Aitor Bizkarra, Argi Baltza sariketako irabazle
Bigarren postua Asier Galarza muxikarrak lortu du, eta hirugarrena, Maider Arregik. "Goi mailako saioa" izan dela nabarmendu, eta seigarren edizioa egiteko asmoa dutela aurreratu dute Lilibertsokoek.

Aitor Bizkarrak irabazi du bosgarren Argi Baltza sariketa. Sei bertsolarik osatu zuten ekainean zehar gauzatu den Lilibertsok antolatutako bertso lehiaketaren finaleko argazkia. Bizkarra, June Aiestaran, Maider Arregi, Koldo Gezuraga, Asier Galarza eta Jon Gurrutxaga izan ziren zapatuan [ekainak 21], Muxikako Urretxindorra Herri Eskolan, bertsotan. “Goi mailako” saioa izan zela nabarmendu dute Lilibertsokoek: “Orokorrean, txapelketaren balorazio oso ona egiten dugu. Zapatuan, bereziki, aurreikuspenak bete genituen; 80 lagun inguru bildu ginen, eta giro aparta nabari zen Muxikan”.
Bigarren postua etxekoarentzat izan zen, Galarza muxikarrarentzat, hain zuzen. Hirugarren postua, berriz, Arregik eskuratu zuen. Hala ere, antolakuntzatik argi esan dute “maila oso altua” izan zuela saioak, eta bertsolari guztiek. “Gai anitzak” jorratu zituzten Argi Baltza sariketaren finalean. Lan gatazkak, biktima desberdinen aitortzea, armagintza eta gazte asanbladen lana izan ziren erdigunera ekarritako gaietako batzuk, eta aitortu dutenez, “hamarreko saioa” izan zen.
Berezitasun gisa, txapela Ander Elortegi Lilibertsoko kide eta bertso irakasleak jantzi zion Bizkarrari: “Eskualdeetatik ibiltzen den bertso irakasleetako bat da Elortegi. Gure sariketak, gainera, Jon Lopategi omentzen du; izan ere, Busturialdeko bertso irakasle gisa ezagutzen zen Lopategi. Esan dezakegu, Elortegi bere ondorengoa dela. Gainera, bere ikaslea ere izandakoa denez, berak jantzi zion Bizkarrari txapela”. Horrez gain, gehitu dute aurkezle lanetan Onintza Enbeita aritu zela, eta hori beraientzat “plazer bat” dela.
“Jendearen erantzun ona” ikusirik, seigarren edizioa ere aurrera eramango dutela esan dute Gernika-Lumoko Lilibertso eskolakoek. “Printzipioz, gure asmoa urtez urte sariketarekin jarraitzea da. Eskualdeko mapan leku polita betetzen duela iruditzen zaigu. Gure bertso eskolakoei zein beste batzuei saioak eskaintzeko aukera bat da, eta zerbitzu oso ona dela uste dugu”, gaineratu dute.