau zabala amaituta, urteroko esentzia izaten segitzen duten ekitaldiak prestatu dituzte udalerriko eragile politiko eta kultur taldeek udarako, eta horren erakusle den egitaraua prestatu dute; izan ere, kultura “beharrezkoa” dela erakutsi gura dute beste urte batez. Hain zuzen ere, kultur diziplina ezberdinak uztartuko dituzte aurtengo egitarauan: bertso saioa, kontzertua, arte emanaldia eta dja, eta bakarrizketak.
Hala, lehenengo hitzordua eguaztenekoa izango da: Sare eta Lilibertsok antolatutako bertso saioa. Bertan ariko dira bertsotan Uxue Alberdi, Iker Uriarte, Beñat Bilbao eta Ane Labaka.
Iluntzeek harrera ederra egingo diote udari, eta herritarrei kulturarako fabrika soziala bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek. Gerturatu, gozatu eta izan proiektuaren parte.
Egitaraua.
- Etzi, ekainak 25. Bertso saioa. Antolatzaileak: Lilibertso eta Sare.
- Uztailak 2. Kontzertua. Antolatzaileak: IA, Itaia, GKS eta Egurre.
- Uztailak 16. Arte emanaldia eta DJa. Antolatzaileak: Ernai.
- Uztailak 30. Umorezko bakarrizketak. Antolatzaileak: Mobidu.